XVI

 

        Euri epeleko gau bat etorri zen jarraian, udaberria askatu zuena. Biharamunean, oskarbi ihintzez bustian, lur usaina hartzen zuen arnasak. Goiz erdia eman nuen basoan, Il Pinorako bidezidorraren ondoko sakanean goroldioak eta enbor zaharrak ikusten. Iruditzen zitzaidan atzo bertan igo nintzela hara Dinorekin, neure artean galdetu nuen noiz arte izango zen hura nire zerumuga bakarra, eta elizako kristaleria bat bailitzan begiratzen nion zeruari. Belbo nire ondoan zihoan arin.

        Itzultzean Le Fontaneko isurkia ezin hobeto erakusten zuen tontor batetik igaro nintzen. Dino eta biok askotan bilatu izan genituen goi hartatik errepidea eta etxea. Egun hartan, enbor biluzien artetik, patioa ikusi nuen berehala, eta bi automobil geldirik ikusi nituen, berde-urdin kolorekoak, eta inguruan kolore bereko giza iruditxoak. Goragale antzeko zerbait etorri zitzaidan, izotzezko zerbait, neure buruari Fonsoren gizonak zirela esaten ahalegindu nintzen, eguzkia ezkutatu zela iruditu zitzaidan. Hobe begiratu nuen; ez zegoen zalantzarik, fusilak ikusi nituen soldaduen eskuetan.

        Segundo batzuetan ez nintzen mugitu; adi-adi nengoen sakanera, zeru leunera, azpiko taldetxora begira; ez nuen neure buruaz pentsatzen, ez nuen beldurrik izan. Gauzak era horretara, uste ez denean gertatzeak asaldatu egin zidan bihotza; etxe hura askotan ikusi nuen goitik, era askotako arriskuak pasa zitzaizkidan burutik, baina halako ikuskizunik —zerutik ikusia goizean— ez nuen espero.

        Baina denbora aurrera zihoan. Zer egin? Itxaron beste ezer egin ote nezakeen? Den-dena amaituta egotea, ordurako atzoko kontua izatea nahi izango nukeen: patioa hutsik, automobilak desagertuta. Catez gogoratzen nintzen, Torinora jaitsia ote zegoen, Torinon atxilotzen ari ote ziren. Hurbildu eta ahotsak entzutea pasa zitzaidan burutik. Goragale sentsazio hark jo ninduen berriz. Bistan zen Torinora azkar abiatu, dena arriskuan jarri eta Cateri abisu eman behar niola. Oraindik han egongo zela espero nuen nolabait.

        Patioan mugitzen ari ziren. Gonak eta paisano jantziak ikusi nituen, aurpegiak ez nituen bereizi. Automobiletara igotzen ari ziren. Etxetik soldaduak irten eta haiek ere igo ziren. Atsoa bereizi nuen. «Erreko ote ditek etxea?», nioen nire artean. Gero, urrun, alde egiten zuten motorren eztanda iritsi zitzaidan.

        Denbora igaro zen. Ni mugitu ez. Dena lasai eta leun zegoen berriro ere. «Atsoa harrapatu baditek —pentsatzen nuen—, denak harrapatu ditiztek». Nire oinetan bil-bil egina, Belbo arnaska ari zela ohartu nintzen. «Behera», esan nion, eta hankaz bultzatu. Bere hanken gainean jauzi egin zuen, zaunkaka. Beldurrez, enbor baten atzean ezkutatu nintzen. Baina Belbo bazihoan erbi baten antzera.

        Errepidean arin joanda iristen ari zela ikusi nuen. Patioan sartzen ikusi nuen. Le Fontanen jendea kantuz eta artean dena gertatu gabe zegoen udako gau hura etorri zitzaidan gogora. Bihotza estutua nuela belarria erne eta zelatan jarri nintzen norbait behean geratu ote zen. Belbo, patioan tinkaturik, zaunkaka hasi zen berriro, ate aldera, erronka jotzen bezala. Oilarraren kukurrukua entzun zen, zalapartatsu eta urruna; gurdi ilara baten kirrinka entzun zen Il Pinorako errepidearen aldetik.

        Patioak hutsik jarraitzen zuen. Gero Belbo ikusi nuen, saltoka ari zela eta zaunka egiteari utzirik; norbaiten inguruan ari zen saltoka, umetxo baten inguruan; Dino zen, hesi azpitik azaldua. Errepidera jaisten eta askotan etxeratzean ibili nuen bidezidorretik elkarrekin abiatzen ikusi nituen. Dino zen, zalantzarik ez. Ezagutu nizkion beroki gainean eraman ohi zuen lepoko gorria eta pausaje arina. Sastraka eta hosto ustel artean hasi nintzen korrika, adar bustietatik baztertu eta hala ere jotzen ninduten, ero baten antzera nindoan lasterka; beldurra, egonezina, aztoramendua antsiaz beteriko lasterketa bihurtu ziren. Zuhaitz arteko soilgune batetik Le Fontane eta patio lasaia ikusi nituen berriz. Ez zegoen inor.

        Aldaparen erdian aurkitu nuen Dino. Eskuak poltsikoan zituela ari zen igotzen. Geratu egin zen, aurpegia gorriturik eta arnasestuka. Ez zitzaidan iruditu ikaratuta zegoenik. — Alemanak —esan zidan—. Goizean etorri dira autoan. Ukabilka hasi dira Nandorekin. Hil nahi zuten...

        — Non duk ama?

        Cate ere harrapatu zuten. Baita Gregorio zaharra ere. Denak. Bera eta ama Torinora joateko irteten ari ziren eta iristen ikusi zituzten. Buelta emateko astirik ere gabe, korrika patiora jauzi eginda zeuden alemanak. Fusil motzak apuntatzen zituzten, oihuka. Ama dardarez zegoen. Nando gosaltzen ari zen eta amaitu gabe geratu zen. Artean mahai gainean zegoen katilua.

        — Sartu al dituk sotora?

        Aleman batek otarre bete botila hartua zuen. Bai, Nando sotoan jo zuten, oihuak aditzen ziren. Kaxak eta fusilak aurkitu zituzten. Alemanez ari ziren oihuka. Paisano jantzitako gizontxo bat zen bajen buru, italieraz ari zena. Nandoren emaztea lurrera erori zen. Berari ezkutatzen saiatzeko esan zion amak, eta gero niregana etortzeko, dena esatera. Baina besteekin geratu nahiko zukeen, bera ere automobiletara sartu; aurrea hartu zuen eta alemanek ez zioten sartzen utzi. Orduan amak bekozko iluna jarri eta berak landetara ihes egin zuen, eta amonak dei egiten zuen, oihu egiten zuen. Berdin zen ezkutatzea.

        — Niri zerbait esateko eskatu dik?

        Dino ezetz esan eta berriz hasi zen ikusi zuena azaltzen. Paisano jantzitako gizonak galdetu omen zuen nork erabiltzen zituen goiko gelak. Arratsaldez zenbat etortzen ziren ostatura. Gero alemanez hasten zen besteekin.

        Ate-sare ondora iritsi ginen. Dinok esan zuen bazkalduta zegoela eta sagarrez beteak zituela poltsikoak. Bide osoan, parkeetan gordetako landetxeak etorri zitzaizkidan burura, haietako bat ere ez zela segurua bertan ezkutatzeko.

        Baina ate ondoan Elvira geneukan zain. Berokia jantzita zegoen, gure zain. Goibel zegoen, urduri. Nire aldera lasterka etorri eta, sua bera baino gorriago ere, ahotsik gabe hasi zen marmarrean:

        — Alemanak dabiltza.

        — Badakit —esan nahi izan nion, baina besotik heldu eta Dinori berari jaramonik egin gabe ere aparteko leku batera eramateko egin zuen keinuak ikaratu egin ninduen. Ez zegoen lotsagatik gorrituta, begiak ikaratuta zituen.

        — Bi aleman etorri dira —esan zuen arnasestuka—, zure izena esan dute... Sartu dira... gela ikusi dute...

        Goragalea baino areago izan zen, hankak flakeziak jota geratu zitzaizkidan. Zerbait esan nuen, ahotsa ez zen irten.

        — Orain ordubete —esan zuen Elvirak ahots apal eta lakarrez—, ez nekien non zinen... ez nuen nahi zure zain gera zitezen... Eskola eta kalea jarri dizkiet paper batean. Hara joan dira... Baina itzuliko dira, itzuliko dira...

        Gaur egun ere galdetzen diot neure buruari zergatik aleman horiek ez ziren gelditu nire zain landetxean, Torinora norbait bidaliz nire bila. Horri zor diot oraindik libre izatea, hemen goian egotea. Zergatik salbatu nintzen ni, eta ez Gallo, edo Tono, edo Cate, ez dakit. Beharbada, beste zerbait jasan behar nuelako? Hutsaren hurrena naizelako eta ez dudalako ezer merezi, zigorra sikiera ere? Aldi hartan elizan sartu nintzelako? Arriskuarekin izandako eskarmentuak egunetik egunera koldarrago bihurtzen gaitu. Ergel bihurtzen gaitu, eta orain nagoen unean halabehar hutsez bizirik egotea, ni baino hobeago ziren asko hilik daudelarik, ez zait atsegingarri gertatzen, niretzat ez da aski. Batzuetan, alferreko irratia entzuten egon eta gero, kristaletik mahasti hutsetara begira nagoela, halabeharrez bizitzea ez dela bizitzea pentsatzen dut. Eta benetan onik irten ote naizen galdetzen diot neure buruari.

        Goiz hartan ez nintzen pentsatzen geratu. Heriotza-zapore batek betetzen zidan ahoa. Jauzi egin nuen ezpelen atzeko bidezidorrera; sasiaren gainetik, Elvirari esan nion nire dirua eta bankuko libreta umeari emateko, ni garo-sakanera nindoan haren zain egotera. Dinori kontuz ibiltzeko esan nion, atzetik norbait segika bazuen ere. Ate-sarera joan eta begira zezala esan nion.

        Alemanei, gomendatu nion Elvirari, erantzun behar zitzaien sarritan aste osoak ematen nituela Torinon, eta berak ez zekiela non.

        Dinok oihu egin zuen. — Gizon bat! —esan zuen.

        Harri txintxar bustietan zapal-zapal eginda etzan nintzen. Elvira itzuli zen. — Ez zen ezer —xuxurlatu zuen—, gurdi bat igaro dela.

        Eta nik, orduan: — Horretan geratuko gara —eta ihesari eman nion.

        Izerdi patsetan nengoela iritsi nintzen garo artera. Ez nintzen eseri. Gora eta behera nenbilen, barruko sua itzaltzeko. Zuhaitz biluzien artetik zeru zabala irekitzen zen, arina, horrela sekulan ikusi gabea. Ulertu nuen zerua zer den kartzelan daudenentzat. Ahoa betetzen zidan odol zapore hark pentsatzea eragozten zidan. Erlojua begiratu nuen. Damuturik nengoen zain egoteko agindu izanaz. Ikaratzekoa zen itxaronaldi hura. Belarria erne jartzen nuen, zakurrak zaunkaka entzuten ote nituen ere, banekien alemanek zakur poliziak erabiltzen zituztela. «Belbo bila etortzen ez bazait ondo —nioen—, haren atzetik etortzeko gauza dituk horiek».

        Gero, susmoak eta galderak hasi ziren. Alemanek Elvira eta bere ama atxilotzen bazituzten, amak zalantzarik gabe esango zuen hemen nintzela. Haiei arren egitera itzuli nahi izango nukeen. Elvirari zenbat oker egin nizkion pentsatu nuen. Dinok atxiloketen eta fusilen berri eman ote zien galdetu nion neure buruari. Zertxobait lasaitu nintzen nire etxean fusilik ez zutela bilatu gogoratzean.

        Horrela nengoen zain, zuhaitz enborren kontra jarririk, nire artean hitz eginez, alde batetik bestera ibiliz, argiari jarraituz. Gosea etorri zitzaidan, erlojua begiratu nuen, hamaikak eta hamar ziren. Ordu erdi besterik ez zen zain nengoela. Ez nintzen ausartzen Catez, Nandoz, beste guztiez pentsatzera, neure buruari errugabetasun agiri bat emateko bezala ia. Halako batean, lur jo nuen, nazka eman zidan neure buruak. Hirugarren aldiz pixa egin nuen zuhaitz enbor batera.

        Dino bi ordu beranduago iritsi zen; Elvira zetorren berarekin, mezatatik itzultzean bezala belo beltza zeramala buruan. — Bat bera ere ez dugu ikusi —esan zidaten. Fardel bat eta pakete txikiago bat zekartzaten. — Arropa eta jana dago —esan zuen Elvirak. Arropa galtzak, mukizapiak eta bizarra mozteko makina ziren. — Erotuta zaudete —esan nuen garrasika. Baina Elvirak esan zidan pentsaka hasi zela, babesleku on bat bilatu zidala, segurua. Il Pinoz bestaldean zegoen, zelaian, Chieri kolegioa, etxe lasai bat, oheak eta errefektorioa zituena. — Patio eder bat dago han, eta eskola ematen dute. Ederki egongo zara —esan zidan—. Hona hemen erretorearen karta bat. Apaiz kolegio bat da. Elkarri laguntzen diote apaiz horiek.

        Lasai ari zen hizketan, lehengo ikararik gabe. Aurpegiko gorritasuna ere itzalita zuen. Dena berez ari zen gertatzen, ohikoa denaren antzera. «Gabon» esaten nioneko arratsalde haiek etorri zitzaizkidan burura.

        — Eta Dino? —esan nion.

        Oraingoz beraiekin geratuko zen. — Konforme gaude —esan zuen, mutikoari apenas begiratuz; berak baietz esan zuen kokotsarekin.

        Nekeak, odol zaporeak hartzen ninduten berriz. Lausotu egin zitzaizkidan begiak. Onberatasun, izu eta bakezko itsaso batean nengoen igerian. Apaizak eta kristauen barkamena ere. Irribarre egiten ahalegindu nintzen, baina aurpegiak erantzun ez. Zerbait esan nuen marmarrean —segituan itzultzeko, eta batez ere bila ez etortzeko—. Paketeak hartu eta alde egin nuen.

        Basoan jan nuen, eta arratsalde aldera sartu nintzen kolegioan aparteko kalexka estu batetik. Inork ez ninduen ikusi. Ahal izanez gero, ez nintzela handik berriro irtengo zin egin nuen.

 

 

 

© Cesare Pavese

© itzulpenarena: Koldo Biguri

 

 

"Cesare Pavese / Muinoko etxea" orrialde nagusia