AURKEZPENA

 

        Eleberri honetako paisaia osatzen duten Piamonteko muino eta landetan sortu zen Cesare Pavese, 1908ko irailaren San San Estefano Belbo herrian, familia burges txiki baten altzoan. Bazter horietara loturik biziko da beti, nahiz eta azkar, sei urte zituela, joan zen Torinora bizi, ikasi, lan egin eta maitatzera.

        Aitaren aldetik umezurtza zen eta beti izan zen oso barnebildua. Bere izatasunaren konplexutasunak eta kinka moralak, bere oinaze izango diren hausturek lan poetikoan aurkituko dute adierazpidea, nahiko gazte hasi baitzen idazten, lagunentzat idatzi ere, poemak, tragediak eta kontakizunak.

        Literaturan doktoregoa lortu zuen 1930ean Walt Whitmanen poesiari buruzko tesi batekin, eta zenbait urtez italiera irakasten aritu zen, 1936an ingelesa irakasteko lizentzia eskuratu zuen arte. Estatu Batuetako literaturari buruzko entseguak argitaratu zituen «La Cultura» aldizkarian, eta itzultzaile lan handia ere egin zuen, Joyce, Dos Passos, Faulkner, Defoe, Dickens, etab. italieraratuz. Baina 1935ean, aldizkaria itxi erazi, eta laguntzaile nagusi guztiak atxilotu zituzten, antifaxistak izateagatik. Pavese, aldizkariaren zuzendaria izanik 1934tik, Kalabriako herrixka batera erbesteratu zuten urtebetez, Italiako hegoaldera.

        1936an argitaratu zuen bere lehen poema liburua, Lavorare stanca, eta entsegu eta itzulpenekin jarraitzeaz gainera, prosagintzari ere ekin zion, baina bere lanarekiko kritiko oso zorrotza izanik, ez zituen moldiztegira eraman nahi izan, eta bera hil arte ez zuten argirik ikusiko 1936-38 bitartean idatzi zituen lan laburrek. Bere lehen bi kontakizun luzeak ere, Il carcere (1939) eta La bella estate (1940) urte luzetan egon ziren plazaratu gabe. Argitara eman zuen lehen narrazioa Paesi tuoi (1941) izan zen, era askotako iritziak harrotu zituena. Ondoko urtean La spiaggia idatzi eta argitaratu zuen, baina harrera hotz samarra lortu.

        Bere literaturgintzaren urterik emankorrenak, ordea, gerra ostekoak izan ziren. Lan ugari argitaratu zituen: 1946an Feria d'agosto; 1947an I dialoghi con Leucò eta Il compagno (Burkidea, Xabier Mendigurenek euskaratua, Elkar 1984); Il diavolo sulle colline (1948); 1949an Prima che il gallo canti, bere barruan Il carcere eta hemen aurkezten dugun Muinoko etxea zuena; eta La luna e i falo (1950), askoren iritziz haren kontakizunik onena.

        Garai hartako Italiako literaturan, gerra aurreko tradizioarekiko haustura bizi zen —gerra bitartean hasirik—: faxismoaren garaiko idealismoa baztertu egiten da, eta gerrak sortutako arima egoerak, idazle batzuek Erresistentzian modu aktiboan zein pasiboan parte hartu izanak, eta Italiak jasaten zituen arazo latzei buruzko kontzientziak aurreko literaturgintzaren izpiritu eta formarekiko erreakzioa ekarri zuten; aurreko estetika gaitzetsi eta salatu egiten da, eta literatura berri baten beharra eta bilaketa nagusitzen; iragana gainditzeko egarria, etorkizunaganako itxaropena, artea gizartegintzan parte hartzeko tresna bihurtzeko nahia, guzti horri «neoerrealismoa» deitu zitzaion. Aspaldiko larritasun existentzialari munduarekiko eta gizon-emakumeekiko konfiantza jarrera kontrajartzen zaio; lehenagoko barnetasun eta indibidualismo kutsuko edukiei beste eduki demokratiko batzuk kontrajartzen zaizkie, une hartan bizitzen ari zen historiako gizon-emakumeak eta gertakariak, pertsona horien bizitzak, borrokak eta miseriak harturik abiapuntu. Literatura eta zinegintza parez pare ibili ziren sentimendu honetan, baina zinea izan zen mugimendu honen barruan ospe handiena lortu zuena Italiatik kanpo.

        Eskola baino areago, neoerrealismoa joera bat izan zen, edo asmo bat: alegia, literatura errealista bat nahi zen, hemeretzigarren mendeko literatura «verista» edo egiazalearekin lotuz, garai hartako Italiaren egoera islatu, herri-masen borroketarako tresna izan, eta ordura arte baino irakurlego zabalagoarengana iritsi behar zuena. Hemen kokatu behar dira, batez ere, narraziogileak: Vasco Pratolini, Carlo Levi, Alberto Moravia, eta beranduxeago, Carlo Cassola, Domenico Rea eta Italo Calvino.

        Cesare Paveserentzat, giro honen erdian gertatzea mentura tragikoa izan zen. Bere lehen poesi lanetan ere azaltzen da bere arrearen eta bere izatearen gakoa: barne bakartasuna, hartatik ihes egin nahi eta ezina. Bere bizitza guztian zehar Pavesek saioak egin zituen, maitasunaren eta arrearen bidez eta gizarte bizitzan parte hartuz, izatasunezko bakartasun horretatik ihes egiteko. Baina behin eta berriz huts egin ere bai, nola maitasunean, hala besteekin komunikatzeko ahaleginetan.

        Bere obra kontrajarritako bi muturren artean gertatzen da: alde batetik, izatasunezko bakardadea; bestetik, elkartasunaren bilaketa. Hala, bada, bere eleberri eta kontakizunetako istorioetan, gizarteak bizi dituen gertakarietan —gerra, erbestea, klandestinitatea— nahastuta egon arren, haien barruan dagoen hutsunea bete ahal izateko besteekiko harremanak ezin burutu ditzaketen gizonak topatzen ditugu —bere buruaren proiekzioak, azken finean—; horrelakoxea dugu eleberri honetako pertsonaia nagusia, Corrado: intelektual bat da, gerraren erdian aurkitzen dena aspaldiko maitale batekin, eta bera maitatu nahi duen beste emakume batekin, baina bere bakartasunean babesten da, konpromiso guztiei ihes eginez —ez maitasunarekiko ez gerrarekiko, ez eta bere lagunak alemanek preso hartzen dituztenean ere—, bere muino eta basoetan ezkutatuz, kanpoko mundu nahasia bere barneko mundu txikiaz jabetzen denean bere sorlekura itzuliz; azkenean bakarrik konturatuko da, gerra ekintza baten aurrez aurre gertatzen denean, odol isuriaren aurrean neutral izaterik ez dagoela, gerrak denei eskatzen dizkiela kontuak beren jarrerengatik, eleberria ixten duten esaldi latzek dioten bezala: «Nik ez dut uste amai daitekeenik. Orain, gerra zer den, gerra zibila zer den ikusi dudalarik, badakit denek, egun batean amaitzen bada, galdera bat egin beharko luketela beren artean: «Eta erori direnekin zer egingo dugu?, zergatik hil dira?». Nik ez nuke jakingo zer erantzun. Ez behintzat orain. Eta ez zait iruditzen besteek ere dakitenik. Hildakoek bakarrik dakite, beharbada, eta gerratea haientzat bakarrik amaitu da benetan».

        Cesare Paveserentzat dramatikoa izatera iritsi zen jarrera bera azaltzen du eleberri honetako pertsonaia nagusiak. Lagun gehienen alderantziz, Pavesek ez zuen parte hartu partisauen borrokan, berak zioen bezala, ekintzarako ezinduta zegoelako, eta hirian geratu zen, bonbardaketen azpian askotan. Erru sentimendu gogorra piztuko zion horrek, are gehiago bere lagun batzuk hil zirelako gerran. Liberazioaren ondoren lehia handiz hasiko da konprometitzen: Italiako Alderdi Komunistan sartuz, PCIren «L'Unità» egunkarian idatziz, eta, batez ere, bere prosa lan gehienak eta onenak plazaratuz. Bere herrikideen onespena eta ospea irabaziko zituen, baina hori ez zitzaion aski gertatu. Fisikoki gainbeheran zegoela, bizitza guztian besteekin komunikatzeko ahalegin hutsalak eginik, eta maitasunarekiko etsituta esperientzia txar batzuen ondoren —azkenekoa Constance Dowling aktoresa amerikarrarekin, zeini eskainiak baitago Verrà la morte e avrà i tuoi occhi, hil zen urtean idatzitako poema bilduma—, ihes egin zuen: barbituriko dosi handi bat irentsiz bere burua hil zuen Torinoko ostatu batean, 1950eko abuztuaren 26tik 27ra arteko gauean, berrogeita bi urte zituela, eta idazle ezagun eta ospe handikoa zelarik («Denei barkatzen diet eta denei eskatzen barkatzeko. Ongi? Ez atera marmarizo gehiegirik» hitzak utzi zituen paper pusketa batean). Hil ondoren bere beste lan batzuk eman ziren argitara; Verrà la morte e avrà i tuoi occhi (1951), hain zuzen; La letteratura americana ed altri saggi (1951), entsegu eta artikulu bilduma; Il mestiere di vivere eta Diario 1935-50 (1952); eta 1953an, gaztaroko narrazio laburrak, Notte di festa izenpean bilduak.

 

 

 

© Koldo Biguri

 

 

"Cesare Pavese / Muinoko etxea" orrialde nagusia