XIV
Haien etxera bila joateari utzi nion, Catek ere han ematen baitzuen ordubete bazkalostean. Utzi nion Fonso eta Nando beti kanpoan zeudelako —baita hiritik kanpo ere—, eta gauza hauek edo benetan egiten direlako edo bestela ez duelako zentzurik hasteak. Jolasteagatik konprometitzea gauza ergelegia da. Baina arriskua nonahi zegoen ordurako. Bizi garen garaiotan inor ere —koldarra izan arren— ez dago seguru biharamunean ohean esnatuko den ala ez. Erasoekin bezala. Eta arrazoia du atsoak. Arrazoia dute apaizek. Denok dugu errua; denok ordaindu behar dugu.
Denetan lehena, kalterik gutxien egiten zuenak ordaindu zuen, hau da, Castellik. Umeen urduritasuna eta zuzendariaren hitzaldi eztikeriaz betetakoak gora-behera, saguen antzera sotoan ezkuta erazi gintuen beste eraso anker bat gora-behera, ikasgeletako pasabide handiek, patio biluziak eta ohiko isilaldiek artean babesleku bihurtzen zuten eskola, komentu zahar baten antzera gozagarri. Bitxia zirudien norbaitek bakea eta kontzientzia ona beste nonbait bilatu nahi izateak. Baina Castelli Lucini zentzugabe haren menpe zegoen, lezio pribaturen bat ematen hasia zen, baina ez zion galdetu Lucini horri nolatan ez zuen berak ere alde egiten. Elkarrekin paseatzen ginen atalaurrean, eta Lucinik kopeta zimurtzen zuen, mozkote eta erasokor, hortzak erakusten zituen, baiezka aritzen zen. Castellik solasaldi labur bat eduki zuen zuzendariarekin, eta halako egun batean bere eskaria aurkeztu.
Idazkari andreak esan zidan hori, harrituta: — Zorionekoak diabetikoak!—. Baina gauzak ez ziren behar bezala atera. Ni ere deitu ninduten zuzendaritzara. Zerbait egosten ari zela ohartu nintzen zuzendariak zerabilen doinuagatik. Ez zen ikerketa bat, mesedez. Ez zitzaion iruditzen beharrezkoa zenik. Bakarrik jakin nahi zuen ea zerbait ba ote nekien lankide baten erabakiaz, elkarrizketarik egin ez ote zen, ea uste nuen kanpoko arrazoiren batengatik... Gero sutu egin zen. — Denok nahi genuke etxean geratu. Erosoa litzateke edozeinentzat garai hauetan. Ederra, aurkikuntza. Baina denok ezin dugu. Gu gara, zuzendariok, arrisku handienean gaudenak. Kontuak eman behar ditugu gure eta zuen hitz bakoitzaz...—. Gogoratu nintzen nola behin, aurreko urtean, eskolako batzarrean hitz egin zigun zuzendaritzaren eta gure artean, ordu zail hartan, nagusi izan behar zuen konfiantza handiaz. Artean Lucini faxista zen.
Neure burua menderatu ez eta bere izena bota nuen. Mingainari hozka egin nion gero. Baina zuzendaria ilundu eta aldi berean barrez hasi zen. — Lucini Lucini da —esan zidan—. Denok dakigu nor den Lucini.
— Baina ez al ginen berari buruz hizketan? —esan nuen latz.
Harri eta zur eginda begiratu genion elkarri. Orduan, zuzendariak hasperen egin zuen, ikasle ergelegi baten aurrean bezala.
— Castelli —esan zidan—. Castelli. Tira, goazen.
Ezpainak keinu bat eginez estutu, eta begiratu egin nion.
— Castelli? —galdetu nion— Santu bat da, baina!
Bestea zutitu eta ate ondoraino ibili zen; hura ukitu eta atzera itzuli zen arin. Pausu batera geratu eta bere kopeta ukitu zuen. Hasperen egin zuen, ezinegonak eraginda. — Castellik zuhurtasun gutxiz hitz egin dit —esan zuen—. Istilu bat sortuko da, seguru. Umeak dira arriskua. Ba al dakizu hitz egin ote duen umeekin?
— Lucinik bakarrik esan dezake hori. Besotik helduta ibiltzen dira beti.
— Utz ezazu bakean —lehertu zen—. Lucini ezin dugu nahastu.
— Zergatik? —esan nuen alai itxuraz.
Begi maltzurrak jarri zizkidan orduan zuzendariak. Mahai atzean eseri zen berriro, eskuak bildu eta txalekoaren kontra zapaldu zituen. Etsiak hartuta ere ematen zuen.
— Garbi hitz egin nahi dizut —esan zuen poliki—. Nerbioak txiki-txiki eginda dauzkagu denok garai hauetan. Lankide batek besteari esaten diona, hemen bakarka gaudela elkarri esaten dioguna ez da hemendik kanpora irteten. Ausartzen naiz pentsatzera familia bakar bat osatzen dugula denok elkarrekin. Baina eginbehar bat daukagu, bete beharreko eginkizun bat. Eredu ona erakutsi behar diegu umeei, familiei, baita nazioari ere, herri dohakabe honi; argi hitz egiten dut? Zuhurtasun gutxiko keinuak egiteak, jokabide arriskutsua hartzeak... kontzientziari buruz gero hitz egingo dugu, nahi baduzu... bere eragina eduki dezake... jendea erakarri... nahastu. Askoren begiak, eta ez bakarrik umeenak, guri daude begira... Argi hitz egiten dut?
Ez genuen hitzik egin kontzientziari buruz. Biotako inori ez zitzaigun interesatzen. Bakarrik agindu nion saiatuko nintzela Castelli konbentzitzen eskaria bertan behera utz zezan. Aldiz, Lucinirengana joan eta osasunez zer moduz zebilen galdetu nion serio-serio. Lucini ulertu eta sutu egin zen. Segituan esan zuen hauek ez zirela garaiak zapatilak jantzita egoteko, eta zainetan odola zuenak konprometitu behar zuela bere burua.
— Konprometitu, nola?
— Gerra hau —esan zidan— ez du inork ulertu. Ustelduta zegoen erregimen batekin hasi genuen. Denak ari ziren eta ari dira saldukerian. Baina suaren probak bahetik pasatzen gaitu. Iraultza bat ari gara bizitzen. Beranduko errepublika hau...
Ez zuen ondorio handirik atera, baina ondorioa atera zuen. Bere ideia zen ez zegoela denbora askorik, batailan parte hartu beharra zegoela, aberria salbatu, borrokan ari zirenetatik iraultza egin eta bakea ezarri behar zuenarekin batera.
— Baina nor irtengo da garaile? —esan nuen marmarka.
Niri txundituta begiratu eta bizkarra jaso zuen.
Castelliri etxera lagundu eta zuzendariaren beldurraren nondik norakoak azaldu nizkion. Damuz entzuten zidan. Luciniz hitz egin eta eskaria elkarrekin egin ote zuten galdetu nion. — Berdin-berdin zuan —esan nion— halako egun batean eskolara etortzeari uzten bahion ere. Zertarako balio dik guztiei nazkatuta hagoela esateak?
Balio zion, soldata erdi horren beharrean zegoelako. — Lucinik —esan zidan— ezin dik eszedentzia eskatu; irakasle zerrendatik irten eta gero, nori emango zizkiokek eskolak? Esgrima egiten duen inor ba al zegok oraindik?
Istorio honek gero eta zentzu gutxiago zeukan. Azaldu nion sekulan inori ez zitzaiola burutik pasako guk gobernu hari zerbitzatu geniola aurpegiratzea. — Orduan denek utzi beharko liketek —esan nuen—. Tranbiazainek, epaileek, postariek. Bizitza geratu egingo huke.
Berak, patxadatsu eta burugogor, horixe behar zela esan zidan. — Baina utz ezak orduan soldata. Gobernuaren sosak dituk.
Burua mugitu eta alde egin zuen. Etxera itzuli nintzen, artegatuta eta nahigabez. Ikusi nuen emakumeek jarriko zuten aurpegia, Catek jarriko zuena, antzeko zerbait egin izan banu. Baina, beharbada atsegin izango zitzaien. Baita Elvirari ere atsegin izango zitzaion, beste arrazoi bategatik, ordea. Horra, pentsatu nuen arratsalde osoan, arriskatzen dena, ahaleginak benetan egiten dituena halakoxea da, ez du pentsatzen. Gaixotu eta hilko dela ez dakien ume baten antzera. Ez du bere baitan begiratzen, ez die sosei ere uko egiten. Denek bezala, beste edozeinek bezala, bere interesaren alde jokatzen duela iruditzen zaio.
Egun haietan, festak zirela eta, karta egin zidaten etxetik. Arrebak idazten zidan, lurren berri ematen zidan, kexu zen urte hartan ere hirian geratzen nintzelako. Bidaiak txarrak ziren, noski, eta trenak erosotasun gutxikoak, izoztuak. Bizitza itsusia da edonon, zioen, hemen zaharrak berri. Karta fruta eta haragi otarre batean itxirik zetorren; Eguberrietako gozokia ere bazegoen.
Otarreko erdia Le Fontanera eraman nuen, Catek eta biok elkarri agindu genion urte bukaerako afarirako. Denek etorri behar zuten. Amona eta neskak sukalde lanetan ibili ziren egun batez; Dino nirekin ibili zen batetik bestera muinoan gaztaina eta kardabera bila. Egun urdin-garbia zen, urrezkoa; artean elurrik ikusi gabe geunden, urte hartan. Dinok kontatu zidan hirian egon zela hiru abertzale fusilatu zituzten espaloia ikusten; artean odol arrastoak omen zeuden: lehenagoko egunean iritsiz gero, gorpuak ikusiko zituzkeen. Kalean zebiltzanetatik baten batek bueltatu eta begiratua botatzen zion zoko horri. Ahazteko eta festaz pentsatzeko esan nion. Berak orduan esan zuen balen markak ikusten zirela horman.
Le Fontanean liburu mordo bat eta poltsikorako linternatxo bat zeuzkan zain; itzultzean aurkitu behar zitean. Catek eskerrak emanak zizkidan ordurako. Ez nekien ziur Dinori gustatuko ote zitzaion oparia. Sekulan ez nion oparirik egin mutiko bati. Baina, ba al zegoen pistola bat erregalatzerik?
Hotzak minduta eta pozik itzuli ginen. Bero ederra zegoen sukaldean. Zaharrak zeuden han, Fonso, Giulia, Nando, denak. — Leku segurua da hau —zioten—. Hemen ez zarete larriturik biziko, Torinon bezala.
— Pentsa ezazue —zioten—, denok hormara eramateko adina gauza daudela sotoan. Berori eramateko ere bai, amona.
Neskek barre egin eta janariak atera zituzten. — Eguberrian gaude. Ahaztu dezagun hori —esan zuen norbaitek.
Tonori buruz hitz egin genuen. Alemanian zen, sarraski-esparruren batean. Beste batzuei buruz hitz egin zuten, baina ez nituen ezagutzen, eta ihesaldiei buruz, eta ustekabe emandako kolpeei buruz. — Mendietan jende gehiago dabil etxean baino —esan zuen Nandoren emazteak—, auskalo nola pasako dituzten horiek Eguberriak.
— Egon lasai —marmaratu zuen Fonsok—, ardoa ere bidali zienagu-eta.
Ni Gregorio zaharrari begira nengoen, txalekoa jantzita eta konkortuta, mokaduak xehatzen ari baitzen, lasai-lasai. Ez zuen hitzik esaten, adi zegoela zirudien, lasai begiratzen zuen, berriketa horiek jaio zenetik egunero entzun izan balitu bezala. Gure alaitasunaren kezkak ez zuen hunkitzen. Nire herria ekartzen zidan gogora. Gu guztion artetik bera bakarrik bizi izan zen beti muinoan.
— Eguraldi ona iristen denean —zioen Fonsok— jaitsiko gara menditik.
— Segituan harrapatu eta garbituko zaituztete —esan nuen bertan— Hobe izango da mendian geratzea.
Catek ere eman zidan arrazoia. — Hurrengo udan —esan zuen Fonsok— haiek igoko dira hara gure bila. Ez diegu astirik eman behar.
— Ingelesek laguntzen ez diguten bitartean —esan zuen Nandok barrez—, ez dugu arma onik izango. Alemanak eta faxistak dira gure armategia. Ez badizkigute ekartzen, haienak harrapatzera jaitsi beharko dugu. — Hau da hau, gerra! —esan zuen oihuka neska batek—. Lehenago ihes egitea lortzen duena da garailea.
Barrez eta oihuka ari ginen, eta orduan Dino, edan baitzuen, eroarena egiten eta mahai inguruan korrika hasi zen, linternatxoa arma baten modura apuntatuz eta gure gainean piztuz. Nik esan nuen alemanak gerrillatan aditu zirela azken lau urteetatik, eta ezin zitekeela ameskeriatan ibili.
— Eta horiek gure etxean ikusi behar! —esan zuen Nandok.
— Hobe duk horrela, lehen baino —moztu zuen Fonsok.
— Dudarik ez eduki.
Amaieraz ez zuen inork hitz egin. Ordurako inork ez zuen denborarekin konturik ateratzen. Ezta atsoak ere. «Datorren urtea» esaten zuten, edo «datorren uda», ezer gertatu izan ez balitz bezala, ordurako ihesa, odola eta heriotza-zelataria ohiko bizimodua bailiran.
Mahaira fruta eta gozokiak ekarri zituztenean nire herriaz eta behealde hartako bandei buruz hitz egin genuen. Catek gurasoen berri galdetu zidan. Fonsok zerbait esan zuen muinoko isilpeko lanaz, bai Torinon, bai mendian ere antolatzaile lanetan baitzebilen. Ez zuen berri handirik, beste sektore bat zen, baina bazekien eskualde madarikatu bat zela, non soldadu iheslari asko lurra lantzeari ekin eta gerraz ahaztuta bizi baitziren.
— Hauek bezalako muinoak dituk —esan nuen orduan—. Neguan ezkutatzerik ba al zegok muinoan?
— Edonon egin daiteke hori —esan zidan—. Beharrezkoa da erasotzaileen indarrak banatzeko. Etxe bakoitzak, herri bakoitzak, muino bakoitzak bereak izaten dituenean, esango didazu beltzek nola egingo diguten aurre?
— Harrapatzen dugun aleman bakoitzeko —esan zuen Nandok—, etsai bat gutxiago Cassinon borrokan.
Sinetsi ezinik gogoratu nituen hemengo mahastiak eta muinoak. Sinestezina iruditu zitzaidan, zentzugabekoa, hemen ere inor tiroka ibiltzea, segadak antolatzea, etxeak erre eta jendea hiltzea.
— Ba, esango didazue —atera zen Nandoren emazteak—, ingelesek eskerrak emango ote dizkizueten gero!
— Utikan! —esan zuen Fonsok—. Ez gauden ingelesentzat borrokan.
Ke eta ardo usaina zeukan gelak. Catek ere piztu zuen zigarro bat. Irratia piztu zuten. Marmarra handiagoa egin zen, eta bazen giro hango beroarekin, denok estufan bermatuta geundela, ahotsak entzuten. Lehentxeago patiora irten nintzen, Dinorekin, eta bera ilunpean kukubilkatzen zen bitartean, izarretan eta hutsunean galdu nintzen ni une batez. Umetako izar berberak, hiriaren gainean eta trintxeren gainean, hildakoen eta bizien gainean diz-diz ari ziren berberak. Ez ote zen muino haietan halako txoko, halako patio baketsurik, gau hartan behintzat bihotzeko ikararik gabe izarrei begira egoteko? Atetik afariko murmurioa zetorren, eta heriotza oinen azpian genuela pentsatu nuen. Gero, Dinok hots egin zidan, etxera sartu ginen berriro, eta beroak inguratu gintuen. Neskek kantatzeari ekin zioten.
Biharamunean Torinora jaitsi nintzen. Eskolara joan eta Fellini topatu nuen han, kapelua begi gaineraino zuela. Berriketan hasi zen festei buruz, eta gero esan: — Gabonak ondo izorratuta pasa ditu norbaitek!
Horrela mintzatzen zen Fellini, irri lotsagabe batez. Ondokoaren zain geratu nintzen, eta berandu gabe iritsi zen.
— Ez al dakizu Castelliri zer gertatu zaion? Lanetik apartatu eta itzalpean sartu dute.
© Cesare Pavese
© itzulpenarena: Koldo Biguri