XXII

 

        Denbora luzean egon ginen horrela. Aspaldi adituak genituen motorrak berriz pizten, eta ahots batzuk eztabaidan zuhaitz artean. Gero zalaparta urrundu egin zen.

        Emakume bat azaldu zen errebueltatik. Korrika zetorren beherantz. Bide erdian geratu nintzen bere zain, eta zer gertatu zen galdetu nion. Ikaraturik begiratzen zidan. Lepoko oihala zeraman buruan. Idiak zeramatzan agureak ere atera zuen aurpegia kanabera artetik. Atsoak zerbait esan zuen oihuz eta eskuez belarriak estali zituen; — Inor ba al da han goian? —galdetu nion. Berak baietz erantzun zuen, hitz egin gabe, buruaz.

        Errebueltatik gazte bat azaldu zen bizikletaz. Abiada bizian jaisten ari zen. — Pasatzerik ba al dago? —esan nion oihuka. Oinetakorik gabeko oin bat jarri zuen lurrean, mirariz edo ez zen erori, eta oihuz eman zidan erantzuna: — Hildakoak daude, hildako mordoa.

        Errebueltara kontu handiz iritsi nintzenean, kamioi handia ikusi nuen, geldirik, hutsik, trabeska ikusi ere. Gasolina erreka batek belztu egiten zuen errepidea, baina ez zen gasolina bakarrik. Gurpilen ondoan, autoaren aurrean, giza gorputz batzuk ageri ziren etzanik, eta hurbiltzen nintzen neurrian gasolina gorritu egiten zen. Norbait zutik zegoen inguruetan, emakumeak eta apaiz bat. Odola ikusi nuen gorputzen gainean.

        Bat —uniforme berde-grisa, kamuflajerakoa— buruz behera eroria zegoen, baina artean oinak kamioian zituelarik. Odola eta burmuinak irteten zitzaizkion masail azpitik kanpora. Beste bat, txikia, eskuak sabel gainean zituela, gora begira zegoen, horia, larru azala kolorez zikinduta. Gero beste batzuk, okertuta, kuzkurtuta, ahuspez, azala zurbil eta zikin. Etzanik zeudenak gutxi ziren, piltzar mordo bat. Bat zertxobait urrun zegoen, belar gainean, bidera salto egin zuen bere burua tiroka babesteko: burdinarietan belauniko eta tente, bizirik zegoela ematen zuen, odola zerion aho-begietatik, argizarizko mutila arantzez koroatua.

        Apaizari galde egin nion hildakoak furgoikoak ote ziren denak. Apaizak, kementsu, izerditan, aztoratuta begiratu eta esan zidan furgoikoak bakarrik ezetz, baina aurreragoko etxeetan zauritu franko zeudela. — Nork eraso die?

        Goiko partisauek, esan zidan, egun batzuk baziren haien zain zeudela. — Haiek lau urkatu zituzten —garrasi egin zuen negarrez eta arrosarioa astintzen ari zen atso batek.

        — Eta hauxe da fruitua —esan zuen apaizak—. Orain basatien tamainako errepresaliak izango ditugu. Suak hartuko du hemendik Belbo haraneko gainalderainoko guztia.

        Erasoa bi haitz atzetik egin zen, tiroetatik gerizpean jartzeko guztiz aproposak baitziren. Beltzetatik bakar bat ere ez zen salbatu. Beste kamioian, presoak eraman zituzten partisauek, baina lehenago ilaran jarri horma baten kontra eta mehatxatu: — Eta hiltzen bazaituztegu, zuek egiten duzuen bezala? Baina, ez, nahiago dugu bizirik eta zuen lotsaren esku uztea.

        Jendeak fardelak egin eta kanpora ateratzen zituen abereak. Inor ez zen ausartuko Due Rocce-n lo egiten. Baten bat santutegira igotzen ari zen, lekuaz fidaturik; besteren batek alde egiten zuen, auskalo nora, baina alde egin, hori zen kontua. Gauean berandu arte bazegoen astirik, bizikletan zihoan mutila, oihu egin zidana, lasterka baitzihoan zaurituen berri telefonoz esatera, kontrol-postuari hain zuzen, salba zitekeena salbatzeko. Biharamunean, bide eta errepide haiek sare hilgarri bat izango ziren.

        Apaiza etxe batera abiatu zen azkar: zauritu bat hiltzen ari zen. Ni hildakoen artean geratu nintzen, haien gainetik pasatzera ausartu gabe. Goiko kanpandorrera begiratzen nuen eta banekien biharamuna baino lehenago ez nintzela iritsiko etxera. Senak edo bultza egiten zidan atzera, ibilia neukan errepidera, nire eta ekaitzaren artean lur errugabea, Tinella ibaia eta trenbidea jartzera. Han behean Otino zegoen, berak ezkutatuko ninduen behintzat. Ilundu aurretik igarotzen banituen berriz alemanen postuak, berarekin gera nintekeen sumin hura atertu arte.

        Berriro lurrera begiratu gabe abiatu nintzen, idiak zeramatzan nekazariaren aurretik igaro —kanaberadi aurrean zegoen zain, aho zabalik—, aurrera jarraitu, eta ordubete beranduago han ari nintzen azken muinora igotzen, zerua ordurako hozkirri zegoela, eta bestaldean Tinella bailara, nonbait. Goizeko tontorretako batzuk ikusi nituen berriro. Kanpandorre eta baserriek pena ematen zidaten; etxean beti halako izualdien erdian biziko ote nintzen galdetzen nuen nire artean. Bitartean, errepidetik nindoan, estuturik beti errebueltetan, bidegurutzeetan, sekulan/ere zeruaren kontra nabarmendu gabe. Banekien zer den tiro bat eta nolako txistua egiten duen.

        Ilunabarrean Tinella eta burdinbidea topatu nituen. Lokatzetan nengoela, haltza artean zain, trenaren pistoiak aditu nituen. Poliki igaro zen, arnaska, merkantzia-tren lokal luze bat, eta zenbait soldadu aleman potolo begiztatu nituen ointokietan zutik. Haiek bidaia egitea seinale ona iruditu zitzaidan, esan nahi zuen eskualde hura artean lasai zegoela.

        Burdinbidearen beste aldera jauzi egin eta Otinoren muinoaren bila hasi nintzen. Askazien artean zaila zen bidea aurkitzea, baina tontorrak garbi-garbi ageri ziren. Egokia iruditu zitzaidan bidezidor batetik sartu eta aldapan gora hasi nintzen, belarria erne jarriz kilkerren hotsari, oin-hotsik edo orbel-kraskatakorik aditzen ote nuen ere. Bitartean, izarrak ugari pizten ziren goian.

        Otino ez nuen aurkitu, baina huraxe zen muinoa. Nekatuta nengoen, gose, arrastaka neramatzan zapatak ildoen gainetik. Nire aurrean, etxola bat ikusi nuen mahasti batean, mahatsa zaintzeko horietakoa. Etxola hura horma hutsezkoa zen, aterik gabekoa; ilunpera sartu eta, nazkaren gainetik, lurrean eseri nintzen. Zorroaren gainean bermatu nintzen.

        Gaua aurreratuta zegoela esnatu nintzen, hotzak gogortuta eta bizkarra eta garondoa minduta. Urruti gabe, zaunka ari zen zakur bat, gauean erromes eta goseak amorratzen zegoela imajinatu nuen. Landak ikusteko adinako argirik ez zen sartzen atetik barrura. Ilunpe hartan, zakurraren hotsa lur guztiaren ahotsa zen. Hotzikarak neuzkan lo-ernai hartan.

        Eguna urratu aurretik alde egin nuen, kanpora irteten inork ez ikustearren. Ilargia goian zegoen. Atzerantz bueltaturik konturatu nintzen etxola hura kapera abandonatu bat baino ez zela; kristal arrosa bat geratzen zitzaion, arrailduta. «Apropos bila ibilita ere!», pentsatu nuen. Hitz zahar bat esan nuen isilik.

        Ilargiaren ondoren egunsentia iritsi zen, eta hotzak nengoen, gosez eta beldurtuta. Kukubilkaturik geratu nintzen galsoro batean, ihintza madarikatuz, hildako haiek eta odol hura gogoratuz. «Haietaz gogoratzea haien alde errezatzea bezala da», nioen.

        Egun argiarekin berriz aurkitu nituen etxe txikiak, notizia eman nien emakumeei. Otino landetara aterea zen. Haren zain mandio batean egoteko lizentzia eskatu nuen. Ogia eta zopa eman zidaten, eta jaten nuen bitartean, triskantzaren tamaina zela eta ez zela, emakumeak lasaitzen aritu nintzen. — Tinellaz bestaldekoa bakarrik arakatuko dute —nioen—, pasatzerik behintzat izan dut.

        Haize handiko egunak etorri ziren gero, mendi-lepoak erratzaren antzera garbitzen zutenak, eta han goitik tontorrak ikusten ziren bata bestearen ondoan, zuhaixka ñimiñoak, etxeak, alorretako errenkadak, baso urrutietaraino. Otinok santutegiko kanpandorrea eta sarraskia gertatu zen errepideko errebuelta seinalatu zizkidan. Bera tontorretako zelaietatik ibiltzen zen, jendea ikusten zuen, hitz egiten zuen eta hizketan jartzen zuen jendea. Goiz batez, ke adar bat ikusi genuen basoan; arratsalde hartantxe entzun zen herrian beste borrokaldi bat gertatua zela Tanaro aldean, aleman eta faxista talde bat oldartua zela mendi-leporantz eta su eta fuego ari zela, tiroka, lapurretan.

        Gauez mandioan lo egiten nuen; manta bat utzi zidaten. Arratsaldean haize erauntsi hura baretzen zen, eta belarria erne jartzen genuen, tirorik edo zalapartarik entzuten ote genuen. Otino eta biok landetan geratzen ginen, sekulan hain bizirik ikusi gabeko izar bajen azpian; eta kilkerren iskanbilaren erdian, ilunpea arakatzen genuen, sute edo su bila. Gertatzen zen su arrastoak aurkitzen genituela, muinoetako belztasun handian. — Begira ondo —esaten zidan Otinok—, hortik pasako zara. Erre duten lekuan ez da zaindaririk egoten.

        Jaten ari nintzenagatik zerbait ordaindu nahi nion. Bere amak ez zuen ezetzik esan; bakarrik, hasperen eginez galde egiten zuen bere artean zergatik ez ote zen amaitzen gerratea. — Mende oso bat badirau ere —esaten nuen nik—, nor dago zuek baino hobeto?—. Lepoa moztutako untxi baten odola artean ageri zen atarian. — Gauzak halaxe dira —esan zuen Otinok—, akabera hori denok edukiko dugu.

        Gau hartan sartu nintzen mahastira eraman nuen, eta esan babesleku egokia iruditzen zitzaidala. Elizan lo egitea aski izango balitz seguru egotearren, esan zuen Otinok, beteta egongo lirateke elizak. — Baina hau ez da eliza bat —erantzun nuen—, intxaurrak txikitu eta lurrean sua piztu dute hemen.

        — Umetan jolastera etortzen ginen hona.

        Hizketan sartu ginen barrura, herrian nolako bizimodua zegoen, eta nola denak beldur ziren burdinbidean alemanen bati tiro bat bota edo kamioiren bat geraraziko ote zuten. — Elizarik erre al dute? —galdetu nuen halako batean—. Hauek bakarrik erreko balituzte —esan zuen berak—, hutsa litzateke.

        Arratsalde batean aurkitu genituen abar guztiak bildu, eta lurrean botatako arto-zurikin zaharrez sua piztu genuen leihopeko txokoan. Gero, sugarraren aurrean eserita, zigarro bat erre genuen, umeek egiten duten bezala. Txantxetan ari ginen: — Sua pizten, guk ere badakigu—. Hasieran ez nengoen lasai, eta kanpora irten nintzen leihoa aztertzera, baina distira eskas samarra zen eta, gainera, begi batek estaltzen zuen. — Ez da ikusten, ez —esan zuen Otinok. Orduan berriro hasi ginen herriko aurpegiez eta guk baino beldur handiagoa zeukatenez hizketan—. Haiek ere ez dira bizi. Hori ez da bizimodua. Badakite momentua iritsiko dela.

        — Denok gaude trintxeran.

        Otino barrez ari zen. Urrun, tiro batek egin zuen eztanda.

        — Hasi gara —esan nuen.

        Belarria erne jarri genuen. Orain haizea isilik zegoen eta zakurrak zaunka. — Goazen etxera —esan nuen. Gau hura bueltak eginez pasa nuen, neure gogoetekin ikaraturik. Belar idorraren kraskatakoak gaua betetzen zuela iruditzen zitzaidan.

        Biharamunean berriro aztertu nuen zain neukan muino lerroa. Zuri ageri ziren, haizeak eta urte sasoiak ihartuta, zerupean nabarmen. Berriz galdetu nion neure buruari ikara iritsia ote zen basoetara, goi hartara. Bidexkatik igo nintzen, ogia herrian erosteko. Jendeak begiratu egiten zidan ateetatik, errezeloz eta jakin-minez. Bakarren bati agur keinua egin nion. Goiko plazatik beste muino batzuk ikusten ziren, hodei multzo arrosak iduri. Elizaren kontra geratu nintzen, eguzkitan. Argi eta isiltasun haiekin itxaropen gogoeta bat izan nuen. Ezinezkoa iruditu zitzaidan gertatzen ari zen guzti hura. Bizitza berriz hasiko zen egunen batean, seguru eta geldirik, une honetan bezala. Aspalditxotik neukan ahaztua. Odolak eta harrapaketak ezin zuten betirako iraun. Bizkarra elizaren kontra jarririk egon nintzen alditxo batez.

        Neska bat irten zen elizatik. Ingurura begiratu eta kalean behera abiatu zen. Unetxo batez bera ere sartu zen itxaropenean. Errezeloz jaisten zen, haizearen erdian, harri zorrotzen gainetik. Ez zen bueltatu nire alderantz.

        Plazatxoan ez zegoen arimarik, eta pilaturiko teilatu nabarrak, atzora arte ezkutaleku segurua iruditu bazitzaizkidan ere, ehiza ateraraztearren sua jartzen zaien gordelekuak iruditzen zitzaizkidan orain. Sugarrari aurre egin halako egun batean itzali arte, horixe zen arazo bakarra. Eutsi beharra zegoen, bakea berriz lortzeko.

        Iluntzean, ondoko bailaran emakume eta zaharren herri baten kontrako ekintza bat egon zela zabaldu zen. Halaxe zin egiten zuten. Egia esan, danbada bat bera ere ez zen entzun: ukuiluetakoa ostu eta mandioei su eman zieten. Haitzarteetara ihes eginik, jendeak bere txahalen marrumak entzuten zituen, baina ezin haien ondora joan. Goiza aurreratuta zegoela izan zen, ni elizatik begira nengoen ordu berean, hain zuzen ere.

        Otino garia ebakitzen ari zen soroan; notizia entzun eta ebakitzen jarraitu zuen.

        — Hobe da —bota nuen— berriz pasatzen saiatzen banaiz.

        Zutitu eta eskua pasa zuen begi aurretik. — Zoaz gauez, ez du honenbeste berorik egiten eta.

        Gauean berriz atera nuen kontu hori, eta amaitu nuen esaten hobe zela Tinellatik jarraitzea muinoetara jotzea baino. Biharamunean abiatu nintzen, eta arratsalderako gure etxean nengoen, basoez eta Belbo ibaiaz bestaldean.

 

 

 

© Cesare Pavese

© itzulpenarena: Koldo Biguri

 

 

"Cesare Pavese / Muinoko etxea" orrialde nagusia