«MANDARIN ZAHARRA» DELA ETA

Aitzinsolas izan behar zukeen gutuna

 

«Revue Universelle»ko

Idazlari Jauna.

        Portugaleko gaur egungo literatur mugimenduaren ideia bat eman nahi izan diezu, Jauna, «Revue Universelle»eko irakurleei, eta «Mandarin zaharra» hautatzeko ohorea egin didazu, ipuin fantasiatsu eta fantastikoa, non aspaldiko garaietan bezala, deabrua agertzen den, lebitaz jantzia bada ere, eta mamuak, nahiz eta oso intentzio psikologiko onekoak izan. Oso obra xumea aukeratu duzu, Jauna, eta gure literaturako korronte modernotik sobera aldentzen dena, zeina azken urteotan azterlaria eta esperimentala egin baita; eta hala ere obra honek, ametsen alorrekoa izateagatik, eta ez errealitatearenekoa, asmatua delako eta ez ikusia, leial erretratatzen du, ene iritziz, izpiritu portugesaren joerarik natural eta berezkoena.

        Zeren, gaur egungo gure literatur gazteria osorik, eta baita Erromantizismotik ihes egindako zenbait zaharrago ere, pazientzia osoz Natura aztertzera emanak egon arren, eta ahalegintzen badira ere errealitate bizia ahalik kopururik handienetan liburuetara eramaten, hemen, munduaren bazter eguzkitsu honetan, barrenetik oso idealistak eta lirikoak izaten jarraitzen baitugu. Grinatsuki maitatzen dugu, dena urdinean bilduaz; esaldi eder bat atseginago izango zaigu beti, nozio zehatz bat baino; fabulazko Melusinak, giza bihotz irensleak, askoz gehiago liluratuko ditu beti gure irudimen zentzagaitzak, madame Marnesse guztiz gizatsuak baino, eta fantasia eta bokantza hartuko ditugu beti gizaki gorenaren ezaugarritzat, benetako ezaugarri bakartzat. Baldin suertez, Portugalen Stendhal irakurriko balitz, ez litzaioke inori gustatuko; beregan zehaztasuna dena, guretzat antzutasuna litzateke. Ideia justuak, laburki adieraziak, ez zaizkigu interesatzen; gu txoratzen gaituztenak gehiegizko zirrarak dira, hizkera plastiko arranditsu batean emanak.

        Horrela hezitako izpirituek derrigor sentitu behar dute halako hoztasun bat, errealitate, azterketa, esperimentatze ziurtasun objektiboa den guztiarekiko. Erakartzen dituena fantasia da, dituen forma guztietan, abestitik karikaturaraino; horregatik artean, batez ere lirikoak eta satirikoak eman ditugu. Edo, izarretara begiak jasorik egoten gara, gure bihotzetako zurrumurruari zeruetara altxatzen utziz, edo inguratzen gaituen munduaren gainera begiratua eraisten badugu, mingostasunez barre egiteko da. Zirrara-gizakiak gara, ez arrazoibidezkoak.

        Badakigu abesten, txantxak egiten ere bai batzuetan, baina ez azalpenak ematen. Horregatik ez dago kritikarik Portugalen. Eta horregatik eleberria eta drama ere, azkeneko garaiok arte, olerki eta bokantza obrak izan dira; batzuetan filosofiazko eztabaidak, eta beste zenbaitetan eresi sentimentalak. Gizarte edo giza errealitate orotatik kanpo zeuden obra horietako gertaerak. Pertsonaiak, hegoak lebitapean gordetzen zituzten aingeruak ziren, edota bestela, munstro irudizkoak, Satanen eredu zaharrez eginak, inoiz ere ez gizonak. Idazkera aberats eta metaforiko batek lorez eta kukurrez estaltzen zuen hori dena. Autore dramatikoek, eleberrigileek, eren lanak sortzeko, ez zeukaten, gure ilargi beteko gau ederretan urretxindorrak kantari jartzen dituen horditasun birloratu moduko horretara abandonatu besterik, eta bertatik, ikuslegoa txunditurik gelditzen zen. Antzezlana, erretorikaren dirdaiaren arabera juzgatzen zen.

        Honek ezin zezakeen jarraitu, batez ere eboluzio naturalistak Frantzian irabazi eta gero, eta bazirudien arte kontuan, ideien zuzendaritza zientzia esperimentalaren eskutan egon behar zuela. Zeren Frantzia imitatzen baitugu, edo imitatu papera egiten, denean; gure legeen izpiritutik hasi eta gure ehiztarien formaraino; hartaraino non, atzerritar batzuentzat gure zibilizazioak, batez ere Lisboan, bezperan Bordeletik, Mandataritza baporean, kaxatan iritsia dela ematen baitu. Halaz eta guztiz, naturalismoaren aurretik ere, gure arteko zenbait izpiritu gaztek ulertua zuten jada, herri bateko literatura ezin zitekeela beti sorgor egon, bere inguruan lana egin eta sufritzen zuen benetako munduarekiko. Hodeietara apartatuz, estilo ederkeriak zizelatzen saiatzean, bitxikeria merke bat bihurtzeko arriskua zuen gure literaturak, gizarte bizi baten erdian. Beraz, beren buruari ezarri diote ausarki, zerura ez baino, kalera so egiteko zeregina. Nahiz eta —beharrezko ote esatea?— eginkizun noble hori ez den egiten arrazoiaren joera naturalari jarraiki, baizik eta literatur eginbehar batek bultzatuta, ia-ia eginbehar publiko batek, esango nuke. Letra portuges modernoen ohoretan, ahalegintzen ziren oharpen eta gizatasun ugari sartzen beren idazlanetan; baina gertatzen zen, auzokoa hain xeheki aztertzean, —errenta zale edo burokrata txikiren bat— garai joanen hutsunea nabaritzen zela, zeinetan zilegi baitzen, zaharkitutzat joa izan gabe, guda jantzi distiratsuak zituzten zaldun lerdenei abestea. Fantasiaren basoak zeharkatzen zituzten alderraitza idealen denborak iraganak ziren, horra! Artea ez zen jada, ametsez zamaturiko arimaren lasaibide erraza, baizik eta egiaren bilaketa latz eta zorrotza. Orain beharrezkoa zen, bostehun orrialdeko liburu handietan zehar, jada hegorik ez duen —zauriak bakarrik dituela dirudi— Gizadiarekin nahastea, eta beharturik aurkitzen zinen, hodeien leuntasunera ohitutako eskuaz, gauza goibeltzaile eta baxu guztiak irabiatzera, izaeren kaxkartasuna eta sentimenduen miseria... Mintzairak berak, hitz egiteak atsegin ematen zuen poesiazko mintzaira apain hark, ezin zezakeen orain balio gauza xume eta egiazko horiek adierazteko; hizkuntza zehatza erabili beharra zegoen, lehorra, lege-bildumetakoa... Ba horra, Jauna: ingurune egiazko, garaikide, arrunt honetan, artista portugesa, idealetan zeharreko laukoaldi ederretara ohitua, ito egiten zen, eta noizik behin urdinera ihesaldiren bat egin ezean, berehalaxe hiltzera etorriko zatekeen ameskerien galdu minez. Hona hemen zergatik naturalismoaren ondoren ere, kontu fantastikoak idazten ditugun, jatorretakoak, mamuak agertzen diren eta orrialdea pasatzean deabrua aurkitzen den horietakoak, deabru laguna, gure haurtzaro katolikoko laztura zoragarri hura. Eta hala, liburu txiki bat osoan zehar behintzat, ez da egiarekiko menpekotasun deserosorik, azterketaren torturarik, errealitatearen tirania eragaberik jasaten. Askatasun estetiko betean aurkitzen da bat. Ofeliaren idealismo guztia zeure atezainaren bihotzean jar dezakezu eta herriko biztanleei Bossueten maiestatez hitz eginarazi. Adjektiboak urreztatzen dituzu. Zure esaldiak orrialde zurian zehar ibilarazten dituzu, eguzkiz beteriko plaza batean bezala, arrosa-alfonbren artean aurrera lihoakeen prozesio geldo ospetsu baten antzera... Eta gero, azkeneko orria idatzi ondoren, azken proba zuzendu eta gero, kalea uzten duzu, espaloira itzuli eta gizonaren eta bere betiereko miseriaren ikaskuntza zorrotzari ekiten diozu berriro. Pozik? Ez Jauna, etsirik.

EÇA DE QUEIROZ

Lisboa, 1884ko abuztuaren 2a.

 

 

 

© Eça de Queiros

© itzulpenarena: Jesus Mari Lasa

 

 

"Eça de Queiros / Mandarin zaharra" orrialde nagusia