XI. atala

MATXINOEN HERRIXKA

 

 

                        Berez izua izan arren, egun hartan ase zen lehoia.

                        «Zertarako etorri zara nire haitzulora?»,

                        galdetu zuen onez onean.

                                                                          A. Sumarokov

 

 

        Jenerala utzi eta agudo joan nintzen neure bizitegira. Savelitxek ohiko erretolikarekin egin zidan harrera. «Nagusi jauna, gogoko duzu gero bandidu mozkor horiei kontu hartzen ibiltzea! Aitonen seme baten zeregina al da hori? Jainkoak gordetzen ez bazaitu, zureak egin du: alfer-alferrik galduko zara. Eta gaitz erdi turkiarrak edo suediarrak balira, baina lotsa ere ematen du noren kontra aritzen zaren esateak».

        Guztira zenbat diru neukan galdetuz eten nion hitz-jarioa. «Aski daukazu —erantzun zidan gogobeterik—. Alproja gaizto horiek bila eta bila aritu ziren, baina ezkutatzeko denbora izan nuen». Eta, hori esandakoan, puntuzko diru-zorro luzea atera zuen sakelatik, zilarrezko txanponez beteta. «Ederto, Savelitx —esan nion—. Orain, emadazu erdia eta hartu zeuretzat beste erdia. Bielogorskaia gotorlekura noa».

        — Piotr Andreitx, nire nagusia! —esan zuen haurtzain onberak ahots dardaratiz—. Ez zara Jainkoaren beldur: nolatan abiatuko zara orain, bandiduekin topo egin gabe inora joaterik ez dagoen sasoi honetan? Zeure burua erruki ez baduzu ere, izan zaitez gutxienez gurasoen erruki. Nora joan behar duzu? Zertarako? Itxaron pixkatxo batean: armada etorriko da eta matxino guztiak harrapatuko ditu; orduan, gogoak ematen dizun tokira joango zara.

        Baina nire erabakia sendoa zen.

        — Berandu da argudioan hasteko —erantzun nion agureari—. Joan behar dut, derrigorrez joan behar dut. Ez tristatu, Savelitx: Jainkoa bihozbera da; agian elkar ikusiko dugu berriro! Bitartean, dirua ez begiratu eta ez izan zekena. Behar duzun guztia erosi, oso garestia izan arren. Opari egiten dizut diru hau. Hiru egun barru ez banaiz itzultzen...

        — Zer diozu, jauna? —eten zidan Savelitxek—. Benetan uste duzu bakarrik joaten utziko dizudala? Horrelakorik ez eskatu gero, ezta txantxetan ere! Alde egiteko erabakita zaudenez, zure atzetik joango naiz, oinez bada oinez, baina ez zaitut utziko. Zer egingo nuke zu gabe harrizko murru hauen artean? Burutik nagoela uste duzu? Zuk nahi duzuna egin, jauna, baina ni ez naiz zugandik aldenduko.

        Ondo asko nekien ez zegoela Savelitxekin eztabaidatzerik, eta, halatan, baimena eman nion bidaiarako presta zedin. Ordu erdi geroago, neure zaldi onaren gainera igo nintzen ni, eta Savelitx, berriz, jadanik jaten zer emanik ez zeukala-eta hiriko biztanle batek opari egindako zalditxo makal eta herren baten gainean jarri zen. Hiriko sarrerara iritsi, ate-jagoleek pasatzen utzi, eta Orenburgetik irten ginen.

        Iluntzen ari zuen. Berdatik hurbil igaro behar genuen, Pugatxoven osteak gordelekutzat hartutako herrixkaren aldamenetik alegia. Bide nagusia elurrez estalita zegoen, baina estepa osoan barrena nonahi ikusten ziren zaldien aztarnak, egunetik egunera berritzen baitziren. Trostan nindoan bizkor samar. Savelitxek urrundik jarraitzen zidan neke handiz, behin eta berriro oihuka esaten zidala: «Jauna, astiroago ibili, Jainkoarren, astiroago. Zalditxo madarikatu hau ez da gauza zure deabru hankaluze horri jarraitzeko. Zergatik ibili hain azkar? Festara bagindoaz, tira... baina beharbada borreroaren aizkora daukagu zain... Piotr Andreitx... jauna... Piotr Andreitx!... Jainkoaren izenean, kontuz ibili!... Ai ene, betiko galduko zaigu nagusien semea!»

        Handik gutxira, ñirñirka hasi ziren Berdako argiak. Naturak herrixkaren inguruan berezko babes gisa eratutako troketara heldu ginen. Savelitxek, aieneka eta erreguka denbora guztian, ez zidan bakerik ematen. Herrixka arazorik gabe inguratzeko esperantzan nengoela, ustekabean, hagaz armaturiko bost bat mujik ikusi nituen ilunpetan neure aurrez aurre: Pugatxoven gordelekuko aurreneko begirale-taldea zen. Guri deika ari ziren. Ezkutuko hitzak ez jakin eta, txintik atera gabe albotik pasatzen saiatu nintzen; baina begiraleek inguratu egin ninduten berehala, eta haietako batek bridatik heldu zion nire zaldiari. Sablea biluztu eta buruan jo nuen; txanoak bizia salbatu zion, baina zabuka hasi zen eta brida askatu zuen. Besteek korrika ihes egin zuten izuturik; egokiera horretaz baliatuta, ezproiez zaldia ziztatu eta lauoinka bizian urrundu nintzen.

        Gainean zen gaua, eta ilunak arrisku orotatik gordeko ninduen. Halako batean, ordea, atzera begiratu, eta ikusi nuen Savelitx ez zela nirekin. Bere zaldi herrenaren gainean, agure dohakabeak ez zuen bandiduengandik ihes egiterik izan. Zer egin? Puska batean zain egon ondoren, harrapatu egin zutela etsita, zaldia atzera bihurtu eta laguntzera joan nintzen.

        Trokarantz nindoala, zarata, oihuak eta Savelitxen ahotsa entzun nituen urrundik. Urratsa azkartu nuen, eta handik gutxira lehentxeago geldiarazi ninduten mujiken artean nintzen berriro. Savelitx haien erdian zegoen. Zalditxotik behera eraitsita, matxinoak agurea lotzeko gertu zeuden. Poztu egin ziren ni ikustean. Garrasika oldartu zitzaizkidan eta aitaren batean zaldi gainetik eraitsi ninduten. Taldeburua zirudien batek jakinarazi zidan bertantxe eramango gintuztela erregearen aurrera. «Eta —gaineratu zuen— gure jaunak erabakiko du zer egin zuekin: oraintxe bertan urkatu ala eguna argitu arte itxaron». Ez nien gogor egin; Savelitxek nire antzera jokatu zuen, eta begiraleek garaile-antzean eraman gintuzten berekin.

        Troka zeharkatu, eta herrixkan sartu ginen. Argitan zeuden izba guztiak. Zarata eta oihuak entzuten ziren nonahi. Jende asko zebilen kalean, baina, ilun egonik, inortxok ez zigun erreparatu, inor ez zen ohartu Orenburgeko ofiziala nintzela. Zuzenean eraman gintuzten kale-kantoi batean zegoen izba batera. Ate alboan ardo upel batzuk eta kanoi bi zeuden. «Hona hemen jauregia —esan zidan mujiketako batek—, oraintxe emango dut zuen berri». Eta izban sartu zen. Savelitxi begiratu nion: agureak gurutzearen seinalea egiten zuen behin eta berriro, ahapeka otoitzen bat esanez. Luzaz itxaron nuen; azkenean, mujikak itzuli eta hala esan zidan: «Zatoz, gure nagusiak ofizialari sartzen uzteko agindu du».

        Izban sartu nintzen, edo jauregian, mujikek deitzen zioten bezala. Gantz-kandela bik argitzen zuten barrua eta hormak paper urre-kolorez estalita zeuden, baina gainerakoan beste edozein izba bezalakoa zen: jarlekuak, mahaia, garbiontzia bere sokatik zintzilik, esku-zapia alboan gako batetik esekita, urkulua zoko batean eta lapikoz betetako koska zabala labearen aurrealdean. Pugatxov ikonoen azpian eserita zegoen, kaftan gorria eta txano luzea jantzita, besoak hazta eginda jarrera hantustetsuan. Bere armakide nagusietako batzuk zituen zutik aldamenean, zein baino zein ele-zuriago, apal-itxurak egiten guztiak. Nabaria zen Orenburgeko ofizial bat iritsi berria zelako albisteak ikusmin bizia piztu zuela matxinoen artean eta garaileen handikeriaz harrera egiteko asmoa zutela. Pugatxovek lehen begiratuan ezagutu ninduen. Bat-batean aienatu zitzaion itxurazko hantuste guztia. «Ah, zu zara, jaun ohoragarri hori! —esan zidan bizitasunez—. Zer moduz? Zerk ekarri zaitu hona?» Azaldu nion neure eginkizun bat betetzera nindoala eta beraren gizonek gelditu egin nindutela bidean. «Eta zer-nolako eginkizuna da hori?», galdetu zidan. Ez nuen jakin zer erantzun. Pugatxovek kontu egin zuen ez nuela lekukoen aurrean hitz egin nahi, eta, armakideenganantz jiratuta, izbatik irteteko agindu zien. Hala egin zuten denek, bik izan ezik, ez baitziren lekutik mugitu. «Beldurrik gabe hitz egin dezakezu hauen aurrean —esan zidan Pugatxovek—, ez diet ezer isilean gordetzen». Zeharka begiratu nien iruzurtiaren isilgordariei. Bietako batek, kokots-bizar urdinduko agure erkindu eta konkorra bera, ez zuen ezer nabarmengarririk, oihal latzezko nekazari-berokiaren gainetik besaburuan josita zeraman xingola urdin argia izan ezik. Bestea, ordea, ez zait sekula ahaztuko. Gizaseme sendoa zen, garaia eta bizkar-zabala, eta berrogeita bost urte inguru zituela begitandu zitzaidan. Bizar gorri sarriak, begi gris distiratsuek, hegalik gabeko sudurrak eta bekoki-masailetako orbain gorrikarek ezin azalduzko airea ematen zioten haren aurpegi zabal naparbanari. Alkandora gorria, Kirgiziako longaina eta kosako-galtza bonbatxoak zituen jantzita. Bietan lehena (gerora jakin nuenez) Bieloborodov kabu desertorea zen; bigarrena, berriz, Afanasi Sokolov (Khlopusha ezizenez), kriminal erbesteratua, Siberiako meatzeetatik hirutan ihes egindakoa. Une hartan ni soilik asaldatzen ninduen sentimendua gora-behera, hain ustekabean egokitu zitzaidan lagunarteak irudimena barreiatu zidan. Baina Pugatxovek neure baitara etorrarazi ninduen. «Esadazu, zer-nolako eginkizunak atera zaitu Orenburgetik?», galdetu zidan.

        Ideia bitxi bat etorri zitzaidan burura: iruditu zitzaidan ezen probidentziak, bigarren aldiz Pugatxovengana eraman baininduen, neure asmoak mamitzeko abagunea eskaintzen zidala. Egokieraz baliatzea erabaki nuen, eta, neure erabakia hausnartzeko betarik izan gabe, Pugatxoven galderari erantzun nion:

        — Bielogorskaiara noa, gotorlekuan tratu iraingarria jasaten ari den zurtz bat askatzera.

        Pugatxoven begiek dir-dir egin zuten. «Nire gizonetan nor ausartzen da zurtz bat iraingarri tratatzen? —galdetu zuen oihuka—. Nornahi dela ere, azkar-usteko arraio hori ez da nire zigorretik libratuko. Esan: nor da erruduna?»

        — Shvabrin da erruduna —erantzun nuen—. Gatibu dauka popearen emaztearen etxean gaixorik ikusi zenuen neskatxa hura, eta berarekin ezkontzera behartu nahi du.

        — Zentzagarri ona emango diot Shvabrini —mehatxu egin zuen Pugatxovek—. Ikusiko du zer dakarren gogoak ematen dion legez jokatzeak eta hernia iraingarri tratatzeak. Urkatu egingo dut.

        — Mesedez, uztazu zerbait esaten —sartu zen Khlopusha, ahotsa zakar—. Lehen, birritan pentsatu gabe izendatu zenuen Shvabrin gotorlekuko komandante eta orain, ez bat ez bi, urkatu egin nahi duzu. Dagoeneko, kosakoak mindu dituzu jaun noble bat haien agintari jarrita. Ez ikaratu orain noble-jendea aurreneko gezur-laidoa entzunda haietako bat besterik gabe urkatuz.

        — Nobleek ez dute ez errukirik ez saririk merezi! —esan zuen xingola urdin argiko agureak—. Lasai asko urka genezake Shvabrin, bost axola!; baina ez legoke batere txarto ofizial jaunari behar den moduko itaunketa egitea: zertarako etorri da? Ez bazaitu erregetzat ezagutzen, ezin dizu justiziarik eskatu. Eta erregetzat ezagutzen bazaitu, zer dela-eta egon da orain arte Orenburgen zure etsaiekin bat eginik? Zergatik ez duzu agintzen gobernu-etxera eramateko eta han su ederra pizteko: zainak ematen dit ezkutuko egitekoren bat betetzera bidali dutela gugana Orenburgeko agintariek.

        Gaizkile zaharraren logika edonor etsita uzteko modukoa iruditu zitzaidan. Hotzikara batek goitik behera astindu zidan gorputza noren eskuetan nengoen pentsatzean. Pugatxov nire larriaz ohartu zen. «Eta?, zer deritzozu, jaun ohoragarria? —esan zidan begi-keinua eginez—. Badirudi nire mariskalak bete-betean asmatu duela, ezta?»

        Pugatxoven eztenkadak adorea itzuli zidan. Patxadaz erantzun nion beraren eskumendean nengoela eta nahi zuena egin zezakeela nirekin.

        — Ondo da —esan zuen Pugatxovek—. Orain, esadazu zer egoeratan dagoen hiria.

        — Jainkoari eskerrak —erantzun nuen—, ondo doa dena.

        — Ondo? —errepikatu zuen Pugatxovek—. Eta jendea goseak amorratzen!

        Iruzurtia zuzen zegoen; baina nik, leialtasun-zinak agindutako jokabideari eutsiz, sinetsarazten saiatu nintzen zurrumurru hutsak zirela eta Orenburg ondo hornituta zegoela.

        — Ikusi duzunez —ekin zion berriro agureak— gezurretan ari da inongo lotsarik gabe. Orenburgetik ihes egindako guztiak bat datoz gauza batean: hirian gosea eta izurria dira nagusi, jendeak sarraskia jaten du, eta hori zorte ona dutenek bakarrik; eta jaun agurgarri honek dio denetarik ugari dutela. Shvabrin urkatzen baduzu, eseki ezazu gazte hau langa beretik, horrela ez diote bekaitzez begiratuko elkarri!

        Agure malapartatu horren hitzek, nonbait, ukitu egin zuten Pugatxov. Zorionez, armakidearen aurka hasi zen Khlopusha.

        — Nahikoa duk, Naumitx! —esan zion—. Jendea urkatzea eta lepoak moztea beste burutapenik ez duk! Heroia galanta! Hiri begiratu eta ez zekiat non demontre daukaan arima. Azken arnasa ematekotan hago eta hor babil besteak lurperatu nahirik. Ez al duk oraindik nahikoa odolik isuri heure kontzientziaren gainera?

        — Orain hitz egin dik gure santuak! —bota zuen Bieloborodovek—. Nondik atera duk hik horren gupida handia?

        — Jakina —erantzun zuen Khlopushak—, nik ere bekatu egin diat, eta esku honek (orduan, ukabil hezurtsua estutu, eta, mahuka gora bildurik, beso iletsua erakutsi zuen), eta esku honek ibaika isurarazi dik kristau-odola. Baina nik etsaiak hil ditiat, gonbidaturik bat ere ez; bidegurutze agerietan eta baso ilunetan bai, ez ordea etxean, labearen alboan eserita; hagaz eta aizkoraz beti, sekula ez gaizki esaka emakumeen antzera.

        Agureak bizkarra eman zion, eta hortz artean murduskatu: «Sudurbako arraioa!»

        — Zer ari haiz hor marmarka, zaharkiloa halakoa? —erantzun zion oihuka Khlopushak—. Ederra emango dik gero sudurbako arraio honek; egon, laster helduko duk hire txanda; Jainkoak nahi badu, hik ere adituko duk borreroaren kurriken usaina... Baina bitartean, kontuz ibili, bizar ziztrin hori neronek erauziko diat eta!

        — Jaun «eneralak»! —aldarri egin zuen Pugatxovek arrandiro—. Aski!, akabo da liskarra! Niri bost axola Orenburgeko txakur guztiek hankak dantzatzen badituzte langa batetik zintzilik. Baina tristea da gero nire txakurrak elkarri haginka ibiltzea. Tira, bakezkoak egin.

        Khlopushak eta Bieloborodovek, hitzik esan gabe, bekozko ilunez begiratu zioten elkarri. Ordurako jabetuta nengoen ezinbestekoa zela mintzagaiz aldatzea, zeren, niri zegokidanez, elkarrizketa hori oso era gogaikarrian amai baitzitekeen. Pugatxovenganantz jiratu eta doinu alaiz esan nion: «Hara!, ahaztu egin zait eskerrak ematea zaldiagatik eta tulupagatik. Zu gabe, bidean izoztu eta ez nintzen hirira iritsiko».

        Amarruak arrakasta izan zuen. Pugatxov alaitu egin zen. «Mesedea mesede truk —esan zuen, begiak ñarrotuz eta kliskatuz—. Orain, esadazu: zergatik kezkatzen zara horrenbeste Shvabrinek iraingarri tratatzen duen neska horretaz? Txoraturik dauka neskatilak gazte ausartaren bihotza?, eh?»

        — Nire emaztegaia da —erantzun nion Pugatxovi, ekaitza baretu zela ikusita ez bainion beharrezko iritzi egia ezkutatzeari.

        — Zure emaztegaia! —oihu egin zuen Pugatxovek—. Zergatik ez didazu lehenago esan? Ezkondu egingo zaitugu, eta ezkontza ospatu, bai horixe! —Ondoren, Bieloborodovenganantz jiratuta—: Entzun, mariskala! Jaun agurgarri hau eta biok aspaldiko lagunak gara; elkarrekin afalduko dugu; gauzak argiago ikusten dira goizean arratsean baino. Bihar ikusiko dugu zer egin berarekin.

        Gustura uko egingo niokeen gonbidapen adeitsu horri, baina ez neukan hori egiterik. Bi neska kosakok —izbaren jabearen alabak— mahaia zamau zuri batez estali, eta ogia, arrain-zopa, ardoa eta garagardoa ekarri zituzten; eta bigarren aldiz aurkitu nintzen Pugatxovekin eta beraren lagun beldurgarriekin mahai baten inguruan bilduta.

        Ni gogoz kontrako lekuko nintzela, orgiak gau berandu arte iraun nuen. Azkenean, mozkorra afaldarrak menperatzen hasi zen. Pugatxov lo geratu zen bere lekuan eserita; gainerakoak altxatu, eta bakarrik uzteko keinua egin zidaten. Haiekin batera irten nintzen. Khlopusharen aginduz, begirale batek gobernu-etxera eraman ninduen. Savelitx aurkitu nuen han, eta giltzapean itxi gintuzten biok. Gertatutako guztiak hain utzi zuen txundituta haurtzaina, non ez baitzidan galdera bat bera ere egin. Ilunpetan etzan, eta luzaz aritu zen hasperenka eta auhenka; azkenean, zurrungan hasi zen. Nik, aldiz, gogoetetan murgilduta, begiak ezin bildurik eman nuen gau osoa.

        Goizean, deika etorri zitzaizkidan Pugatxoven izenean. Haren izbara jo nuen. Atean kibitka bat zegoen, zaldi tatariarrez osatutako troika uztartuta zeukala. Jende asko zegoen kalean. Pugatxov ataurrean aurkitu nuen biderako prest, larru-zamarra eta Kirgiziako txanoa jantzita. Bezperako solaskideak haren ingurura bilduta zeuden, apal eta otzan, aurreko egunean nik ikusitako guztiaren kontra bortizki jotzen zuen portaera erakutsiz alegia. Pugatxovek alaiki agurtu eta berarekin batera kibitkara igotzeko agindu zidan.

        Eseri egin ginen. «Bielogorskaia gotorlekura!», esan zion Pugatxovek erlaitzean zutik troika gidatzen zuen tatariar bizkar-zabalari. Bihotza indarrez pilpiraka jarri zitzaidan. Zaldiek bideari ekin zioten, txilina dilin-dalan hasi eta han abiatu zen kibitka ziztu bizian...

        «Geldi! Geldi!», durundi egin zuen ondoegi ezagutzen nuen ahots batek. Jiratu, eta Savelitx ikusi nuen gure atzean korrika. Pugatxovek kibitka gelditzeko agindu zuen. «Piotr Andreitx, nire nagusia! —zioen haurtzainak oihuka—. Ez utzi agure zahar hau gizatx... zera... jende hauen erdian bakarrik». «Hara, gure zaharkiloa! —esan zuen Pugatxovek—. Jainkoak berriro elkartu gaitu. Tira, igo erlaitzera».

        — Eskerrik asko, jauna, eskerrik asko, aita gupidatsu hori! —zioen, erlaitzean esertzen zen bitartean, Savelitxek—. Jainkoak gorde zaitzala!, ehun urte bizi zaitezela agure zahar honetaz errukitu eta zeure babesean hartzeagatik. Otoitz egingo dut beti zure alde, eta aurrerantzean ez dizut gehiago aipatuko erbi-larruzko tulupa.

        Beldur nintzen zorioneko tulupak ez ote zuen azkenean Pugatxov bene-benetan haserraraziko. Zorionez, edo ez zituen Savelitxen hitzak argi entzun, edo ez zuen kontuan hartu ezgaraiko aipamena. Zaldiak lauoinka bizian zihoazen; herritarrek kalean gelditu eta ia lurra ukitzeraino makurtzen zuten burua. Pugatxovek ezker-eskuin agurtzen zituen buruaz. Herrixkatik berehala irten eta, bidea laua izaki, herio suharrean jo genuen aurrera.

        Aise igar daiteke zer sentitzen nuen une horretan. Ordu gutxiren buruan berriro ikusiko nuen harrezkero galdutzat jotzen nuen emakumea. Berarekin elkartuko nintzeneko unea irudikatzen nuen... Buruan nerabilen, halaber, nire patuaren jabe zen eta, gertaeren uztartze bitxi baten ondorioz, nirekin horren lotura misteriozkoa zeukan gizona. Gogora zetozkidan nire maitea salbatu nahi zuen gizonaren krudeltasun burugabea eta ohitura odoltsuak. Pugatxovek ez zekien neska hura Mironov kapitainaren alaba zela; gerta zitekeen Shvabrinek, amorruaren amorruz, guztiaren berri ematea; gainera, Pugatxovek bazeukan beste bide batzuetatik ere egia jakitea... Zer gertatuko zitzaiokeen orduan Maria Ivanovnari? Buruko ileak laztu eta hotzikara batek astindu zidan gorputza...

        Bat-batean, Pugatxovek niganantz jiratu eta gogoeten haria eten zidan galdera batekin:

        — Oso pentsakor zaude, jaun ohoragarria; zer darabilzu buruan?

        Nolatan ez naiz ba pentsakor egongo! —erantzun nion—. Ofiziala eta noblea naiz; atzo bertan zure aurka borrokatzen ari nintzen, eta gaur, aldiz, zure aldamenean noa kibitka batean, eta nire bizitzako zorion guztia zure eskuan dago.

        — Eta zer? —galdetu zuen Pugatxovek—, beldur zara?

        Erantzun nion behin bizia barkatu zidanez gero, orain nitaz urrikaldu ez-ezik lagundu ere egingo zidalakoan nengoela.

        — Eta zuzen zaude, alajaina, zuzen zaude! —esan zuen iruzurtiak—. Ikusi duzunez, nire gizonek begi gaiztoz begiratzen dizute; gaur bertan, zaharra etorri zait esaka zelataria zarela eta torturatu egin behar zaitugula, eta gero urkatu. Baina ni ez naiz berarekin bat etorri —eta, ahotsa beheraturik, Savelitxek eta tatariarrak entzuterik izan ez zezaten, gaineratu zuen—: gogoan ditut zure edalontzi vodka eta erbi-larruzko tulupa. Dakusazunez, ez naiz zure adiskideek dioten bezain odoltzalea.

        Bielogorskaia gotorlekua nola hartu zuten etorri zitzaidan gogora; baina ez zitzaidan egokia iruditu eztabaidan hastea, eta ez nion ezer erantzun.

        — Zer diote nitaz Orenburgen? —galdetu zidan Pugatxovek isilune labur baten ondoren.

        — Ba, diote zaila dela zu menperatzea; dudarik gabe, ederto erakutsi duzu nor zaren.

        Harrotasuna agertu zen iruzurtiaren aurpegian.

        — Bai horixe! —esan zuen ahots-doinu alaiz—. Borrokalari bikaina naiz. Orenburgen badute Juzeievaiako batailaren berri? Berrogei eneral hilda, lau gudaroste preso. Zer uste duzu?, Prusiako erregea gai litzateke niri aurre egiteko?

        Barregarria iruditu zitzaidan bandiduaren ahoberokeria.

        — Eta zuk zer uste duzu? —galdetu nion—. Gai zinateke Federiko zapaltzeko?

        — Fiodor Fiodorovitx? Nolatan ez gero! Dagoeneko zuen eneralak menperatu ditut; eta haiek bera jipoitu zuten. Orain arte nire armadak aldeko izan du beti zortea. Emadazu denbora eta ikusiko duzu zer gertatzen den Moskura heltzen naizenean.

        — Moskura joateko asmoa duzu?

        Iruzurtia lipar batez pentsakor gelditu, eta ahapeka esan zidan:

        — Hori, Jainkoak daki. Estu geratu zait bidea, askatasun handiagoa behar dut. Nire gizonek azkarrarena egiten dute. Lapur hutsak dira. Erne egon behar dut beti: porrot eginez gero, nire burua salduko lukete beren lepoa salbatzeko.

        — Horratx! —esan nion Pugatxovi—. Ez zenuke hobe berandu baino lehen jende hori bazter uztea eta gure erregina bihozberarengana jotzea barkamen eske?

        Pugatxovek erdi irribarre egin zuen, mingots.

        — Ez —erantzun zuen—, berandu da damutzeko. Niretzat ez da barkamenik izango. Hasitako bideari jarraituko diot. Batek daki! Agian lortuko dut! Grishka Otrepievek Moskun erreinatu zuen.

        — Eta badakizu nola amaitu zuen? Leihotik bota zuten, lepoa moztu, gorpua erre, errautsekin kanoia kargatu, eta tiro egin zuten!

        — Entzun —esan zidan Pugatxovek halako barne-etorri basa batek eraginda—. Txikitan atso kalmuko batek esan zidan ipuina kontatuko dizut. Behinola, galdetu zion arranoak beleari: esadazu, belea, zergatik zu hirurehun urte bizi izaten zara munduan, eta ni hogeita hamahiru besterik ez? Eta beleak erantzun: ba, adiskidea, zuk odol bizia edaten duzulako eta nik, ordea, sarraskia jaten dudalako. Orduan, arranoak proposatu zion: jan dezagun biok gauza bera, ea zer gertatzen den. Beleak ondo iritzi zion. Hegaz joan ziren arranoa eta belea, eta halako batean zaldi baten gorpua begiztatu zuten; lurrera jaitsi eta zaldi hilaren gainean pausatu ziren biak. Beleak mokoka eraso zion sarraskiari, janariaren gozoa goraipatuz. Arranoak mokokada bat eman, beste mokokada bat eman, hegoei eragin, eta hala esan zion beleari: ez, anaia belea, hobe behin bakarrik odol bizia edatea, hirurehun urtez haragi ustela jatea baino! Zer iruditu zaizu kalmukoaren ipuina?

        — Zorrotza —erantzun nion—. Baina, nire iritziz, hiltzea eta lapurtzea sarraskiz elikatzearen pareko da.

        Pugatxovek harrituta begiratu zidan eta ez zuen ezer erantzun. Isilik geratu ginen biok, nor bere gogoetetan murgilduta. Tatariarra kanta malenkoniatsu bat abesten hasi zen; Savelitx, erdi lo, zanbuluka ari zen erlaitzean; kibitka eginahalean zihoan neguko bide leunetik... Bat-batean, herrixka bat ikusi nuen Jaik ibaiaren ertz malkartsuan, bere oholesiarekin eta kanpandorrearekin. Ordu-laurden bat geroago, Bielogorskaia gotorlekuan sartu ginen.

 

 

 

© A. Pushkin

© itzulpenarena: Jose Morales Belda

 

 

"A. Pushkin / Kapitainaren alaba" orrialde nagusia