AURKEZPEN GISA

 

        Jose Maria Eça de Queiros, Póvoa de Varzimen jaio zen, Portugaleko iparraldean, 1845ean eta Parisen hil zen 1900ean. Coimbran zuzenbidea ikasi eta 1866an graduatu ondoren Egiptora bidaiatzen du 1869-70ean; hurrengo urtean, Lisboako Kasinoko hitzaldietan hartzen du parte, berorietan, literatur errealismoa eta artearen gizarte funtzioa defendatu zituelarik. Gero, diplomazian sartu zen eta kontsul izan zen La Habanan (1872), Newcastle-en (1874), Bristolen (1878), eta Parisen (1888). Eleberrigintza portuges modernoaren aita eta maisutzat hartua izan den idazle oparo honen lanen artean aipatzekoak dira besteak beste, Aita Amaroren krimena (1875-76), Basilio lehengusua (1878), Mandarin zaharra (1880), Erlikia (1887), eta beste nobela eta ipuin asko.

        Garaiko Frantziako literatur mugimenduari jarraituz Errealismoaren, eta zehatzago, Naturalismoaren barruan kokatzen bada ere, berak «Revue Universelle»ko idazlariari zuzendutako gutunean onartzen duen bezala, noizean behin «egiarekiko menpekotasun deserosotik, azterketaren torturatik, errealitatearen tirania eragabetik», fantasiaren «urdinera ihesaldiren bat» egin beharrean aurkitzen da, bere arima portugesaren lirikotasunari irtenbideren bat emateko. Eta horixe da hain zuzen Mandarin zaharra, fantasiazko ipuin ezin ederrago bat. Era zaharreko ipuin jatorra, autoreak berak dioskunez, Deabrua eta mamuak agertzen baitira bertan. Hala ere, ederki baliatzen da gure idazlea ipuin honetako pertsonaiez, protagonistaz bereziki, giza psikologiaren alderdirik sakonen eta egiazkoenak argitara ateratzeko, kontakizun guztia ironia paregabez eta umore fin batez biltzen digularik.

 

 

 

© Jesus Mari Lasa

 

 

"Eça de Queiros / Mandarin zaharra" orrialde nagusia