VI
Cate berriz patiora irten bezain azkar, ondora joan nintzaion. Bera ezertaz konturatu gabe zegoen. Beharbada uste zuen Elviraz hitz egin nahi niola berriz, begi gaiztoak jarri eta geratu egin zen.
— Corrado deitzen dun —esan nion.
Aztoratuta begiratu zidan.
— Nire izena dun —esan nion.
Berak burua jiratu egin zuen, bere modu harro hartan. Besteei begiratu zien, mahaietara, ilunpean. — Hoa hemendik, ikusten gaitiztek —xuxurlatu zuen ikaratuta.
Ni ere jiratu nintzen, haren ondora iristearren. Ibiltzen hasi eta honela esan zuen txantxetan: — Ez al hekien hori zenik bere izena? — Zergatik jarri dion?
Sorbaldak jaso eta ez zuen erantzun.
— Zenbat urte zeuzkan Dinok? —eta gerarazi egin nuen.
Besoa estutu eta hauxe esan zidan: — Gero. Ez izan gaiztoa.
Luzaro jardun zuten gau hartan gerrateaz eta alarmez. Fonsoren laguna Albanian zauritu omen zuten, eta denek aspalditik zekitena ari zen kontatzen. — Ohe batean lo egitearren ezkontzeko proba egin —zioen—, eta orain ohea ere galdu dugu—. Eta emazte ezkonberriak: — Belardietan egingo diagu lo, hago lasai—. Ni atsoaren ondoan nengoen eserita eta isilik, Cateri zeharretik begira. Gau hartan iruditzen zitzaidan berriz aurkitu nuela, harekin hitz egin eta ez nekiela nor zen. Gero eta itsuago egon nintzen. Hilabetea behar izan nuen Dinok Corrado esan nahi duela ulertzeko. Nolakoa zen Dinoren aurpegia? Begiak itxi eta ez nuen ikusterik lortzen.
Kolpetik jaiki nintzen, patioan ibiltzeko. — Lagunduko al didak atze hartaraino? —esan zuen Catek, eta segituan altxatu zen.
Goragalearekin bezala hasi nintzen ibiltzen. Nire bizitza hondora zihoan une hartatik hasita. Babesleku batean sabaia kolokan dagoenean bezala sentitzen nintzen. «Hainbeste gauza egin nitzakeen», oihu egiten da orduan norbere artean.
Ilunpean genbiltzan. Cate isilik zegoen isiltasun hartan. Besotik heldu zidan behaztopa eta arin jauzi egitean.
— Eutsidak —esan zuen ahopean. Heldu nion. Geratu egin ginen.
— Corrado —esan zidan—. Gaizki egin nian Dinori izen hori jartzean. Baina ikusten duk ez duela inporta. Inoiz ez diagu horrela deitzen.
— Orduan zergatik jarri hion?
— Artean maite hindudan. Ez al dakik biziki maite izan haudala?
«Honez gero —pentsatu nuen—, esango zidan». — Benetan maite banaun —zakar esan eta besoa estutu nion—; noten semea dun Corrado?
Askatu egin zen, hitz egin gabe. Mardula zen, ni baino areago. — Hago lasai —esan zidan—, ez beldurrak egon. Ez haiz hi egin duena.
Ilunpean elkarri begira geratu ginen. Ahituta sentitzen nintzen, izerditan. Eztenkada izpi bat ageri zitzaion ahotsean.
— Zer esan duk? —galdetu zidan, arduraz.
— Ezer ez —nik erantzun—, ezer ez. Maite banaun...
— Dagoeneko ez haut maite, Corrado.
— Nire izena eman bahion, nola egin ahal izan zunan berehala amodioa beste batekin, negu hartan?
Ilunpean neure ahotsa menderatu nuen, umiliatu nintzen, eskuzabal sentitu. Antzinako Cate hari hitz egiten nion, etsiak hartutako neskari.
— Hik amodioa egin huen nirekin —berak, lasai—, eta ni bost axola hiri.
Beste kontu bat zen, baina zer erantzun ahal nion? Esan egin nion. Berak esan zuen amodioa egin daitekeela eta beste zerbait eduki gogoan. — Hik badakik hori —errepikatu zuen—, ez duk inor maite, eta hainbatekin egingo huen amodioa, segur aski.
Berriz esan nuen, amore emanda, aspalditik ez nuela gauza horietaz pentsatzen.
— Egin duk —berak berriz.
— Cate —zapuztu nintzen—, esadan behintzat nor izan den.
Berriro irri egin zuen, berriro ez zuen ezer jakin nahi izan. — Kontatu diat jadanik nire urteotako bizitza. Lanean ibili nauk denbora guztian, jo eta ke lanean. Hasieran gogorra izan huen. Baina Dino neukaan, ezin nian tontakeriez pentsatu. Gogoratzen nian hik behin esandakoa, bizitzak balioa duela zerbaitengatik edo norbaitengatik bizi bada bakarrik...
Hori ere irakatsi nion. Esaldia nirea zen. «Galdetzen badik norengatik bizi haizen hi —oihu egin nuen neure baitan—, zer erantzungo diok?».
— Orduan, ez naun gorrotatzen —murmuratu nuen irribarrez—, gure artean zerbait onik egon zunan? Gaiztakeriarik gabe gogora ditzaken garai haiek?
— Garai haietan hi ez hintzen gaiztoa.
— Orain bai, ala? —esan nuen harrituta—. Nazka ematen al dinat orain?
— Orain sufritzen ari haiz eta pena ematen didak —esan zuen serio—. Bakarrik bizi haiz zakurrarekin. Pena ematen didak.
Aztoratuta begiratu nion. — Ez al naun zintzoagoa, Cate? Hirekin ere, ez al naun orduan baino zintzoagoa?
— Ez zekiat —esan zuen Catek—, zintzoa haiz, hola, nahi gabe. Jendea bakean utzi eta ez haiz inorekin fidatzen. Ez daukak inor, haserretu ere ez haiz egiten.
— Dinogatik haserretu naun, ba! —esan nuen.
— Ez duk inor maite.
— Musu eman behar al dinat, Cate?
— Kaikua —esan zuen, lasaitasuna galdu gabe—, ez diat hori esaten. Nahi izan banu, aspaldi emango hidan musu—. Une batez isildu, eta berriz ekin zion.
— Ume bat bezalakoa haiz, ume harroxko bat. Ezbeharren bat gertatu edo zerbait falta zaien arren, horren berri zabaltzerik, sufritzen dutela jakiterik nahi ez duten ume horietako bat. Horrexegatik ematen didak pena. Besteekin hitz egiten duanean beti haiz gaiztoa, maltzurra. Beldurra daukak, Corrado.
— Gerratea izango dun nonbait, bonbak izango ditun.
— Ez, hi heu haiz —esan zuen Catek—. Hola bizi haiz hi. Orain Dinorengatik eduki duk beldurra. Hire semea ote den beldurra.
Patiotik hots egin ziguten. Caten hots egiten zioten.
— Itzul gaitezen —esan zuen Catek ahotsa apalduz—. Hago lasai. Inor ez duk hire bakea hankaz gora jartzen ari.
Besotik heldu zidan eta nik geratu egin nuen. — Cate —esan nion—, Dinoren kontu hori egia badun, ezkondu nahi niken hirekin.
Begiratu egin zidan, barre egin gabe eta aztoratu gabe.
— Dino nire semea duk —esan zuen berak ahopean—. Goazen hemendik.
Horrela, lehenagokoan berriz aurkitu nuenean bezalako beste gau bat pasa nuen. Oraingoan Elvirak denbora dezente zeraman ohean. Orain muinoan gau eta egunez nengoelarik, bazekien seguru ninduela, eta neure gogara jokatzen uzten zidan. Burla egiten zidan, ordea, zeren eta nire goroldio eta mendiei buruzko nire ikasketa guztiekin ere ez bainekizkien bere lorategiko loreen izenak, eta gorri min koloreko halako lore mamitsu lizun batzuez ez bainuen ezertxo ere esaten asmatu. Begiek irri egiten zioten horretaz hitz egitean.
— Gaueko pentsamendu gaiztoak —esan nion— lore bihurtzen ditun. Alferrik ditun izen guztiak. Zientzia ere halako leku batean gelditzen dun—. Berak barre egiten zuen, ukondoak besarkatuz, nire jokoaz lausengaturik. Mahai gaineko sortan lore haietakoren bat zegoelako pentsatu nuen hori gau hartan. Neure artean galdetu nuen ea Catek estimatuko ote zuen txantxa hura horiek ikustean. Beharbada bai, baina ez horrela esanda, ez horrela mozorrotuta. Beste gauza bat ikasi nuen gau hartan, oraingoan ere itsututa eta tontotuta egon nintzelako froga: Cate serioa zen, eta bere buruaren jabe, Catek nik bezala eta hobeto ere konprenitzen zuen. Berarekin lehenagoko garaietako tonua, harroxko eta zakarra, alferrik zen orain. Gau osoan pentsatu nuen horretaz, eta gauez, loak hartu ezinik, bere eztenkadak ikaragarri handitzen ziren. Horretan halako lasaitasun bat topatzen nuen. Catek esaten bazuen semea berea zela, fidatu egin behar.
Egunsentira arte pentsatu nuen horretaz; eta biharamunean gosaltzean, Elvira mezatatik itzuli zenean, «Jakingo bazenu hortik zer dioten!» esan nuen neure artean barre eginez. Berak, ordea, Santa Margheritan entzun zuen gerrak ezin zuela luzaro iraun, Aita-santuak hitzaldi batean aholku eman baitzuen denek bakean bizitzeko. Aski omen zen bihotz-bihotzez nahi izatea, eta horra hor bakea. Ez bonba gehiagorik, ez suterik, ez odolik. Ez mendeku gehiagorik, ez eta uholdearekiko itxaropen gehiagorik. Elvira urduri eta zoriontsu zegoen. Paseatzera nindoala esan eta sutondoan utzi nuen afanean.
Igandea izanik, denak larunbat gauetik zeuden Le Fontanen. Leihoan Nando ikusi nuen, gerratik ihes egindako ezkonberria, Fonsoren arrebak ikusi nituen, zerbait esaten ziotela oihuka. Agur egin nien neskei, galdetu nuen ea Dino jadanik alde egina ote zen basora. Atzeko belardia seinalatu zidaten. Dena patuaren esku utzi nahi eta Giuliari esan nion esan ziezaiela iturrirantz abiatu nintzela. Belbo, lodi eta egonezinik, basora bidean zihoan ordurako. Hots egin nion, kukubilko jarrarazi nuen bidezidorrean, eta Dinoren zain egoteko esan. Hortzak erakutsi zizkidan marru eginez.
Mendi hegalean nengoela, eta ahotsak itzali zirenean, biok lasterka imajinatu nituen enborren artetik, abentura ederra. Batek jakin hogei urte barru Dinok gogoratuko ote zituen ordu hura, eguzkiaren usaina, urruneko ahotsak eta harri arteko irristadak! Arnas hots bat iritsi zitzaidan, kraskada bat, eta Belbo azaldu zen. Geratu eta begiratu egin zidan. Bakarrik zegoen. Besoa luzatu eta hitz egin nion: — Alde hemendik! Itzuli Dinorengana. Alde!—. Etzan eta muturra lurrean zapal-zapal eginda geratu zen. — Alde!—. Harri bat hartzeko makurtu nintzen. Orduan Belbo jauzi egin eta zaunkaka hasi zitzaidan. Harria hartu nuen. Belbo bere bidetik itzuli zen, poliki.
Iturri ondora iritsi nintzen, belar gizen eta lohitsuen sakanean. Zuhaitz artean zeru pusketak eta aireko aldatsak azaltzen ziren. Halako usain apartsu bat zegoen, ia gazia, hozgiro hartan. «Zer axola dik gerrateak, zer axola odolak —pentsatzen nuen—, zuhaitz arteko zeru honekin?». Korrika irits zitekeen, belarretan etzan, ehizan edo segadak jartzen jolas egin. Halaxe bizi ziren sugeak, erbiak eta umeak. Gerratea bihar bukatzen zen. Dena lehengo hartara itzultzen zen. Bakea zetorren berriro, aspaldiko jolasak, ezinikusiak. Isuritako odola lurrak irensten zuen. Hiriek arnasa hartzen zuten. Basoan bakarrik ez zen ezer aldatzen, eta gorputz bat erori zen lekuan sustraiak ateratzen ziren azalera.
Dino iritsi zen bere makilarekin, txistuka, Belbo aurretik zuela. Giuliak ez ziola ezer esan kontatu zuen, berez ulertu zuela bere zain nengoela. Eta nik: — Zer daukak aurpegian?—, eta geldirik egonaraziz, aztertu eta ukitu egin nuen —begiak, betazalak, aurpegi ertza—. Baina ba ote dago esaterik heldu baten antza duela ume batek? Barre egin nion askotan horri. Hori ere ari nintzen ordaintzen. Dinok begiak mugitzen zituen urduri, masailak haizez bete eta putz egiten zuen. Horrek, gehienez ere, uzkurtasun nabarmen horrek bazuen nire antz apur bat. Keinu harekin neure burua ume ikusten ahalegindu nintzen. Pentsatu nuen nik ere izan nuela horrelako lepo lerden hori, bazter hauetako mahastietan ibiltzen nintzenean.
Gero alde egin nuen handik. — Gaur goizean tontor-tontorreraino helduko gaituk—. Nire herrian mahatsa zapaltzen egon nintzenekoa kontatu nion. — Denok, gizon eta ume, garbitu behar ditiztek oinak. Baina oinutsik doanak garbiak zeuzkak, guk baino garbiago.
— Egun batzuetan ni ere sartzen naiz oinutsik belardietan —esan zuen Dinok.
— Hik gutxi balio duk mahatsa zapaltzeko. Pisu gutxi daukak. Zenbat urte dauzkak, zehazki?
Esan egin zidan. Abuztu bukaeran jaioa zen. Baina noiz utzi nuen nik Cate, azaroan ala urrian? Ez nintzen gogoratzen. Geltokian hotza zegoen arratsalde hartan. Behe-lainoa zegoen, negua ote? Ezin gogoratu. Nik abuztuko sargorian Po ondoko sasien artean eginiko borrokak baino ez nituen gogoratzen.
Tontorreko errepidera iristean, agudo ibili ginen. Il Pino izeneko herrixka zegoen han. Handik, amiltzen ziren etxeetako balkoietatik, Chieri bailara antzematen zen, mugarik gabea, ketsua. — Gure aitak —esan nion Dinori— honelako bidea egiten zian beti goizero eguna argitu aurretik. Zalgurdian egiten zian, merkatura joateko.
Dinok tipi-tapa jarraitu zuen ahoa ireki gabe, makila asfaltoaren gainean inarrosiz.
— Hik ez al duk ezagutu hire aita? —esan nuen.
— Amak ezagutu zuen —berak erantzun—. Ez omen dute berriz elkar ikusi.
— Ez dakik nor zen?
Uste onez eta pazientziarik gabe begiratu zidan. — Eskolako nota-liburuan ez al duk agertzen hire aitaren izena?
Dinok pentsatu egin zuen, aurrera begira. — Ama besterik ez dago —erantzun zuen keinu batez—. Umezurtza naiz.
Sudurra sartu genuen ostatuko atetik barrura. Igande giroa zegoen. Beste zereginik gabe billarrean ari ziren batzuk begira geratu zitzaizkigun, isilik. — Politika —xuxurlatu nion Dinori—. Nahi al duk ogia saltxitxoiarekin?
Dino korrika atera zen billar jokorantz. Ni barrualdeko leiho handiraino mugitu nintzen. Lautada eguzkitsua ikusten zen handik. Jokalariek, Dinoren begiradapean, jokoari ekin zioten berriro, kontu-kontari. Elkarren aldamenetik pasatzen ziren, makilak eskuan harturik.
Beste zerbaitez ari ziren hizketan. Herriko semeak ziren. Baten batek alkandora beltza zeukan soinean.
— Nor nahi duk izatea? —esan zuen arropaz ondo hornituta zegoen ilehori batek—. Igandea duk denentzat.
Alai egin zuten barre, alaiegi, gusturik gabe. Biharamunean pentsatu nuen horretaz, bat-batean pentsatu ere: azken aldiz igande eguzkitsu hartan aldatu behar izan zen mintzagaia ostatuan, kanpoko norbait iristean. Uda labur hark iraun zuen bitartean, behintzat. Baina gutako inork ez zekien hori.
Dinok orain bere ogia marruskatu eta billar-makilei jarraitzen zien. Belbo ere sartua zen. Ez zen gauza erraza izan biak handik ateratzea. Belbo usainka ari zen mahaien azpian. Handik banindoala eta mozkortzen utziko nuela esan nion Dinori. Korrika iritsi zitzaizkidan ondora, ia herritik kanpo nengoela.
Arrats hartan Egle etorri zen bere neba pilotu ofizialarekin; mutil lerdena zen, argala eta beltzarana, eskua ematean burua makurtu egiten zuena. Nire gelatik jaitsi nintzen, ahotsak entzutean, eta baratzean topatu nituen nire atsoekin. Gizon gaztea ernegatuta zegoen, gogo txarrez; paisano jantzita zegoen; itsas gaineko hegaldiez eta kaioez mintzo zen. — Esazu ba —esaten zidan niri—, artaburuak gu gara, abiadoreok. Beti gaude parean. Ia-ia guk nahi genuelako gaude gerran.
— Zuek egiten duzue bakarrik, inozoak zarete —eten zion arrebak.
Elvira adi zegoen, miretsita. — Zuen adinean —esan nion—, guretzat bizitza sala bat zen, ataurre bat. Gauez irtenda gauza handia egiten genuela uste genuen, edo hirira itzultzeko herrian trenera jauzi egiten genuenean. Sekulan iristen ez zen zerbaiten zain geunden.
Airean harrapatu zidan mutil hark. — Orain zerbait hori iritsi da —esan zuen.
Gero Elvirak tea prestatu zuen. Atsoak errezeloz galdetu zuen ez ote zegoen gerra Italiako iparraldera iristeko arriskurik, orain ingelesak lehorreratuta zeudenez gero.
— Guretzat —esan zuen gizon gazteak—, hobe Italian bertan borrokatu, itsasoan edo basamortuan baino. Horrela behintzat badakigu etxean eroriko garela.
— Zuen kuarteletan —esan zion Elvirak—, ba al daukazue behintzat garbitasunik eta janari berorik? Hau bezalako kikara bat te?
— Ez dut ulertzen zergatik ez gaituzten nahi gerran —esan zuen Eglek—. Makina bat gauza egin genezake baseetan eta lehen lerroan. Zuek dibertitu, lagundu. Ez bakarrik erizain lanetan.
Nebak ahoa zabaldu eta esan zuen: — Bai noski!
Gero gaua etorri zen eta, ez jakin nola, gau hartan zeru beltzera begira geratu nintzen. Gogoan gaua eta goiza nerabilzkien, iragana, hainbat gauza. Gauzen erdian zauririk ez egiteko neukan abildade arraroa. Nire ernegu inozoak. Gauean, kantuak iristen zitzaizkidan noizean behin, harrabots urrunak. Baso usaina hartzen nuen. Dinori buruz pentsatzen nuen, abiadoreari eta gerrateari buruz. Pentsatzen nuen zaharra nintzela azken finean, eta bizimodu harekin jarraituko nuela bizitza osoan.
© Cesare Pavese
© itzulpenarena: Koldo Biguri