III

 

        Goizean hirira itzuli nintzen jende askorekin, artean eztanda eta danbatekoen oihartzuna aditzen zelarik urrun. Alde guztietan jendeak korrika egin eta fardelak eramaten zituen. Kaleetako asfaltoak zuloak, hosto geruzak eta ur putzuak zeuzkan han-hemenka. Kazkabarra egin zuela zirudien. Egun argitan zartaka ari ziren azken suteak, gorri eta nabarmen.

        Eskola, beti bezala, kalterik gabe zegoen. Domenico zaharra atera zitzaidan, txikizioak ikustera joateko irrikan zegoela. Eguna urratu aurrean ere egona zen han, alarma amaitzean, denak doazen eta denak agertzen diren orduan, dendariren batek atea bildu eta handik argia iragazten denean (sute handiak ziren, azken finean), zerbait edan eta berriro elkar aurkitzea atsegingarria delarik. Kontatu zidan nola igaro zen gaua gure babeslekuan, berak han egiten baitzuen lo. Gaurkoz klaserik ez, jakina. Gainera, tranbiak ere geldirik zeuden, zabal-zabalik eta hutsik, triskantzak harrapatu zituen lekuan. Hari guztiak etenda zeuden. Horma guztiak suzko txori baten hegal zoratuak lohituta bezala.

        — Bide txarra, ez da inor pasatzen —zioen behin eta berriz Domenicok—. Idazkaria ez da oraindik azaldu. Fellini ere ez da azaldu. Ezin ezer jakin.

        Txirrindulari bat pasa zen eta, oina lurrean jarrita, Torino osoa suntsituta zegoela esan zigun.

        — Milaka hil dira —esan zigun—. Geltokia lurrarekin berdindu dute, merkatuak erre. Gauean itzuliko direla esan dute irratian.

        Eta pedalari eraginez alde egin zuen, atzera begiratu gabe.

        — Horrek arma du mingaina —esan zuen Domenicok marmarrean—. Ez dut ulertzen zer gertatu zaion Felliniri. Honez gero hemen egoten da beti.

        Gure errepidea bakarti eta lasai zegoen benetan. Barnetegiko patioko zuhaiztiak gailur ematen zion horma handiari, probintzietako lorategietan bezala. Hona ez ziren ohiko zaratak, tranbiaren kalakak edo giza ahotsak ere iristen. Goiz hartan neska-mutikoen iskanbilarik ez egotea ez zen mundu honetako gauza. Sinesgaitza zirudien triskantza gordindu zenik, gaueko iluntasunean, etxe arteko zeru lasaian ere. Nahi bazuen, Felliniren bila joateko esan nion Domenicori. Atezaintzan geratuko nintzen haien zain.

        Goiz erdia eman nuen klaseko koadernoa antolatzen, azterketak berehala egitekoak baitziren. Batuketak egiten nituen, iritziak idazten. Noizean behin pasabiderantz eta ikasgela hutsetarantz altxatzen nuen burua. Hildako bat txukuntzen, garbitzen eta janzten duten emakumeak etorri zitzaizkidan burura. Une baten buruan orro egin zezakeen berriro zeruak, sugarretan jar zitekeen, eta eskolaren lekuan leize-zulo bat baino ez geratu. Bizitzak bakarrik zuen axola, bizitza biluziak. Koadernoak, ikastetxeak eta gorpuak jakineko gauzak ziren.

        Isiltasunean umeen izenak totelka esatean, errezoan marmar ari den atsoaren antzera sentitu nintzen. Irribarrez nengoen nire artean. Aurpegiak ikusten nituen berriz. Hil ote ziren gau hartan? Bonbardaketa baten biharamunean haiek sentitzen zuten poza —ondo igartzen ziren opor eguna, nobedadea, nahaste-borrastea— nik alarmetatik gauero ihes egitean, gela freskoan aurkitzean, ohean seguru luzatzean sentitzen nuen plazeraren parekoa zen. Barre egin ote nezakeen haien arinkeriagatik? Arinkeriaz denok jokatzen genuen gerra honetan, gu guztiontzat gertaera hutsal, ohiko eta gogaikarriak izatera iritsi ziren kasu izugarri hauek. Norbaitek seriotan hartu eta «Gerra da» esaten bazuen, hori are okerragoa zen, ameslaria edo burutik arindutakoa.

        Eta, hala ere, gau hartan norbait hil zen. Milaka ez bazen, bai dozenaka behintzat. Aski ziren. Hirian geratzen zen jendeaz gogoratzen nintzen. Catez gogoratzen nintzen. Buruan sartua nuen bera ez zela arratsaldero hara igotzen. Patioan antzeko zerbait aditu nuelakoan nengoen, eta, izan ere, deiadarrak jo zuen aldi hartaz gero ez ziren berriro kantuan aritu. Neure buruari galdetu nion ea ba ote nuen berari ezer esatekorik, ea beldurrez espero ote nuen zerbait beragandik. Iluntasun hura, etxeko eta basoko aire hura, ahots gazteak, berritasuna falta nituela iruditzen zitzaidan bakarrik. Batek jakin gau hartan Catek besteekin kantatu ez ote zuen. Ezer ez bada gertatu, pentsatu nuen, gora itzuliko dira gaur.

        Telefonoak jo zuen. Mutiko baten aita zen. Eskolarik ez zegoela egia ote zen jakin nahi zuen. A zer nolako txikizioa bart gauekoa. Ea irakasleak eta zuzendari jauna bizirik eta onik zeuden. Bere semeak fisika estudiatzen ote zuen. Horixe da, gerra gerra da. Pazientzia edukitzeko. Familiak ulertu eta haiei lagundu beharra zegoen. Goraintziak eta barkatzeko.

        Une hartatik aurrera telefonoa etengabe joka aritu zen. Umeek hots egin zuten, lankideek eta idazkariak hots egin zuten. Fellinik hots egin zuen, deabruaren etxetik. — Ondo funtzionatzen dik? —esan zuen harrituta. Aurpegi erdia jan zion egonezinezko keinuaz ohartu nintzen. — Atezaintzan ez zegok inor, zer uste duk?, jaia dela? Hator oraintxe Domenicori esku bat botatzera—. Eskegi nuen. Kanpora irten nintzen. Ez nuen gehiago erantzun nahi izan. Hura bezalako gau baten ostean barregarria zen dena.

        Alde batetik bestera ibiltzen amaitu nuen goiza, nahastearen erdian eta eguzkipean. Batzuek korrika egiten zuten, beste batzuk begira geratzen ziren. Etxe lehertuak ketan zeuden. Bidegurutzeak gainezka. Goian, horma erdibituen artean, paper pintatuak eta askak zintzilik ageri ziren eguzkitan. Beti ez zen erraza hondakin zaharren artetik berriak bereiztea. Multzoaren efektua begiratzen genuen eta pentsatzen bonba bat ez dela inoiz erortzen aurrekoa eroritako lekura. Txirrindulari ikusmin batzuk, izerditan, lurrean oina jarri, begiratu eta berriz abiatzen ziren beste ikuskizun batzuen bila. Lagun hurkoaganako maitasun apur batek bultzatzen zituen. Espaloietan, non sute bat piztu baitzen, umeak, koltxoiak eta altzari hondatuak pilatzen ziren. Atso bat aski zen etxebizitza guztia husteko. Jendea begira zegoen. Zerua arakatzen genuen noizbehinka.

        Arraroa zen soldaduak ikustea. Patruilatan igarotzen zirenean, palak eta kokospeko uhalak eramanik, argi zegoen hondoa jotako babeslekuak garbitzera zihoazela, hildakoen gorpuak eta biziak ateratzera, eta norberak akuilatu nahi izango zituzkeen, oihu egin azkar joateko, korrika egiteko, alajainetan. Ez zuten beste ezertarako balio, horixe esaten zen gure artean. Izan ere, gerra galduta zegoen, gauza jakina zen. Baina soldaduak poliki zebiltzan, zuloak inguratu, eta haiek ere bueltatzen ziren etxeak begiratzera. Emakume politen bat pasa eta denek batera agurtzen zuten. Artean emakumerik bazela soldaduak bakarrik konturatzen ziren. Hiri nahastu eta beti ernean, inork ez zien jadanik erreparatzen lehenagoko emakumeei, inor ez zebilen haien atzetik, ezta uda jantziekin bazebiltzan ere, ezta barre egiten bazuten ere. Horretan ere aurre hartu nion nik gerrari. Niretzat, aspaldi amaitua zen arrisku hori. Nahiak eduki arren ere, ilusioak galduta nengoen ordurako.

        Egunkari bat irakurri nuen kafetegi batean —artean egunkariak kaleratzen ziren—; bezeroak isilpean ari ziren hizketan. Egunkariak zioen gerra gogorra zela, baina oso gauza gurea zela, fedez eta grinaz egina, artean geneukan aberastasunik gorena. Kontua zen bonbak Erroman ere erori zirela, eliza bat txikitu eta hilobiak bortxatu zituztela. Gertakari honetan hildakoak ere nahasten ziren, mundu zibilizatu osoa sumindu zuen sorta odoltsu baten azkenekoa zen. Fedea eduki behar zen azken afrontu horren aurrean. Geunden puntuan, gauzak ezin zitezkeen okerrago joan. Etsaia burua galtzen ari zen.

        Ezagutzen nuen bezero batek, gizon lodi eta alaia bera, esan zuen funtsean garaile ginela jadanik gerra honetan.

        — Inguruan begiratu eta zer ikusten dut? —zioen oihuka—. Trenak beteta, handikiko salerosketak, merkatu beltza eta sos ederrak. Ostatuetan lanean ari dira, lantegietan lanean ari dira, nonahi ari dira lanean eta nonahi gastatzen da dirua. Ba al dago inon amore ematen duenik, etsitzeko esaten duenik? Hondoa jotako lau etxerengatik, miseria hutsa! Gainera, gobernuak ordaintzen ditu. Gerrateko hiru urtetan honaino iritsi bagara, espero izatekoa da beste apur bat irautea. Azken finean, denok gara ohean hiltzeko gauza.

        — Gertatzen dena ez da gobernuaren errua —esan zuen beste batek—. Jakitekoa litzateke non egongo ginatekeen beste gobernu batekin.

        Gauza horiek banekizkiela eta, alde egin nuen. Kanpoan, kaleko eraikuntza bat kaltetu zuen sute bat itzaltzen ari zen. Mutil batzuk lanparak eta besaulkiak ateratzen ari ziren kanpora. Eguzkitan, nahaspilatuta, altzariak, ispiludun mahaitxoak eta kaxa handiak metatu zituzten. Gauza dotore haiek eskaparate eder bat zekarten gogora. Antzinako etxeak, arratsaldeak, hizketaldiak eta nire grinak bururatu zitzaizkidan. Gallo aspalditik zegoen Afrikan, nik Institutuan lan egiten nuen. Hiriko bizitza zelakoan, zientzian, laborategi, biltzar eta katedren inguruko zientzian sinetsi nueneko urtea zen. Arrisku handien urtea. Anna Maria ezagutu eta berarekin ezkondu nahi izan nuenekoa. Aitaren laguntzaile bihurtuko nintzen. Bidaiak egingo nituen. Bere etxean besaulkiak eta kuxinak aurkitzen ziren, antzerkiaz eta mendiaz hitz egiten zen. Anna Mariak nire herritar izaeratik harrapatzen asmatu zuen, esan zuen besteak ez bezalakoa nintzela, txalotzekoa iruditu zitzaion herriko eskolari buruz neukan asmoa. Hori bai, Gallon buruz esan zuen piztitzar antipatiko bat zela. Anna Mariarekin hitz egiten ikasi nuen, gehiegi ez esaten eta loreak bidaltzen. Negu osoan ibili ginen elkarrekin, eta mendian geundela bere gelara joateko eskatu zidan gau batean. Une hartatik aurrera, bere mende eduki ninduen eta, konfiantzarik eman gabe, morroi baten antzera neure burua abandonatzea nahi izan zuen. Egunero aldatzen zen nahikeriaz, eta gutxietsi egiten ninduen etsitzen ez nuelako. Sesioak etortzen zirenean —begirada mehatxagarri eta larrituak— bera ere kopetilun jarri eta negarrez hasten zen neskatila baten antzera. Esaten zuen ez ninduela ulertzen eta hotzikarak ematen nizkiola. Behingoz amaitzearren, berarekin ezkondu nahi izan nuen. Edonon eskatzen nion, eskaileretan, dantzaldietan, atarietan. Berak, xomorro-xomorro, irribarre egiten zuen.

        Hiru urtez iraun zuen eta neure burua hiltzeko zorian egon nintzen. Bera hiltzeak ez zuen merezi. Baina gustua galdu nien goi zientzian, gizarte handiari eta institutu zientifikoei. Nekazari sentitu nintzen. Eta gerra urte hartan etorri ez zenez gero (artean gerrak zerbait konponduko zuela uste nuen), katedra baterako lehiatu eta nire bizimodu honetan hasi nintzen. Orain loreek eta kuxinek barre egin arazten didate, baina lehenengo garaietan Gallorekin hitz egin nuenean horretaz, artean sufritu egiten nuen. «Babokeriak —esaten zuen Gallok, berriz uniformea jantzita—, denei gertatzen zaie inoiz». Baina berak ez zuen pentsatzen gertatzen zaiguna ez zaigula halabehar hutsez gertatzen. Nik, nolabait, sufritzen jarraitzen nuen, ez ordea Anna Maria oroiminez gogoratzen nuelako, baizik eta emakumeei buruzko edozein gogoetak mehatxu hura zuelako bere barruan niretzat. Apurka-apurka ezinikusian tematzen nintzen, bai, ezinikusi hori bilatzen nuelako, hain zuzen ere. Beti bilatu izan nuelako, eta ez bakarrik Anna Mariarekin.

        Horixe pentsatu nuen, pasealekuko espaloian nengoela, eraikuntza lehertuaren aurrean. Pasealekuaren bukaeran, zuhaitz artean, mendixka-lepo handia ikusten zen; berde eta sakon ageri ziren muinoak udan. Neure buruari galdetu nion zergatik segitzen ote nuen hirian, zergatik ez nuen han gora ihes egiten arratsaldea baino lehen. Deiadarrak gauez jo ohi zuen; baina, esaterako, Erroman eguerdian gertatu zen atzo. Nolanahi ere, gerrako lehen egunetan ez nintzen jaisten babeslekura; ikasgelan paseatzen eta dardarez egotera behartzen nuen neure burua. Garai hartan erasoak barre egitekoak ziren. Orain, aldiz, izugarriak eta masiboak direlarik, deiadar hutsak ikaratzen du. Hirian arratsaldera arte geratzen banintzen ere, ez nuen motiborik. Halako pertsona mota oso bat, zorionekoak, beti-lehenak, bazihoazen edo ordurako joanak ziren herrietara, mendietako edo itsas ondoko landetxeetara. Beren ohiko bizitza egiten zuten han goian. Zerbitzariei, atezainei eta zorigaiztokoei zegokien haien etxe dotoreak zaintzea eta, suak hartzen bazituen, barruko guztia salbatzea. Karga-mutilei, soldaduei eta txoferrei zegokien. Gero, horiek ere ihes egiten zuten gauez, basora, ostatuetara. Lo gutxi egiten zuten. Bost axola zien. Eztabaidan hasten ziren, gela ziztrin batean hamar. Haien arteko bat ez izateagatik lotsatuta jarraitzen nuen, eta kaleetan topatu nahi izango nituen, solasean egin. Edo, beharbada, arrisku erraz hartaz gozatu besterik ez nuen egiten, eta ez nuen ezertxo ere egiten aldatzearren. Atsegin zitzaidan bakarrik egotea eta nire zain inor ez zegoela imajinatzea.

 

 

 

© Cesare Pavese

© itzulpenarena: Koldo Biguri

 

 

"Cesare Pavese / Muinoko etxea" orrialde nagusia