IX

 

        Torinora jaitsi gabe egon nintzen egun luzetan; aski neukan egunkariekin eta aditzeko eta ernegatzeko askatasun berriarekin. Nonahi loratzen ziren esamesak, marmarrak, itxaropenak. Han goian, landetxeetan inortxok ere ez zuen pentsatzen gauza batez: alegia, mundu zaharra ez zutela etsaiek zapaldu; aitzitik, bere burua hil zuela. Baina, ba al da inor benetan desagertzeko bere burua hiltzen duenik?

        Elvira lasai zegoen biharamunean; ondotxo ezagutzen ninduen. Bakarrik, ni ikustean gorritu egiten zen. Ama hasi zen biok zirikatzen; «Besterik ez nuen falta» erantzun nuen, hain lehor non berari gogoa kendu, eta Elvira doluz dagoen alarguna baino zurtuagoa geratu baitzen. Gero zakur zintzoaren antzera begiratu zidan, eraman handiko arreba baten antzera, biktima baten antzera. Gaixoa, ez zen gezurretan ari; sufritu egiten zuen, hori bai. Baina, zer egingo nion? Damu nuen berarekin lore haiei buruz txantxetan jardun izanaz: horrexek berotu eta kentzen zion bakea.

        Gauez etxean alde batetik bestera zebilen bitartean, ni ahalik eta irrati gehienak hartzen saiatzen nintzen. Argi zegoen gerrak jarraitzen zuela, eta helbururik gabe. Aireko su etena amaituta zegoen ordurako; aliatuek eraso gehiago iragartzen zuten. Ate bat ireki eta han aurkitzen nuen Elvira, tupustean munduan zer berri zegoen galdetzen zidalarik. Nirekin hitz egiteko bere aitzakia handia zen hura; horri begira, gerra sekulan ere ez amaitzea nahi izango zukeen; egun hartan ohartu zen aldatu beharreko gauzak aipatzen zizkidanean eskuen artetik ihes egiten niola.

        Nire lasaibidea, egunez, Le Fontane zen —Cate eta Dino—. Patiora azaldu beharrik ere ez neukan; aski nuen ohiko bidezidorretatik ibiltzea, Dino han zela jakitea. Noizean behin Belbo etzanda edukitzea lortzen nuen, eta ezkutuan zelatan jartzen nintzen hesi gainetik. Han zen agurea, ostalaria, zigarro muturrak mastekatuz botilak urez garbitzen zituen bitartean. Txikia zen, sendokotea, sotoan sartu eta irten ibiltzen zen, eta geratu iltzeren bat jaso, parrilla begiratu edo parera gainean mahats adar bat zuzen jartzeko. Bera ikustean, ezinezkoa zirudien gerra bat egoteak, zerbaitek iltzeak, harresiak edo soro landuek baino axola gehiago izateak. Gregorio zuen izena. Cateren amonak, aldiz, mika batena zirudien ahots zorrotz bat altxatzen zuen sarritan arratsaldean; haserre jartzen zen Dinorekin, auzokoekin, munduko gauzekin. Fonsok, Nandok eta neskek Torinon ematen zuten gaua egun haietan, huraxe zen Le Fontanen norbait zelako arrasto bakarra, baita arratsaldez Cate iristen zenean ere. Leku abandonatua zirudien, bizitzarik gabekoa, basoko zati bat. Eta basoan gertatzen denaren antzera, haren zelatan egon, usnatu besterik ezin zitekeen egin; baina ez han bizi edo erabat haren jabe izan.

        Dinori galdetzen nionean ea oraindik marrazkiak egiten zituen, sorbaldak jaso eta handik gutxira koadernoa ekartzen zidan. Orduan txoriei buruz, matxinsaltoei buruz eta lur azaleko geruzei buruz hitz egiten genuen. «Zergatik —galdetzen nion neure buruari— ezin nauk bere ondoan egon, lehenago, kontu hau guztia burutik pasa ere egiten ez zitzaidanean bezala?». Orain Dinok epel samar hartzen baninduen, hori zen berari begira gehiegi egoten nintzelako, aitarena egiten nuelako berarekin. Gauza bitxia, pentsatu nuen, helduekin bezala gertatzen da umeekin ere: haserretu egiten dira arreta gehiegi emanez gero. Maitasuna gogaitzen duen gauza da. Baina maitasuna al ziren Elvirak niregatik zituen kezkak, nik Dinorekin egiten nituen berriketaldiak edo berarekin ni ume bihurtu behar hori? Ba al da maitasunik norberekeria ez denik, gizona edo emakumea geure gogora murriztu nahi ez duenik? Catek nire erara uzten ninduen, Dinorekin bere lekua hartzen, basoan elkarrekin ibiltzen. Begiratu bat botatzen zigun arratsaldean iristean, igarriezin, zirikatzaile, eta lasai aditzen zituen Dinoren harrotasunak. Batzuetan pentsatzen nuen bera ere horrekin zebilela bere gogora. Dinok ikasi eta probetxua ateratzen zuen nirekin egotean.

        Bihotza pil-pilean jartzen zitzaion historiaurreko munstroekin eta basatien bizitzarekin. Beste liburu irudidun batzuk eraman nizkion, eta jolasean imajinatu egiten genuen Il Pinorako bidezidorreko sakan hartan zegoela, goroldio eta garo artean, eztainu-belarren erdian, megaterio eta mamuten gordelekua. Berak grina zeukan azpikeria zientifikoei, deabruzko makinei eta populazio mekanikoei buruzko istorioetarako; bere asteroko komikietan irakurriak zituen. Torinon, patioan, artean bere eskolako lagun bat bizi zen, Cruscotto, sotoan egunak ematen zituena aluminioa eta latorria ebakitzen, eta hariak eskegiz etxe-sail guztia babesteko lurpeko sistema oso bat prestatzen. Gutxi ziren, aukeratuak denak. Gordoni, Gizon Horiei eta Misteriur doktoreari buruz hitz egiten zuten. Lehen alarmen sasoian esperimentuak egin eta gerra kontseiluak antolatu zituzten. Sybil ere bazegoen haien artean, lehoinabarren alaba, baina Sybilena hainbat neskatilak egiten zuten, eta ez zegoen haiek sotoan eduki beharrik ere: etsaiek Sybil bahitu eta askatzera joan behar zen. Cate eta atsoa aurrean zirela kontatu zituen Dinok gauza hauek: gorputza dardarka jarri, ahotsak eta tiroak imitatu, eta adarra jo zigun denoi. Sybilekiko pasadizoetan batez ere zebilen txantxetan. Nik banekien zergatik.

        Biok elkarrekin ibiltzen ginenean, desberdina zen. Dinok ez zuen Sybil aipatzen. Eta nik ulertu. Gizon artean neska bat beti da zerbait zantarra. Niretzat ere hala izan zen, aspaldiko garaietan. Zuhaitz artera irteten ginen, inguruak aztertuz. Dinoren begietan tribuak, jazarpenak eta lantza kolpeak azaltzen ziren lekuetan, nik soilgune ederrak ikusten nituen, mendi lepoak ikusten nituen itxura ugari hartzen, aihen-belarrak ustekabean kanaberadi batean kiribiltzen. Baina gauza batean ados geunden: guretzat, emakume kontua, sexua, isilpeko gordin hura, ez zetorren bat basoarekin, bazterrak nahastu egiten zituen. Neronek, amildegi, sustrai eta ezpondek behin eta berriro odol isuria, bizitzaren basakeria gogoratzen zidatelarik, basoko bihotzean nengoela, ez nuen lortzen beste odol hori, beste gauza basati hori, emakumearen besarkada alegia, gogoan izatea. Gehienez ere, Elviraren lore gorriak, baina barregura ematen zidaten. Dinok ere egiten zien barre —zergatik ote?— emakumeei, Sybili. Baldartuta zegoen, sorbaldak altxatu eta ez zuen bere burua nabarmen utzi nahi. Zer ote zekien? Sena nahiz eskarmentua, berdinak ginen. Atsegin nuen elkar aditze isil hura.

        Berehala hasi ziren berriz deiadarrak jotzen eta hegazkinak igarotzen. Iritsi ziren lehen ekaitzak, baina zeru garbitutik estolda ahoak ere argitzen zituen abuztuko ilargiak. Berriro azaldu ziren Fonso eta besteak. — Ingeles inozo hauek! —esaten zuten—. Ez al dakite aski dela eraso bat hilabete oso bateko isilpeko lana alferrik galtzeko? Etxea sutan dagoenean guk ere atera behar dugu ihesi.

        — Oso ondo dakite. Ez dute nahi gure lana —esan zuen Nandok—. Ados daude denak.

        Gure artean buzoa jantzitako erraldoia ere bazegoen gau hartan. Tono izena zuen. — Gerra beti gerra —esan, eta burua mugitu zuen.

        — Nahikoa dugu! —esan nuen—. Gerra zelaia gara gu. Ingelesek bota baldin badute faxismoaren txabola, hori ez da izan landetxe bat egin eta guri emateko. Ez dute trabarik nahi tiro zelaian, hori da dena.

        — Baina gu gaude hor —esan zuen Fonsok—, eta ez da erraza gu paretik kentzea.

        — Ez dela erraza? Nahikoa da uzta ondoan soroetako lastoari su ematea. Horixe egiten ari dira.

        Eta Nandok: — Gerra satorlana da. Nahikoa da lurpean sartzea.

        — Egin ezazue, ba! —esan nuen oihuka—. Ezkutatu eta amaitu ezazue behingoz. Italian aleman bat dagoen bitartean, alferrik izango da horretaz pentsatzea.

        Eta Giuliak —edo beste batek, ez naiz gogoratzen: — Haserre daukagu irakaslea.

        Eta Catek: — Nork esan dik mugitzeko?

        Aurpegi guztiek begiratzen zidaten. Baita Dinok ere.

        Aldi bakoitzean zin egiten nuen isilik egon eta entzuten egongo nintzela, burua mugitu eta adi egongo nintzela. Baina antsiaz, itxaronaldiz eta itxaropen hutsalez eginiko oreka zuhur hura, egunak hala igarotzen bainituen orain, niretzat egina zegoen, atsegin nuen: betirako irautea nahi izango nukeen. Besteen ezinegonak suntsitu egin zezakeen. Aspalditik ohituta nengoen ez mugitzera, mundua erotzen uztera. Orain, Fonsoren eta bere lagunen keinu bat aski zen dena kolokan jartzeko. Horrexegatik haserretu eta eztabaidan hasten nintzen.

        — Faxismoa erori denetik —esan nuen—, ez duzue kantatzen. Zer dela eta hori?

        — Ea ba, kanta ditzagun atzoko kanta zaharrak —esan zuten neskek. Ahotsak altxatu ziren—; Dinok Bandiera rossa-ri ekin zion. Ahapaldi bat kantatu genuen, urduri, barrez; baina eztabaida piztu zen berriz. — Hauteskundeak datozenean —esan zuen Tonok, erraldoiak—, zereginik ez da faltako.

        Gau haietako batean esan zizkidan bere arrazoiak Cateren amonak, patioan geundela alarma noiz amaituko zain. Esan berria nion Fonsori: «Italiarrek gauzak serio hartu behar badituzte, bonbak beharko dira». Eta atsoak orduan: «Esaiozu hori lanean ari denari. Jana seguru eta muinoan egoteko modua duenarentzat gerra gauza atsegina da. Zu bezalako jendeak ekarri du gerra». Lasai esan zuen, arrangura izpirik batere gabe, bere semea banintz bezala.

        Ez nintzen berehala gaizki sentitu. — Bera bezalakoak balira denak! —zioen Catek. Ez nuen erantzun.

        — Larrua larrua da, zer arraio —sartu zen Fonso.

        — Gu ere etortzen gara muinora lo egitera, ama —esan zuen Catek.

        Atsoa marmarrean zegoen orain. Nik, nahastuta, neure buruari galdetu nion ea ba ote zekien zeinen zuzen eta zeinen hondoraino hunkitu ninduen. Besteek nire alde esaten zituztenak alferrik ziren. Nolabait, horiek ere zital bihurtzen ninduten.

        — Denak ahalegintzen dira beren burua salbatzen —esan zuen Tono sozialistak—. Borroka egiten dugu denek jakin dezaten salbazioa non den, baita ugazabek ere, baita gure etsaiek ere. Horregatik sozialismoak ez du gerra gehiagorik nahi.

        Eta Fonsok berehala: — Egon, egon. Baina ez duk esaten zergatik tokatzen zaion beti langileriari bere burua babestea. Ugazabek beren nagusitasunari eutsi egiten ziotek gerrekin eta izuarekin. Gu zapalduz aurrera egiten ditek. Eta hik ilusioa egiten duk ulertuko dutela. Ondo baino hobeto ulertu ditek. Horrexegatik jarraitzen ditek.

        Orduan ni sartu nintzen hizketaldian. — Ni ez naiz horretaz ari. Ez naiz klaseei buruz ari. Fonsok arrazoia du, jakina. Gu, italiarrok, horrela eginda gaude: derrigortuta bakarrik obeditzen dugu. Gero, derrigorrez egin dugula eta, aitzakia horrekin barre egiten dugu. Inork ez du ezer serio hartzen.

        — Burgesek ez, noski.

        — Italiar guztiei buruz hitz egiten ari naiz.

        — Irakasle jauna —hots egin zidan Nandok burumakur—, Italia maite al duzu?

        Berriro eduki nituen denen aurpegiak inguruan: Tonorena, atsoarena, neskena, Caterena. Fonsok irribarre egin zuen.

        — Ez —esan nuen poliki—, Italia ez. Italiarrak maite ditut.

        — Eman bosteko hori —esan zuen Nandok—. Elkar aditu dugu.

 

 

 

© Cesare Pavese

© itzulpenarena: Koldo Biguri

 

 

"Cesare Pavese / Muinoko etxea" orrialde nagusia