XV
Urtea elurrik egin gabe amaitu zen eta, eskolak berriz hasi zirenean, Castelli beste konturik ez zegoen lankideen artean. — Eskerrak ez duen hotzik egiten —esaten zuten—. Baina egia bada diabetes hastapen bat duela, gorriak ikusiko ditu. — Zer egin zitekeen bere alde? — Ezer ez —xuxurlatzen genuen—, ezer ez. Mantxa hori zabal zitekeen—. Lucini isilik zegoen, aztoratuta eta gaizto. Eskolako atetzarraren ondora iristen nintzenean, beti ere espero nuen auto bat ikustea han, alemanak, miliziakoak. — Den-denok zelatatu egingo gaituzte —esan zuen beste batek—, umeak, etxeak... Hau da hau! Bahituta eramango gaituzte.
Eta Domenico zaharrak: — Gauden trantze honetan, gaixotuz gero ez dago oheratzerik.
— Irakasle jauna, zaindu bedi —esaten zuten oihuka umeetan bizkorrenek.
Egun haietan zuzendaria bera ere gertatu zitzaidan errukarri ia. Hasperenka hasi eta ikaratu egiten zen telefonoak jotzen zuen bakoitzean. Argi eta garbi zegoen Castellik berak jarri zuela soka bere lepoan ikuskatzailearekin hitz egin zuenean. Bere aurpegi bigun triste hura ez zuen inork faltan aurkitzen. Berak bilatu zuen. Gainera, ondo pentsatuta, ez al zen, bada, kalabozu baten barruan bezala bizi ordurako, bakarka eta temati? Baina denok bizi ginen horrela, pareten atzean, beldurtuta eta zain, eta oin hots bakoitzak, ahots bakoitzak, ustekabeko keinu bakoitzak korapiloa jartzen zigun zintzurrean. — Silvio Pellico —irribarre egin zuen egun batez zuzendariak—, kartzelara sartu zuten eta kito, ez zuen lankide bat ere estualditan sartu, behintzat...
— Baina, ez al du senitartekorik?
— Mesedez, bera ardura dadila horretaz!
Castelliz ere ahaztu ginen. Esan nahi baita, haren konturik ez genuen gehiago aipatu. Baina Tono bezala, Gallo bezala, Valdarnoko soldadua eta Egleren neba bezala, usterik gutxien nuenean etortzen zitzaidan Castelli gogora, egonezin batean, alarmarekin, ihintzaz izoztutako goizalde batean edo albisteek ekarritako larrialdiarekin. Batez ere gauez ilunpean oheratzean gogoratzen nuen, edo goizean Torinora jaistean, eguzkiak urre anker batez pizten zituenean laugarren solairu bateko kristalak. Neguak, argitasunek, goizaldeko laino urrezkoek munduarekin onezkoak egitera bultzatu ninduten beti, bai eta itxaropenezko hotzikara bat eman ere. Gerrateko lehen urteetan behintzat, era honetako plazerek irauten zutela pentsatzeak zentzu bat ematen zion nire itxaronaldiari. Orain hori ere itzaltzen zen, eta ez nintzen ausartzen burua altxatzera.
Eglek orain hau eta gero hura esanez hitz egin zigun ordura arte bere nebaz. Ia senera itzulita zegoela uste zuen, eta bera lasai zegoen itxuraz. Ez, ez omen zen pasa alemanen aldera, ez zuen merezi. Baina atzoko etsaiekin ere ez zen elkartu, leialegia zen bera; Milanon omen zegoen, lantegi batean injineru, halako lagun batzuekin erdi ezkutaturik. Paisano jantzita zebilen.
Ihes egin behar izanez gero, galdetzen nuen neure artean egun haietan, ezkutatu beharrean gertatuz gero, nora joango nintzen, non emango nuen gaua, edo mokaduren bat jango? Topatuko ote nuen etxe honen antzeko lekurik, bero apurrik, arnasa hartzeko modurik? Inor nire aztarrenak hartu nahian nuela sentitzen nintzen, errudun sentitzen nintzen, lotsaturik nengoen nire egun lasaiengatik. Baina esamesak etortzen zitzaizkidan gogora, komentuetan, kanpandorreetan, sakristietan gordetako jendeari buruzko istorioak. Zer nolakoa ote zen bizitza horma hotz horien artean, koloreko kristalerien atzean, egurrezko eserlekuen artean? Haurtzarora, intsentsu usainera, errezoetara eta errugabetasunera itzultzea? Ez zen gauzarik okerrena egun haietan, inondik ere. Bizimodu hori hartzera behartuta egoteko nahikeria, kasketa ia, aurkitu nuen neure baitan. Lehenago, eliza baten aurretik igarotzean, neskazaharrak, belauniko jarritako agure burusoilak eta marmarizo gogaikarriak besterik ez zitzaizkidan etortzen gogora. Ez al zen hori ba axolazkoa?, eliza bat, komentu bat ez al ziren, ordea, babesleku bat, non bihotz taupadak lasaitzen entzuten baitziren, esku-azpiak aurpegian jarririk? Baina horretarako, pentsatzen nuen, ez zen eliz barnerik ez aldarerik behar. Aski zen bakea, odol isuria amaitzea. Gogoan dut plaza bat zeharkatzen ari nintzela, eta gogoeta horrek gerarazi egin ninduela. Hotzikara batek inarrosi ninduen. Bozkario bat izan zen, ustekabeko zoriontasuna. Errezatzea, elizan sartzea, pentsatu nuen, bake une bat bizitzea da, berriz jaiotzea odolik gabeko mundu batean.
Baina segurantzia ahultzen ari zen. Handik gutxira, eliza bat aurkitu eta sartu egin nintzen barrura. Ate ondoan geratu nintzen, horma hotzean bermaturik. Barru aldean, aldare azpian, kandelatxo gorri bat zegoen; eserlekuetan, inor ez. Begiak lurrean tinkatu eta lehengo gogoeta hartu nuen berriro buruan, berriz gozatu nahi izan nuen alaitasunaz eta ustekabeko bakearen segurantziaz. Ez nuen lortu. Neure artean galdetu nuen, ordea, mezatara bidaltzen ote zuten Dino. Inoiz ez genuen horretaz hitz egin. Ez nuen gogoratzen zer egiten zuen igande goizetan. Atsoa mezatara joaten zen, noski. Aspertzen ari nintzen, kanpora irten nintzen eta kanpoko aire zabala arnastu zuen.
Ez nuen inorekin hitz egin une hartaz, pozaldi hartaz. Are gutxiago Caterekin. Neure artean galdetu nuen ea hori bera sentitzen ote zuten mezatara joaten zirenek, nire emakumeek, Santa Margheritako erretore jaunak —inork gozatzen ote zuen antzerako bakerik presondegian, bonben azpian edo apuntaturiko fusilen aurrean—. Beharbada, heriotza onargarria zen, baldintza horrekin. Baina horretaz mintzatzea ezinezkoa zen. Elizan berriz sartzea bezala izango zen, erritu bat ikusten egotea bezala —alferreko keinu bat—. Kultuaren, aldareen, eliz barne hutsen gauzarik ederrena zeru azpian arnasa hartzera irteteko unea zen, ateko oihala berriz erortzen zelarik, norbera libre, bizia zelarik. Horretaz bakarrik hitz egin zitekeen.
Jangelako epelean, argi errainuaren azpian, Elvirak josten eta atsoak lo kuluxka egiten zuen bitartean, ihintzaz pentsatzen nuen, gorpuez, basora egindako ihesaldiez. Bi hilabeteren buruan gehienez ere, udaberria izango zen, muinoa berdez jantziko zen, zerbait berria, lerdena jaioko zen zeru azpian. Gerrak zirt edo zart egingo zuen. Erasoaldi eta lehorreratze gehiagoren kontuak zerabilzkien jendeak. Ihesi ateratako aireplanoen kontrako azken tiroekin babeslekutik irtetea bezala izango zen.
Cateri ez nion nire saioaren berririk eman, baina berak gauza horietan sinesten ote zuen jakin nahi nuen. Keinu bat egin eta erantzun zidan sinetsi izan zuela. Bidezidorrean geratu zen —ilunduta zegoen ordurako, Torinotik bueltan gentozen—, esan zuen otoitz egiteko gogoa etortzen zitzaiola batzuetan, baina bere gogoari eusten bazekiela. Nerbioak egoki ez dituenak, adierazi zuen, ez du ezertarako balio ospitalean. Gauza gehiegi gertatzen dira.
— Baina errezatuz nerbioak lasaitzen ditun —esan nuen—. Begira apaizak eta mojak, lasai zeuden beti.
— Ez duk errezatzeagatik —esan zuen Catek—, haien bizibidea duk. Denetarik ikusi behar izaten ditek.
Denok ospitale baten barruan bezala bizi ginela pentsatu nuen. Bideari ekin genion berriz. Bakea, alferreko etena gauza zentzugabeak eta jakinekoak iruditzen zitzaizkidan orain. Benetan, ezin zitekeen horretaz hitz egin.
— Ez zegok errezatzerik —esan zuen Catek— sinetsi gabe. Alferrik duk.
Lehor mintzatu zen, berriketa bati erantzunez bezala.
— Eta, hala ere, beharrezkoa dun sinestea —esan nion—. Ez badun zerbaitetan sinesten, ez haiz bizitzen.
Catek besotik heldu zidan. — Gauza horietan sinesten al duk?
— Gaixoak gaitun denok —esan nion—, sendatu nahi luketen gaixoak. Gaitz bat zegon barruan, aski geniken horrelakorik ez dagoela sinetsita egotea, eta sendatuta egongo ginatekeen. Errezatzen duen hori, errezatzen duenean, sendatuta bezala zegon.
Catek harrituta begiratu zidan orduan. Irribarrea espero nuen, baina ez zen horrelakorik iritsi. Esan zuen: — Egiazko gaixoak sendatu egin behar dituk, zaindu. Errezoak ez dik balio. Eta horrela duk guzti-guztian. Fonsok ere esaten dik: «Konta ezazu zer egiten den, ez zer esaten den».
Gero Dinori buruz jardun genuen. Eta errazagoa izan zen. Catek onartu zuen kemen handiagoaz hazi beharko zukeela, gauzak bere kasa ulertzen irakatsi, erabakitzeko astia eman, baina ez zuela lortu. Amonak mezatara eraman eta dotrinara bidaltzen zuen, batzuetan. Nik esan nion umeek, egiten dena egiten dela ere, ez dakitela erabakitzen, eta dotrinara bidaltzea ala ez bidaltzea aukera bat zela jadanik, haiek nahi izan ez duten gauza bat irakastea dela. — Ezertan ez sinestea ere erlijioa dun —esan nion—. Inor ez dun geratzen gauza hauetatik kanpo.
Baina Catek esan zuen posible izan behar zuela ume bati bi ideiak irakatsi eta gero aukeratzeko esateak. Barregura etorri zitzaidan orduan, eta berak ere egin zuen irribarre esan nionean kristau bat egiteko modurik onena ez sinesten irakastea zela, eta alderantziz. — Egia duk —egin zuen oihu—, egi-egia duk—. Ate-sare aurrean geratu ginen, zakurra inguruan jauzika neukan ordurako, honetaz hitz egin genuen aldi bakarra izan zen hura. Biharamun arratsaldean ez nuen ikusi tranbiaren geralekuan.
Egun hartantxe bururatu zitzaidan Doraz bestaldera joatea, besteak ikustera. Gero, hotza zela, bide luzea zela, ez nintzen joan. Zuhaitz soilduen azpira itzuli nintzen, gure solasaldiko istorio hura hausnartuz, Castelli gogoratuz. Elvirak esan zidan gaztetxo bat etorri zitzaidala bila Le Fontanera joateko. Ez zekien nor zen. Segituan abiatu nintzen, ilundu baino lehenago, Elvira era horretan jakinaren gainean jarri zutelako haserre. Afaltzera itzuliko ote nintzen galdetu zidan oihuka nire bizkarretik.
Fonso eta Giulia ez beste denak aurkitu nituen. Nandok, ate ondoan zegoela, kezka imintzio bat egin zidan. Maletak eta fardelak begiztatu nituen mahaien gainean eta patioan. Sukaldean zebiltzan denak, Dino sagar bat marruskatzen ari zen.
Catek esan zuen: — Ah, etorri haiz!
Doraz bestaldera ez joateko abertitu nahi zidaten. — Azpi-azpitik ari dira hegan —esan zuen Nandok—. Hasi gara.
— Ez, Fonso mendian da —esan zidaten—. Giulia da. Alemanek harrapatu dute gaur.
Ez nuen beldurrik izan. Ez nuen sentitu bihotza erortzen zitzaidanik. Hilabeteak ziren une horren, kolpe horren zain nengoela. Edo beharbada, gauza bat benetan hasten denean, zalantza bat argitu eta horrela ez du horrenbeste ikaratzen. Haien asaldurak berak ere ez ninduen berehala ikaratu.
— Emakume bat —esan nuen— erraz konpontzen da.
Ez zidaten erantzun. Kontua beste zerbait zen. Ea halabeharrez harrapatu ote zuten ala denbora ote zeramaten etxea zelatatzen. Lantegian asko atxilotu eta tresna ugari bahitu zuten. Beste lagun batzuekin dei egin zioten patiora eta furgoi batera igoarazi zituzten denak. Norbait berehala abiatu zen abisua ematera. Segur aski, etxea arakatzen ari ziren une hartan. Nandoren emazteak garrasika zioen ergelkeria hutsa izan zela etxetik hanka egitea. Horrela Le Fontanera etorriko zitzaizkien bila.
Catek lehor esan zion inork ezin zuela hitzik egin.
— Giuliak izan ezik —esan zuen ahizpa gazteenak.
Giuliaren kemenaz jardun genuen. Galdera batek erresumina ematen zidan. Baina ez ausartzen egitera.
— Zerbait balekite —esan zuen atsoak—, barruan egongo zineten dagoeneko.
— Giulia gaixoa —esan zuen Catek—, aldagarriak eraman behar dizkiogu.
Orduan eskolako inork Castelliri buruz ez zuela pentsatu konturatu nintzen. — Eraman al daitezke paketeak presondegietara? —galdetu nuen.
Automobil baten zarata entzun zen, eta denok isildu ginen. Motorrak burrunba egin zuen, erraldoi egin zen, arnasari eutsi genion. Bizkor igaro zen, eta uretatik besoei eraginez irteten denaren antzera begiratu genion elkarri.
— Eskuratzen al dizkiete paketeak? —esan nuen.
— Batzuetan.
— Baina lehenago haientzat hartzen dituzte.
— Ez da gauzengatik, oroitzapena da inporta duena —esan zuen Nandok.
Buruan nuena ez zuen inork esan. Bakarrik, Dinok, halako batean, bota zuen: — Ezkutatuko al gara sotoan?
— Hi, egon isilik —lehertu zen haren ama. Baina Giuliaren kontura itzultzen ginen beti—. Arriskua, esan zuen Nandok, Giuliak burua galdu eta ez-esatekoak esaten hastea zen. Gorroto handiegia zien haiei. — Amorrarazten asmatzen badute...
Gaua zela utzi nituen. Torinon elkartuko ginen Cate eta biok. Arindua hartu duenaren sentsazioaz irten nintzen ilunpera, eta Belbo aurkitu nuen patioan zain. Hotzikara bat eragin zidan. «Zakurra eta erbia gaituk», pentsatu nuen.
Inauteriak iritsi ziren eta, arraroa badirudi ere, eskolara jaisteko egunero zeharkatzen nuen plaza barrakaz, nekaturik zegoen jendetza batez, tiobiboz eta saltzeko postuez bete zen. Hotzagatik dardarka ari ziren gimnastak eta gurditzarrak ikusi nituen; handik irteten zen iskanbila apurrak ez zidan ohiko nahigabea eragin. Miraria zirudien bidaia egiteko, aurpegia irinez estaltzeko eta horrela denen agerian jartzeko prest zegoen jendea geratzeak. Plaza erdia bonbek suntsituta zegoen. Zereginik ez zuen alemanen bat alde batetik bestera zebilen kuxkuxean. Otsaileko zeru gozo harekin, bihotz mindua zabaldu egiten zen. Muinoan, hosto ustelen azpian, lehen loreak ariko ziren lurra urratzen. Bila joango nintzela agindu nion neure buruari.
Kalerik kale ibiltzen nintzen orduan inor atzetik ote nuen zelatan. Cate tranbiatik jaitsi eta abiatu arte itxaroten nuen; mendi hegalaren erdian iristen nintzen haren ondora, ordurako argi zegoen arratsaldean. Giuliaren eta besteen berri ematen zidan. Giulia bizirik zegoela besterik ez zekiten, atentatuak eta alemanen errepresaliak aipatzen ziren xuxurlaka —zitekeena zen egun batean edo bestean emakume bat bahituta eraman eta horman jartzea—. Fonso ez zen berriro azaldu Torinora: udaberriko ekintzetarako antolatzen ari ziren mendian. Bere gizonek etorri behar omen zuten gau horietako batean Le Fontaneko deposituak eramatera —Catek hitz egin zidan haietaz. — Eskerrak —esan nion—, ibili azkar. Zoroen kontua dun hau. — Berak irribarre egin eta «Bazekiat» esan zidan.
© Cesare Pavese
© itzulpenarena: Koldo Biguri