XXI

 

        Eguerdian muino libreetan nenbilen, eta alemanak eta errepublika haranean utzi nituen, auskalo non. Bide nagusia galdua nuen; belarra iraultzen ari ziren emakume batzuei galde egin nien oihuka nondik joaten zen nirearen ondoko herrira. Haranera itzultzeko keinua egin zidaten. Nik ezetz oihuka, nire bidea muinoetan barrena zihoala. Sardeaz, jarraitzeko esan zidaten.

        Ez zen herririk ikusten, bakar-bakarrik baserriak mendi lepo oihantsu eta erraustuetan. Haietakoren batera iristeko, bidezidor malkartsuetatik baztertu beharko nukeen, hodei beheetako sargorian sarturik. Erne begiztatzen nituen gailurren lerroak, mendi-zintzurrak, zuhaitzak, ageri-ageriko zabaldiak. Ezagun eta ohikoak gertatzen zitzaizkidan koloreak, itxurak, sargoriaren beraren usaina; leku horietan sekulan egon gabea nintzen, eta hala ere oroitzapen hodei baten gainean nenbilen. Halako piku arbola oker apal batzuei, gure etxean, putzu osteko ate-sarean zegoenaren traza hartzen nien. Iluntzerako, pentsatzen nuen, egongo naiz Belbo ondoan.

        Bide ondoan etxe bat, belztua, teilatutik behera lur joa ikusi eta taupaka hasi zitzaidan bihotza. Hiriko horma hondatu bat ematen zuen. Ez nuen kristaurik ikusi. Baina hondakin horiek ez ziren berriak: horma gainean, lehenago mahatsa zegoen lekuan, lizunaren urdina ageri zen doi-doi. Harrabotsen oihartzunaz gogoratu nintzen, odol isuriaz, tiroez. Zenbat odolek busti ote ditu, pentsatu nuen, lur hauek, mahasti hauek. Nirea bezalako odola zela pentsatu nuen, aire harekin, eguzki harekin hazitako gizon eta gazteak zirela, neure dialekto bera eta nireak bezalako begi setatiak zeuzkatenak. Ez sinesteko modukoa zen horrelako jendeak, nire odolean eta oroimen itxian bizirik nuenak ere gerratea, haize erauntsia, munduaren ikara jasan izana. Niri arraroa gertatzen zitzaidan, onartezina, suak, politikak eta heriotzak hankaz goratzea nire iragana. Dena lehenago bezala aurkitu nahi izango nukeen, itxirik egondako gela baten antzera. Horrexegatik, eta ez bakarrik zuhurtasun hutsal bategatik, ez nintzen ausartzen azken bi egunetan nire herriaren izena aipatzen; ikara ematen zidan norbaitek «Errera dago. Gerra pasa da handik» esango zidala pentsatzeak.

        Bidea aldapan behera hasi zen, gero beste muino baten gainetik pasa. Han goian, Jainkoari eskerrak, herrixka bat eta kanpandorre bat zeuden. Etxeetara iritsi baino lehentxeago geratu nintzen, harri legar mordo baten gainean eserita; ogia atera nuen. «Emakumeren bat edo gurditxoren bat pasako duk».

        Herritik eguerdiko hotsak zetozen: ukuiluetako zaratak, ume algara bat, baldeen txipli-txapla. Tximinia bat ketan. Eguzkiak hodeiak urratu zituen orain, eta diz-diz egiten zuen nonahi: urruneko mendi-isurkiak lurruntsu ageri ziren, simaur berria bezala. Ukuilu, pike eta bero usaina zegoen.

        Ogi erdia janda neukan bidean norbait azaldu zenerako. Bi gaztetxo, beltzaranak eta ile latzekoak, galtza motzetan, fusil motz bat apuntatzen ari zirenak. Zutik jartzerako, pare-parean neuzkan.

        — Nora zoaz? —esan zuen batek.

        — Belbo bailarara.

        — Zertara?

        Kapela biribil eta ezkarapela hirukoloreko bana zeramatzaten. Hizketan ari nintzen bitartean, zapatetara begiratzen zidaten. Bizkarreko zorroa haztatzen zidatela sentitu eta atzera agin nuen.

        — Geldi esku horiek —esan zuen lehenak.

        Irribarre egin nuen doi-doi. — Chieritik nator —esan nuen marmarka—, eta etxera noa.

        — Erakutsi zure paperak.

        Eskua poltsikora sartzekoa egin nuen. Hitz egin zuen lehenak geldiarazi egin ninduen fusil muturraz. Irribarre egin zuen, patxadaz. — Geldi egoteko esan dut —errepikatu zuen.

        Berak sartu zidan eskua poltsikoan, eta paperak atera. — Zertan zabiltza hemen? —zioen besteak.

        Paperak begiztatzen zituzten bitartean, herrira begiratzen nuen. Enara batzuk pasa ziren teilatu gainetik hegan. Zerua eta mendi lepo urrun oihantsuak ageri ziren kapela biribileko,buruaren atzean. Baso horretaz bestaldera iritsi, eta etxean nengoen.

        Hitz egin zuen lehena txartelari begira zegoen.

        — Noiz jaioa haiz?

        Eta nik esan.

        — Lanbidea?

        Eta nik esan.

        — Zein herritakoa?

        Bestearen aldera bueltatu eta esan zion: — Begira.

        Orduan nik: — Nire herria han behean dago.

        — Ez duk egia Chieritik hatorrenik —jarraitu zuen—, hemen Torino esaten dik.

        — Torinon bizi nintzen, gero Chierin.

        Zeharka begiratu zidaten. — Inork ezagutzen al hau?

        — Etxean ezagutzen naute.

        Begiratu zioten elkarri. Atzekoak, aurpegi hezurtsukoa bera, burua mugitu zuen. Ez zituzten jaisten fusilak.

        — Entzuidazue —esan nuen isildu ezinik—, topatzen ditudan lehenak zarete. Torinotik hanka egin dut, alemanak atzetik dabilzkit eta.

        Irribarre hotz hura berriro. — Alemanak denok dauzkazue atzetik, zuen arabera.

        — Goazen —esan zidaten.

        Herrian, emakume talde bat ikusi nuen eliz aurrean. Bien artean nindoan; begirik ez nuen altxatu leiho eta mandioetara. Kale estu batean furgoneta bat zegoen geldi, eta bi gaztetxo, buzoa jantzita zeramaten militarrak, guardia egiten. Oilo bat irten zitzaigun bidera.

        Ate baten aurrean, gizon bat, botaduna, soinean larruzko jaka bat eta gerrikoan errebolberra zeramatzana, hizketan ari zen besoan haurtxo bat zeukan neska batekin. Barrez zegoen eta kontutxoak egiten zizkion haurrari.

        Gu handik igarotzean, bueltatu eta begira geratu zitzaigun. Lepo bueltan zapi bat zeukan, ilea eta bizartxoa kizkurrak. Giorgi zen, Egleren neba. Irribarre egiteari utzi zion bezain laster ezagutu nuen.

        Pausu bat eman eta keinu egin zuen. Nik, oihuz: — Giorgi!

        — Ezagutzen dut —esan zien biei.

        Elkarren ondoan geundela, barrez ari nintzen. — Hau da hau! —esan zuen berak.

        — Gure topaketak historikoak dira beti —esan nion aparte egon ginenean, harresi txiki batean eserita.

        Zigarro bat eman zidan. — Zer egiten duzu, paisanoz beti, munduko bideetan?—. Bere-berea zuen doinuaz hitz egin zuen, gogaituta, burlati.

        — Zer egiten duzu zuk nire herrialdean? —esan nuen barrez.

        Kontu kontari ibili ginen, bakoitzak berea. Ez nion esan ihesean ibili nintzenik. Gurasoen etxera nindoala esan nion, bere arreba ikusi nuela, Milanon zegoela uste zutela bere etxean. Irribarre egin zuen, esku bilduaren gainera kea jaurtiz. — Sasoi honetan, nor non dagoen ondo jakiteko modurik ez dago —adierazi zuen—. Badu bere grazia. Auto gris bat irten zen patio batetik eta herriko irteerarantz abiatuta, hantxe geratu. Mutil armatu batek gidatzen zuen.

        — Asko zarete hemen? —galdetu nion Giorgiri.

        — Ez dituzu ezagutzen bazter hauek?

        — Zure bi gizonak dira —esan nion— ikusi ditudan hezur-haragizko lehen partisauak.

        Ezpainak estutu eta begira geratu zitzaidan. — Sinetsi behar al dizut? —esan zuen—. Ez dakit, ba —eta irribarre egin.

        Kontatu zidan bizigaiak bilatzen ziharduela. — Non dago zure hernia? —esan zidan, eta eskuaz keinu bat egin zuen basoaz bestalderantz—. Hango aldean, esango nuke. Gu, aldiz, han goitik jaisten gara —sartaldea seinalatu zuen—. Bizitza guztia hemen egiten dugu: hemendik hara ibili, gauzak bahitu, beharra egin. Aspertzeko modurik ez. Horrek ere badu bere grazia.

        Ezpainak estutu eta kea bota zuen. Orduan galdera bat menturatu nuen. Esan nion bera azkeneko aldiz ikusi nuenean gerrateaz ari zela hizketan, baina gerrate faxistaz. Halako uniforme bat jantzia zuen, kontuak zeuzkan halako pertsona batzuekin. Zorioneko halabeharra?, bazitekeen hori?

        — Zoritxarra, ordea! —esan zidan—. Nire zoritxarrerako, zin bat egina nuen.

        — Baina gerrate faxista beste zerbait zen. Nortzuk dira orain bazterrak nahasten dabiltzanak? —esan nuen.

        — Denak —erantzun berak—. Ez dago italiar bakar bat ere bazterrak nahasten ez dabilenik—. Irribarre egin zuen, lehor, zakar. — Ez duzu pentsatuko zure lagun ergel horien alde borrokatzen garenik?

        — Zein lagun ergel?

        — «Iraultza» kantatzen duten horiek—. Zigarro muturra bota zuen, higuinez. — Beltzekin lana amaitu eta gero —moztu zuen—, gorriekin hasi beharko.

        — Konforme zeundetela uste nuen —nik esan.

        Isilik geratu ginen, eta ni haranera begira.

        — Espero dut bihar iritsiko naizela etxera —eten nuen, harresitik altxatuz—.Jakina, bidean inork atxilotzen ez banau.

        Burua mugitu zuen, serio. — Pase-agiriz beterik egongo zara —esan zuen—. Denek ez dute aukerarik hemen paseatzera etortzeko.

        Sartaldeko zerurantz nola abiatzen ziren begira geratu nintzen. Gogora etorri zitzaidan zeru haren alderantz geratzen nintzela gauari begira, umetan basoaz bestaldean bizi nintzenean, eta, beharbada, hauetako errebuelta, tontor edo zuhaixkaren bat egongo zela orduko hodeiertz suak hartuan. Partisauak beren ibilgailuetara igo ziren —beste auto bat azaldu zen—, hamar bat mutil inguru ziren Giorgirekin batera, haietako bat irinez betea, okina. Geldiarazi ninduten biak ikusi nituen berriro, ez zuten zirkinik ere egin. Motorrak zalaparta batean abiatu ziren, muinoa gainditu eta desagertu ziren. Kantu bat aditu nuen bat-batean.

        Bakarrik geratu nintzenean —arratsaldea aurrera zihoan—, herrikoei galdezka hasi nintzen. Alferreko itzulinguru bat egina nuen: bidegurutzez bidegurutze, Tanarora berriro hurbildu besterik ez nuen egin; hainbat kilometrotan atzera egin behar nuen, eta haranetik sartu, gero igo baso arteko kanpandorre baten alderantz beti, han baitzegoen nire bidea; handik ikusten ziren, izan ere, benetako muinoak, nire muinoak. Nekez iritsiko nintzen gauerako. Baina santutegian gera nintekeen lo egiten, esan zuen emakume batek.

        Arriskurik ba ote zegoen galdetu nuen. Baten batek irribarre egin zuen. — Zu hemengoa zara. Etxea erortzen bada, edozeinen buruaren gainera eror daiteke—. Baina emakumetxoak ezetz esan zuen, ezetz baldin eta santutegitik pasatzen banintzen.

        Arratsalde erdirako haraneko barrenaldean nengoen. Orain goiko kanpandorre horren kontua nekielarik ez nengoen galduko ote nintzen beldur. Tentuz nindoan, herren eginez apur bat, oina arrastaka, kaltegabeagoa izateko bezala. Goizean ibilitakoaren kontrako bidetik nenbilen, bidezidorrak, haitzarteak eta eskaintzaz altxatutako egurrezko gurutze bat igaro nituen. Zeruak, altu-altuak, argi azaltzen ziren. Mendixka hartako aldapa erdian, hantxe neukan etxe talde txiki bat, ageri-agerian, igotzen ari nintzen bidearen ondoan. Idiak uztartuta zeramatzan nekazari baten ondora iritsi eta atzean utzi nuen. Niganaino, aldiz, kamioi baten motorraren orroa iritsi zen, bueltatu eta ke hodei handia ikusi nuen; gero bi furgoi handi azaldu ziren, azkar eta biraka, txapel berde-grisez eta kartutxera eta aurpegi ilunez beteak. Burua makurtu egin nuen haize harrotuagatik. Tiro egin izan balidate, kolpea eta zalaparta gauza bat eta bera izango ziren.

        Ez ziren bueltatu niri begiratzeko, desagertuak ziren ordurako. Gogoaz faxisten lasterraldiari jarraitzen nintzaion bitartean —santutegiraino ote zihoazen galdetu nuen neure baitan, zerbait gertatzen ari ote zen goiko herri haietan—, eragin zidaten zirraraz pentsatzen nuen: leherketa edo bonba baten antzeko zerbait izan zen.

        Baina tiro batek eztanda egin zuen, hurbil-hurbil, errepide gainean. Tiro parrastada bat eta danbateko bat. Gero garrasiak, beste tiro batzuk. Motorrak geldirik zeuden; airea dardara batean zegoen balen firrinda minberarekin. — Errenditu! —ulu egin zuen ahots batek. Eten bat egin zen, isiltasun handi bat, gero berriz hasi ziren danbatekoak eta eztandak, eta mahastietako hesolen artera irrist egindako firrinda beltzak, altzairuzko kableak iduri.

        Enborren atzera salto eginda nengoen, eta tiro bakoitzarekin atzera egiten nuen, makurtzen nintzen, belar gainean zapal-zapal eginda geratzen; atertzen zenean bidean korrika hasten nintzen atzeraka. Zarrastada haiek bere hartan jarraitzen zuten, kolpe sendo eta hilgarriak. Errepide muturrean lehengo nekazaria ikusi nuen, geldirik bere idiekin.

        Haren ondora iritsi nintzenean tiro jasa askoz ugariagoa eta minberagoa zen. Danbateko lehor haiek esku-bonbak ziren, eta motelduta lehertzen ziren. Aldiz, balen zartakoak bizidunen ahotsak bailiren ari ziren intzirika.

        Nekazariak kanaberadi batean trabeska jarriak zituen idiak. Iristen ikusi ninduen. Ondoko isilaldi hilgarrian jauzi bat egin zuen bere burua hobeto ezkutatzeko; zaharra zen, eta modu txarrean erori zen kanaberei heldurik. Idiak marru egin zuen orduan.

        — Poliki —esan nion—, ezkuta zaitez—. Salto egin nuen kanaberadira eta nire aurrean ezarri nuen gizona.

        Baina borroka amaituta zegoen. Bat-batean dena isildu zen bidean eta han goian. Belarria erne jarri nuen, motorrak berriz pizten ote ziren, baten bat arnaska ote zegoen entzuteko.

        Nekazaria makurturik zegoen idien artean. Hobeto ezkutatzearren, ahal bezala egin zien bultza kanaberadi barrura; kraskatako hotsa aditu zen; geldirik egoteko oihukatu nion ahapeka.

        Orduan agurea eseri egin zen, eskuaz idien muturrekoei helduta.

 

 

 

© Cesare Pavese

© itzulpenarena: Koldo Biguri

 

 

"Cesare Pavese / Muinoko etxea" orrialde nagusia