VII

 

        Biharamunean notiziak iritsi ziren. Goiz-goizetik aritu ziren zalapartaka aldameneko landetxeetako irratiak: Eglek patiotik hots egin zigun; jendea hirira jaisten zen ozenki hitz eginez. Elvirak nire gelako atea jo zuen, eta atean barrena oihuka esan zidan gerra amaitua zela. Orduan barrura sartu eta, janzten nintzen bitartean begiratu gabe, kontatu zidan, aurpegia gorri-gorri zuelarik, Mussolini azpiratu zutela. Behera jaitsi nintzen, Egle eta bere ama aurkitu eta irratia entzuten geratu ginen —Londres oraingoan ere—; ez nuen zalantza gehiagorik eduki, notizia egiazkoa zen. Amak esan zuen: — Baina amaitu al da gerra?

        — Orain hastera doa —esan nuen nik, sinesgogor.

        Orain ulertzen nituen gaueko harrabotsak. Egleren neba Torinora joana zen presaka. Mundu guztia zihoan Torinora. Landetxeetatik aurpegiak eta hizketak kanporatzen ziren. Orduan elkartzeak, hitzak, keinuak eta itxaropen sinestezinak hasi ziren zirimolan, izuarekin eta odolarekin baino ezingo zirelarik amaitu. Piztuta zeuden denen begiak, baita kezkatuta zeudenenak ere. Aurrerantzean baita bakardadeak ere, baita basoek ere bestelako zapore bat izango zuten. Zuhaitz artera begiratu hutsez ohartu nintzen horretaz. Den-dena jakin nahi izango nuen, egunkariak irakurri nahi izango nituen, enbor artetik urrundu eta zeru berriari so egiteko.

        Fonso, Nando eta neskak ate-sare aurrean gelditu ziren, denak oihuka eta deika. — Zeregina dago —zioen Nandok oihuka—, faxistek ez dute amore ematen. Zatoz gurekin Torinora.

        — Gerrak jarraitzen du —esan zuen Fonsok—. Zure zain egon ginen atzo gauean.

        — Ematen du meriendatzera zoaztela —erantzun nuen. Horrela ibiltzen ginen txantxetan. — Goazen —esan zuten neskek.

        — Hil. Kendu egiezue gogoa —zioen Fonsok oihuka—. Behar gaituzte.

        Alde egin zuten. Esan zuten gauean itzuliko zirela, bakea ezarri eta gero. Goian geratu nintzen, ez ordea balaren baten beldur nengoelako (okerragoa zen alarma bat), baizik eta ikusten nuelako jendea gogoa berotuta ibiliko zela, manifestazioak eta eztabaida gordinak egongo zirela. Eglek nirekin joan nahi zuen beste landetxe batera, notizia eta zurrumurruak oihuz zabaltzera. Zuhaitz arteko bidetxo batetik pasatu ginen, aldapa ostetik joanda aldats eta txorien mundu txiki batera iristeko. «Kartzelak inbaditu dituzte». «Setio egoera ezarri dute». «Faxista guztiak ezkutatzen ari dira». Torino bertatik bertara zegoen, baina halere urruti. — Beharbada handiki iheslariren bat topatuko dinagu bihar baso hauetan —esan nuen.

        — A ze beldurra! —Eglek—. Harrek eta inurriek janda.

        — Merezi dute —Eglek.

        — Haiengatik ez balitz —nik—, ez ginen honenbeste urte luzez patxadan bizi izango muinoan.

        Iritsiak ginen eta bere neska lagunari hots egin zion berehala. Hanka egin behar nuela esan nion. Amorru keinu bat egin zuen berak.

        — Elvira andreak —moztu nuen— ez du onartzen basoan paseatzera irtetea.

        Begiak txikituz begiratu zidan. Emakumezko baten antzera eskua nigana luzatu eta algaraka hasi zen.

        — Gaiztoa —esan zuen.

        Bere laguna, mototsak zituen neska bat, leihora irten zen. Urrundik entzun nituen elkarri zorionak ematen. Le Fontanerako bidea hartuta nengoen ordurako. Oraingoan bakarrik nengoela konturatu nintzen. «Belbok ere ihes egin dik Torinora». Ostatua isilik, Dino belardian eta bi emakumeak sukaldean imajinatzen nituen.

        Gerra amaitzera zihoak eta orain beharbada esango zidak Catek egia», pentsatu nuen igotzean.

        Ez nuen goraino iritsi beharrik izan. Cate beherantz zetorren eguzkitan, kolorez jantzirik, saltoka.

        — Gaztea haiz, gero! —esan nion.

        — Pozik nagok —eta besotik lotu zitzaidan, geratu gabe, dantzan bezala—. Oso pozik. Ez al hator Torinora?

        Geratu egin zen.

        — Hi kapaz haiz ezer ez jakiteko! —esan zuen kolpetik—. Igual lo hengoen gauean. Inork ez hau ikusi eta.

        — Dena zekinat —esan nion—. Ni ere pozik nagon, hi bezala. Baina, ez al dakin gerrak jarraitzen duela? Orain zetozen komeriak.

        — Eta? —berak—. Orain arnasa hartzen diagu behintzat. Zer edo zer egingo diagu.

        Eztabaidan jaitsi ginen biok elkarrekin. Ez zidan utzi Dinori buruz hitzik egiten. Esan zuen orain ados egon beharra zegoela —garrasi egin, huelgak egin, nagusitasuna lortu—. Esan zuen egun horietan behintzat ez zela eraso gehiagorik egongo, eta probetxu atera behar zela hortik, bakea brast kendu gobernuari. Bazekien zer balio zuen gobernu hark; — Betiko berberak dituk —zioen—. Baina oraingo honetan beldurrez zeudek, beren burua salbatu behar ditek. Aski duk bultzadatxo bat ematea. — Eta alemanak —esan nion—, eta beste horiek?

        — Hik heuk esan duk esnatu behar dugula eta guzti honi bukaera eman...

        — Cate, grina sartu zain gero —esan nion halako batean—, iraultzaile bihurtu haiz.

        Babolio deitu zidan eta tranbiara iritsi ginen. Ez nuen lortzen Dinori buruz hitz egiterik. Arraro gertatzen zen politikaz hainbeste hitz egitea, baina tranbia barruan mundu guztia ahapeka ari zen. Arkupeetako zutabeak eta hormak kartelez beterik zeuden. Jendea gelditu egiten zen. Kale odolgabe eta festazaleetatik txundituta ibiltzen ziren denak. Jendea gora eta behera eta afanean zebilen eraso handi baten ondoan bezala.

        Cate ospitalera zihoan korrika, eta banatu egin ginen. Esan zidan beharbada ez bera ez neska-mutilak ez zirela itzuliko arratsalde hartan.

        — Eta Dino bakarrik al zegon?

        — Dino lehenago atera duk Fonsorekin eta besteekin. Gauean egongo gaituk haiekin.

        Ez nintzen pozik geratu. Ate-sarean txantxetan zebiltzala, Dinok ez zidan hitzik ere egin, ez zen azaldu ere egin. — Non bazkalduko duk? —esan zidan Catek.

        Bakarrik nengoen eta Torinotik ibili nintzen noragabean. Benetan ematen zuen suteen biharamuna zela. Zerbait ikaragarri handia gertatua zen, lurrikara bat, bakarrik aspaldi hondoa jotako etxeak eta kaleetatik barreiatu eta nolanahi konpondutako hondakinak zirelarik horretarako agertoki egokia. Ezin zitekeen ezer esan ez pentsatu ere barregarria bezain desegokia ez zenik. Ume talde bat pasatu zen, arrastaka latazko armarri bat eramanez soka bati loturik. Eguzkipean oihuka ari ziren, eta armarriak kinketakoak ateratzen zituen lapiko batek bezala. Pentsatu nuen Dino haiek bezalako ume bat zela, eta atzo bertan ere imajinatzen zuela gerra egiten ari zela.

        Faxisten Etxearen aurrean serio egoerako soldadu soka bat zegoen geratuta. Kaskoa eta fusila zeramatzaten; begira zeuden erdi erretako paperez estalitako kalera, leiho apurtuetara, atari hutsera. Kaleko jendea apartatzen igarotzen zen. Baina soldaduek aspertu eta barre egiten zuten batzuk besteekin.

        Kantoi batean topoz topo egin nuen Egleren nebarekin. Uniformea jantzita zegoen, dominak, gerrikoa eta guzti, eta kalea miatzen zuen, suminduta.

        — Aizak, Giorgi —esan nion—, amaitu al zaik baimena?

        — Gertatu denak ez zian gertatu behar —esan zuen—. Akabo dena.

        — Zer esaten ditek ejertzitoan?

        — Ezer ez. Itxaron egiten ditek. Inork ez dik guri eraso egitera etortzeko adorerik. Kobarde mordo bat dituk.

        — Nork eraso behar dizue?

        Giorgik begiratu egin zidan, harrituta eta minduta.

        — Denek ihes egiten ditek, beldurra zeukatek denek —esan zuen—, eta hogei urtez Itxaron ditek mendekua hartzeko. Uniformea jantzi diat, gerra faxistako uniformea, eta inork ez dik kentzera etortzeko adorerik. Gutxi gaituk. Kobarde horiek ez zekitek gutxi garela.

        Orduan bere nagusia erregea zela esan nion, eta kolpea erregearengandik zetorrela. Berak obeditu behar zuen.

        Irribarre egin zuen, bere aurpegi muzindu harekin.

        — Zuk ere berdin. Ez al duzu ulertzen hasieran baino ez gaudela? Geure burua defenditu beharko dugula?

        Alde egin zuen, ezpainak estututa. Begiradarekin jarraitu nion, eta bera jende artean galdu. Bera bezalakoak asko ote ziren? Neure artean galdetu nuen ea Giorgi guztiek, gerran ibilitako mutil eder guztiek horrela begiratzen ote ziguten egun hartan.

        «Galduta bai, baina ez zegok amaituta —nioen marmarka neure baitan—, oraindik makina bat hilko duk». Eta aurpegietara begiratzen nuen, etxeetara. «Uda amaitu baino lehenago ere, gutako zenbat eroriko dituk? Zenbat odol zipriztin egongo duk hormetan?». Aurpegiei begiratzen nien, betazpiei, joan-etorrian zeudenei, nahaste lasai hari. «Ilehori txiki hari tokatuko zaio. Tranbiazale hari tokatuko zaio. Emakume hari. Egunkari saltzaileari. Zakur hari».

        Azkenerako Dora alderantz atera nintzen, Fonsoren lantegia han baitzegoen. Jira-biran ibili nintzen kaleetatik, zubiaz bestaldean; eskuinetara muinoa neukan, argi eta gaitza. Etxe merke handitako auzo bat zen hura, belardiak, harresiak eta hiria haraino oraindik iristen ez zen garaitik geratzen ziren etxetxoak zituena. Zerua epel eta zabalagoa zen; jendea —emakumetxoak, umeak— espaloietan, belarretan eta dendetan zebilen inurrien antzera. Izkribu handiak loratuak ziren gauean, beroaldi inozo batean.

        Fonsoren lantegitik —ate-sare eta estalpe handi bat belardi baten barrenaldean— makinen kirrinka eta burrunba motela zetorren. «Lanean ari dituk, beraz —esan nuen neure artean—, ez duk ezertxo ere aldatu». Penak eta itxaropenak gehien ezagutu zituzten kale haietan, zeinetan hainbeste odol isuri baitzen umeak ginenean, eguna lasai zihoan aurrera. Langileak, zapaldutakoak, atzo bezala, beti bezala, lanean. Batek jakin, dena amaituta zegoela uste zuten.

        Zain nengoela Catez pentsatzen nuen, halako une hartan berreskuratzen ninduen bizitza haren logikaz. Hiriko kanpoaldeko gizatasun gogorragatik Gallorekin batera eduki nuen joera bortizkeriazale eta burlati hartatik, Anna Mariaren egongelara sartu nintzeneko alferreko amorru hartatik, lotsa eta isilpeko gorrialdi bat baino ez zitzaizkidan geratzen. Hain hutsal izan zen abentura guzti-guztia, non neure buruari «Ederki. Onik atera haiz» esatera makurtu behar izan bainuen.

        Baina benetan atera ote nintzen onik? Hor zegoen gerraren amaiera, hor zegoen Dino. Berehalako etorkizuna mehatxuz beterik etorri arren, mundu zaharra kolokan zegoen, eta nire bizitza guztia mundu haren gainean zegoen oinarrituta, mundu hark eragiten zituen izuan eta arranguran eta higuinean. Orain berrogei urte neuzkan, eta hor zegoen Cate, hor zegoen Dino. Ez zuen axolarik noren semea zen benetan: axola zuena zen uda hartan topatu ginela aspaldiko zitalkeria zentzugabeen ondoren, eta Catek bazekiela norengatik eta zergatik bizi, Catek bazuela helburu bat, sumintzeko borondatea, izate bat osoa eta erabat berea. Ez ote nintzen oraingoan ere hutsaren pare eta zitala, erdi nahastuta erdi umiliatuta haren inguruan jiraka ibiltzean?

        Lantegiko patioan mugimendua hasi zen. Beste jende bat ere bazegoen zain, ni bezala, taldeak osatzen ziren, bakarren bat irten egiten zen —gizon prestuak, neskak, jaka bizkarretik zintzilik zeramaten mutilak—. Elkarri deika eta ozenki hitz egiten hasiak ziren. Ezagutu nituen nire gizonak. Hemen, hirian jaiaren eta nahastearen erdian nagusi zen susmo zuria guztiz bestelako zintzotasunean murgilduta zegoen, ozentasun amarrugabe eta ausart batean. Baita begiratuak bota eta gero txistuka alde egiten zuten bakartiek ere beren harrotasuna zeukaten pausajean. Neskek beste inork baino gehiago egiten zuten oihu. Berriak eskatu eta ematen zizkioten elkarri, gustura oihukatzen zituzten atzora arte debekatuta zeuden gauzak.

        Eguzki errea zegoen. Jende talde batean Fonso ikusi nuen. Ez nintzen mugitu. Ume bat zen egiatan. Aldamenean buzoa jantzitako gizon bat zeukan, erraldoia, eta beste bat mehar-meharra. Barrez ari ziren. Espero nuen Cate eta besteetako edozein etorriko zela ate-sarera, baina ez nuen inor ikusi.

        — Irakasle jauna! —esan zuen Fonsok oihuka.

        Haiekin sartu nintzen. Egunkariari buruz ari ziren eztabaidan. — Mussolini jaun zalduna —esan zuen oldartuta mozkoteak, zigarroari kosk eginez—, jaun zalduna... Ulertu al duk? Orain gogoratzen dituk.

        — Alemanen beldur zeudek —esan zuen Fonsok.

        — Bai zera! Kaiku galantak geu gaituk ordea! —burlatu zen bestea—. Badakik zer pasatzen ari den? Buruzagiak ere konturatu dituk istorio honek kiratsa zuela, eta orain Erregerengana zoazak, eta esaten ziotek: «Aizu. Atsedena eman behar diguzu, kaka artetik atera. Bitartean, jarraitu zuk gerra honekin, italiarrek beren haserrea sutan atera, lepoa horretan hautsi, eta gu bihar itzuliko gara zuri esku bat botatzera. Konforme?».

        — Utz ezak hizketan! —esan zuen marmarrean buzoa jantzitako erraldoiak—. Egun hauetan ez baduk astoarena egiten, noiz nahi duk egitea? Amuarraina harrapatu al huen atzo?

        — Lau harrapatu zizkian —esan zuen Fonsok, zirika. — Ba, nahikoa duk! Goazen etxera.

        — Ikusiko duk nola datozen berriro! —oihu egin zuen meharrak.

        Fonso eta erraldoiarekin geratu nintzen. Keinu eta ahots artetik abiatu ginen.

        — Baina Aureliok arrazoia dik —esan zuen Fonsok—. Soldaduz bete ditiztek kuartelak.

        Erraldoiak, jakin nahiaz, burua bueltatu zuen. — Soldaduak herria dituk —esan zuen—. Herri armatua dituk. Ezin jakin nori egingo dioten tiro.

        — Alemanen beldur zeudek —eten nion—, alemanei egingo zietek tiro.

        — Gauzak banan-banan —esan zuen besteak poliki—, haiei ere iritsiko zaiek garaia. Baina ez orain.

        — Bai zera! —esan zuen Fonsok—. Egin dezatela tiro segituan. Gerra horixe duk.

        Erraldoiak buruari eragiten zion.

        — Zuek ez dakizue politika zer den —esan zuen—. Utziezue zaharrei.

        — Behin utzi genizuen —esan zuen Fonsok.

        Etxe aurrera iritsi orduko hasi ziren irratiak karrankan. Geratu ginen; denak geratu ziren. — Partea. Ixo!—. Setio egoera, Italia osoan istilurik ez, pozezko manifestazioak, borrokatu eta azken odol tantaraino ohorea bilatzeko gure erabakia, berri hori eman zuten jarraian.

        — Utziok dakienari —errepikatzen zuen erraldoiak burumakur.

        — Kaka hutsa duk dena —esan zuen Fonsok—; bizi bedi Aurelio!

        Etxe atzean, muinoa zeruan luzatzen zen, etxez eta basoz ereinda. Neure artean galdetzen nuen nork ikusten ote zuen une hartan, zain, sartzen, hizketan zegoen jende hartatik. Paraje haietan, bitxia badirudi ere, ez zegoen hondoa jotako etxerik. Gauean gora itzuliko ote zen galde egin nion Fonsori.

        — Zeregina daukat Torinon —esan zidan—, begiak zabalik eduki beharra dago.

        Erraldoiak baiezkoa egin zuen buruaz.

        — Eta emakumeak, non daude emakumeak? —esan nuen—. Cate ospitalean geratu al da?

        — Gera zaitez gurekin gaur —esan zuen Fonsok—. Bilerara goaz denok.

        — Zein bileratara?

        Fonsok irri egin zuen, maltzur, mutiko batek bezala. — Bilera egingo dugu, plazan edo ezkutuan. Ikusi behar. Gobernu honekin ez da jadanik ezer ulertzen. Behintzat, lehenago kartzela gauza segurua zen.

        Non topatuko nituen galdetu nion. Eskutzarra tinkatu nion besteari. Eguzkipean alde egin nuen. Erdialdeko kafetegi batean bazkaldu nuen; ezer gertatu ez balitz bezala ari ziren han berriketan. Gauza bat segurua zen —etsaien irratiek ere esan zuten—, egun batzuetan behintzat bonbarik ez zerutik. Eskolara agertu nintzen, baina inor ez zegoen han. Orduan bakarrik ibili nintzen, kale eta kafetegietatik, liburuekin orri-pasan aritu nintzen liburudenda batean, beste inoiz itzalpetik atera gabeko oroitzapenak biltzen zituzten etxe zahar batzuen parean gelditu nintzen. Zaharberritua ematen zuen denak, freskoa, ederra, ekaitzaren ondoko zeruak bezala. Ondo nekien horrek ez zuela luze iraungo, eta urratsez urrats ospitalerantz abiatu nintzen, Cateren lantokirantz.

 

 

 

© Cesare Pavese

© itzulpenarena: Koldo Biguri

 

 

"Cesare Pavese / Muinoko etxea" orrialde nagusia