—1937—
—(Urt. 8)—
Hutsegiteak hasierakoak dira beti.
—(Urt. 13)—
I Vecchi e i Giovanni nobela erratua da, zeren eta, antolaketa eta garapen dramatikoa duen ideien poema moral bihurtu beharko luketen aurreko gertakizun eta azalpen sozial eta politikoez beteta egonik, ostera barne-legetzat bakardadea duten irudietan desegiten baita eta denak (bakardadearen logikarekin) erokerian, lelotzean, suizidioan edo heroitasunik gabeko heriotzan amaitzen baitira. Bakarrizketan ala zipriztinetan adierazia izateko joera duen kapritxo batek, barne-ohitura batek itxuragabetzen ditu denak.
Prosa hedatuaren eta elkarrizketaren txandakatze-erritmoa falta zaio ipuinari; eta ez da bakardadearen forma existitzen, pertsonaia bakoitzarentzat bereizirik ez bada; bakartien munduaren epopeia falta da. Era berean, banandutako pertsonaia bakoitza kanpotik eraikita dago erritmorik ez duten aurreko gertakizun, azterketa, ateraldiekin; antzematen da idazleak kalkulu logikoz gauza asko kanporatzen dituela, bakartiak gailurra jo eta, batzuetan oso modu eraginkorrean, mintzatzen den uneak zuritzeko.
Hotzean eraikitze funtsezkoaren froga estiloa da, argia, beira antzekoa, nahiz eta noizbehinka ateraldi grinatsuez koloreztatu. Horiek ere kalkulatuak, arrazoituak dira.
—Urt. 17—
Gizona zenbat eta gehiago lotu grina bati, hainbat eta berez garrantzirik gabeko kontu gehiago gertatzen zaizkio mingarri eta axolagabetasun horrexek bere irrika zapuzten du. Handizaleak ospetsuak onesten ez duelako sufrituko du; horrek ebanjelikoa zirikatuko du bere mintzaldian tentaldi-kezkak bilatuz; horiek, aldi berean, indibidualista haserraraziko dute, bere gogoz kontra erasoz. Bekaizkeria, edo gauza bera den handigura eragotzia, pairatutako larritasun ororen oinarrian dago. Ezin da onartu ezer orobat gerta dadin, gure aztarrenetik landa, halabeharrez.
Edozein eratako garrek berekin dakar bizitzak aurretik ezarritako legea sentitzeko joera, eta horrek zigortu egiten du gar horixe gaizki erabili edo baztertzen duen edonor. Grina-egoerak (autodeterminazio absolutuaren horditasuna balitz ere) halako moduan antolatu eta biziarazten du unibertsoa, ezen nahigabe oro agertzen baita grina ilun haren oreka bitalaren etenak ekarria eta honela gorputz bizi gisa defendatzen da. Eta jitearen arabera, bidegabeki erabili izanaren ala gutxiago izanaren tankera izango du: nolanahi ere, grina beraren eta unibertsoaren legeak organikoki zigortu dituztela sentituko dute.
Gar orok gauzen logika berberaz kontuak egin beharraren sineskeria berekin dakarrela esatea bezalatsu baita hori noski. Baita legearen transzendentzian sinesten ez duenaren garrak ere.
—(Urt. 28)—
Ezbehar oro, edo oker gaude eta ez da ezbeharra, edo gure ezgaitasun errudunetik sortu da. Eta hutsegitea gure errua denez, geure burua beste inor ez dugu ezbehar ororen errudun egin behar. Eta orain kontsola zaitez.
—Ekainak 18—
1 Jendaila — Apaiza — Hitzaldiak (Arratsaldea)
2 Ihesi — Errepidea — Txistua (Ilunabarra)
3 Miaketa — Apaiza otoitzean
4 Emakumea eta hura (Gauberandua)
5 (Goiza) — Sotana janztea — Itzulera
uztailaren 4an tina itzuli da.
—Abuztuak 3—
Ergela ez den emakumea, lehen edo gero, giza hondakin bat aurkitu eta salbatzen saiatzen da. Batzuetan lortzen du. Baina ergela ez den emakumeak, lehen edo gero, gizon sendo bat aurkitu eta hondakin bihurtzen du. Beti lortzen du.
—(Irailak 27)—
Emakumeak beti «heriotza bezain mingotsak», bizioen sastegiak, zitalak, Dalilak, etab. izatearen arrazoia, funtsean, hau besterik ez da: gizonak (eunukoa ez bada) edozein emakumerekin isurtzen du beti; haiek, berriz, plazer askatzailea gutxitan lortzen dute, eta ez guztiekin, eta sarri, ez goretsiarekin (hain zuzen goretsia delako) eta inoiz lortzen baldin badute, ez dute jada beste inorekin ametsik egiten. Plazerraren desira (zilegi) horregatik edozein okerkeria egiteko prest daude. Egitera behartuta daude. Bizitzaren funtsezko tragedia da, eta azkarregi eiakulatzen duen gizonak hobe luke jaio izan ez balitz. Suizidioa merezi duen akatsa da hori.
—(29 — Stendhal itzulita)—
—(Irailak 30)—
Gurekin ezkontzea merezi duten emakume bakarrak, ezkondu ezin ditugun haiek dira.
Baina hau da izugarriena: bizitzaren artea lagun maitatuenei haiekin izatearen poza ezkutatzean datza, bestela galdu egiten ditugu.
—Urr. 12—
Amodioan iltze batek beste bat ateratzen duela egia izango da emakumeentzat, haientzat, hain zuzen, hutsunean iltzatzeko beste iltze bat nola aurkitu baita arazoa, baina gizonentzat, iltze bakarra edukirik, ez da hain egia.
—(Urriak 31)—
Gazte izateari uzten zaio oinazea adierazteak aurkitzen duen denbora uzten duela ulertzen denean.
—Aza. 6—
Suizidaren errurik handiena ez da bere burua hiltzea, baizik pentsatu eta ez egitea. Ez dago ezer erdeinagarriagorik suizidioaren burutapenak (burutapenaren ohiturak) dakarren desintegrazio moralaren egoera baino. Erantzukizuna, kontzientzia, indarra, guztia murgiltzen da itsaso hil horretan noraezean, eta hondoratu eta azaleratu egiten da estimulu guztien trufarako.
Benetako raté-a ez da gauza handiak lortzen ez dituena (nork erdietsiko ditu inoiz?) txikiak ere lortzen ez dituena da. Etxea egitera ez iristea, lagunik ez gordetzea, emakumerik ez asetzea: beste edonork bezala bizitza ez irabaztea. Hori da raté-rik tristeena.
—Aza. 9—
Poesia berrietako errepikapenak ez du arrazoi musikalik, eraikitzailea baizik. Ohartu haietako esaldi giltzarriak beti daudela orainaldian, eta besteak, iraganean badaude ere, bildu egiten zaizkiela. Esan nahi dut egungo errealitatea atxikitzen dudala poesia horietan, ez narratiboa den hori, oroitarazlea baizik, non irudi bati zerbait gertatzen baitzaio, orain gertatzen zaio, irudia pentsamenduak orain sortua eta jardunean eta bere erroak errealitatean hondoratzen ikusia den neurrian.
Errepikatutako hitza edo esaldia goitik behera aldamioaren antzera eraikitako irudi horren nerbioa besterik ez da; kontza da, fantasia bere inguruan birarazi eta lotzen duen kontza, soilik orain, jardunean, existitzen den eta, gero, erori eta edozein burdina bilakatzen den giroskopio baten gisakoa.
—Aza. 13—
Gizon handi txikiei beti iristen zaie honakoa esanez bere handitasuna ordainarazten dieten unea: «Handia zara, baina hain zuzen horregatik, ez naiz ausartzen neure bizitza zure peskizan uztera.»
Gizon batek ez du maitasunak traizionatu izana deitoratzen, baizik bere konfiantza merezi ez izanaren doilorkeria.
—Aza. 16—
Ez al dago argi patua, janzten jakin ez eta handitan nola moldatuko ote den pentsatzen ari den hiru urteko haurrarengan?
* Zerbait edo norbait edukitzeko ez gatzaizkio abandonatu behar, ez da bere atzetik burua galdu behar, haren gainetik egon behar da. Baina bizitzaren legea da abandonatzen gatzaizkion hartaz soilik gozatzen garela. Azkarrak ziren gero Jainkoaren maitasunaren asmatzaileak: ez baitago aldi berean gozatu eta eduki daitekeen beste maitasunik.
—Aza. 17—
Emakume oro da adiskide-gose, hari bere barrua hustu eta harekin hirugarrena urrun dagoen orduetako hutsunea betetzeko; adiskide horri bere amodioari trabarik ez egiteko eskatzen dio; ernegatu egiten da bere amodioa nahasten duen edozer eskatzen badio: baina baldin eta adiskidea uzkurtzen bada eta desira hori gehiago ez pairatzeko helburu hutsez bere begiradak eta hitzak diziplinatzen baditu, orduan emakumeak (emakume orok) berehala begiradak, azkazalak eta hitzak zorroztuko ditu adiskide horrek sufritzen duela jakiteko eta ikusteko. Eta oharkabean egiten du.
Eta, batez ere, gogoratu poemak egitea maitasuna egitea bezala dela: inoiz ez da jakingo norberaren poza bestearena ere ba ote den.
Sinestezina da emakume goretsiak esatea bere egunak huts eta atsekabez beteak daudela baina gutaz ez duela ezer ere jakin nahi.
Hainbeste sufritu izanaren ordaina, zakurren antzera hiltzea da gero.
Poeta handiak maitale handiak bezain urriak dira. Ez dira nahikoak huskeriak, oldarraldiak eta ametsak; onena behar da: potro gogorrak. Begi olinpikoa ere esaten zaiona.
—Aza. 20—
«Poesia hutsa»ri aitor niezaiokeen guztia zeratik dator: kontenplaziozko liparrean gertatzen den poesia ororen bateratze estatikotik. Pentsamendu bilbaturik ez egotean, oratoriarik ez dago. Zenbait gogoeta eta korapilatutako sentipenek pizten duten argiztapenean amaituko da dena. Hori zen irudi/kontaketa. Aditz bakar batez osatutako kontaketa bat zen, besterik ez (Hil zuen — Erre zuen — Edan zuen — Gozatu zen — etab.). Arazoa da proposizio soiletik nola atera eta nola idatzi periodoak.
Gaur egungo nobelan bezala izango al da? Gertakizun korapilatuei barne-paisaia ordezkatzea? Pentsamendua mugimenduan ematearen ideiara itzultzea?
Bere iragan eta etorkizunaren bidez eraikitzen den figura egitea da pentsamendua kontatzeko erarik arrunt eta jakinena. Semplicitá-ko agurea. Mito-ko jainko gizona. Puttana Contadina-ko emagaldua. Poesia horietako metodoa pertsonaiaren jarreraren eta bera eraikitzen duen materiaren logika fantastikoaren arteko konpromezua da. Ez dut soilik haren izaera kontatzen, ez eta soilik neure irudikatzea. Bietara uler daiteke beti, ea haiek asmatzen duten ala neuk asmatzen ditudan. Haien esperientziak eta neure logika fantastikoa axola zaizkit aldi berean. Baina argi mintza gaitezen: nire logika baliabidea da; haien esperientzien izateko era da. «Nire kontaketaren gaia bera den harremanen aurkikuntza»-k zakur-ametsa emango luke, beraz.
Argi mintza gaitezen: at the back of my head ez dut onartzen gaia harremanen aurkikuntza izan dadin. Estasian ere, bitartekoa ez da helburua. Praktikan, inork ezin dezake bere estiloa konta: estiloa, definizioz, helburua lortzeko erabiltzen den gauza da.
Estiloa helburu bihurtzen den horretan, zerbait objektibo bilakatuko da, egoera bat; eta ez da ikusten zergatik izan behar duen beste edozein mundu narratibok baino duintasun handiagorik.
Mari del Sud-eko lehengusuari buruz esaten nuen hau eta beste egiten zuela; emagaldu oiesari buruz, berriz, goizean itzultzen zaiola diot, giroak idarokita (usain, eguzki, soinadar, ohe), haurtzaroaren konplexua, eta helburu horrekin esaeradun amaiera asmatzen da.
Primo Paesaggio-ko ermitauaz ere hau eta beste egiten zuela esaten nuen eta Mari-ekiko berrikuntza zera zen, ekintza horiek harreman fantastiko objektiboak zituztela. Gente Spaesata-ko niarekin soilik hasten naiz konplexu fantastiko bat pentsatzen dela esaten, eta pentsatze hori da ipuinaren gaia.
Ni pertsonaiatik jaio da, beraz, irudi/kontaketa (Cfr. aldiz Mari-etako ni mutikoa; jada, bere txikitasunean, egiten duenaz baino gehiago pentsatzen duenaz hitz egiten baita). Hau da koska: Dio Caprone-ko ezkutuko niak, Mania di Solitudine-ko niak, Pensieri di Dina-ko niak baieztatzen dute hori: bere pentsakizuna kontatzen duen niak hirugarren pertsonan dauden hurrengo poesien metodoa sortu du eta bertan gaia ez da jada pertsonaiak egiten duena, pentsatzen duena baizik. Poesia, hortik aurrera, pertsonaiaren barne-konplexu fantastikoaz mintzo da. Eta, ermitauaz geroztik, pentsakizun iharra sentipen-gehiegikeria bilakatu izanak ez du berebiziko garrantzirik.
Oker nengoen, Mestiere del Poeta-n, ermitauarekin irudia kontaketaren gai bihurtu nuela esatean: ermitauarekin aurreneko aldiz gozatu du sentipenez eta haien harremanez, baina gaia oraindik gertakizunak ziren.
Horrela, une ebolutiboa somatuta, argi dago zergatik iruditu zitzaidan konpromezuaz hitz egin behar nuela. Baldin eta, enpirikoki, pentsamendu (=irudi) formaz bere ekintzak kontatzen dituen niaren egoera batean jaio bada irudi/kontaketa, poesia objektiboak, hirugarren pertsonan, behinolako teknika introspektiboaren transposizio arrunta dira. Konplexu fantastiko anitzen (irudi/kontaketen) oroipena zorrotza edo harrigarria bada ere, hara non argitzen den subjektua ez dela buru jakin baten prozesu logiko-fantastikoa, baizik buru horrek pentsatzen eta sentitzen duena. Ez estiloa, mamia baizik. Ergel iruditzeko bezainbesteko ondorio arrunta da hori.
Argi baino argiago mintza gaitezen: pentsamenduaren benetako kontaketa lortzeko bere pentsatzeko moduen gainean hausnartzen duen urlia baten barne-konplexua oroitarazi beharko dut. Eta ez dirudi gauza handia denik.
«Uko egiozue lurrari eta lurra ere emango zaizue» esaeraren egia honakoan datza: guztiari uko egin diogu, eta gelditzen zaizkigun gauza xumeak handitzen ditugu. Labur esanda, zapuztu ohi ditugun gauza txikienei mamia ateratzeko modua da.
Eta gero beste hau dago: besteentzat, haiek ukatzen dizkiguten gauzen balioa gauza horiek edukitzeagatik guk daukagun irrikak adierazten du. Beste alde batera begiratzen badugu, gauza horien jabeek eskuetan usteltzen zaizkiela ikusiko dute berehala, eta berriz eskainiko dizkigute.
Hori, jakinduria mundutarrari dagokionez. Baina esaerak, esanahi mistikoa behar duenez, min handia dakarkio mistizismoari. Jainkoak ere bere sorkuntzei guk desiratu izatearen arabera emango die balioa, ala? Gutxiagotasun konplexua duen Jainkoa; nork esango zuen?
—Aza. 21—
Egia baldin bada oinazera ohitu egiten garela, nolatan sufritzen da geroz eta gehiago urteen harian?
Ez, ez dago erotuta dibertitu, atsegin hartu, bidaiak egin, larrua jo, borrokatzen den jende hori; ez dago erotuta, hain da egia, ezen geuk ere egin nahi izango baikenuke.
Gauza guztietan lehiatzea nagusitzen baldin bada, zergatik ez honetan ere?
Gorputz horrek ere baduela pentsamendu bat, iratzartze bat, atseden bat, ahultasun bat, eguneroko iraupen bat, eta ni gizon hura banintz hori guztia alboko gelan edo begien aurrean benetan izango nukeela pentsatzea. Egunak harengan amaituko luke: horixe, horixe galdu dut. Eta ez dago hori itzul diezadakeen giza ahalmenik. Eta hori guztia maitasunik gabe xahutua izan da. Eta ez da delitua, ez da bekatua, ezta okerra ere: egiten den huskeria da, damutzen ez duena, eltxo bat zanpatzea bezala.
Poztu, badago lege moralik eta.
—Aza. 23—
Munduko poz bakarra hastea da. Bizitzea ederra da, bizitzea hastea delako, beti, une oro. Sentimendu hori falta denean (espetxea, gaixotasuna, ohitura, ergelkeria) nahiago genuke hil.
Horregatik, egoera mingarria berdin-berdin errepikatzen denean (berdina dirudienean) ezerk ez du bere izuikara menderatzen.
Baina arestiko legea ez da viveur-arena. Ohitura handiagoa baitago kosta ahala kosta egiten den esperientzian (cfr. «bidaiatu behar» itsusia) behar bezala onartu eta alaitasunez eta adimenez egiten den bizitza guztiz bideratuan baino. Sinetsita nago ohitura handiagoa dagoela menturetan ezkontza on batean baino. Zeren menturak berezkoa baitu babes-erreserba mentala gordetzea; eta horregatik ez dago mentura onik. Ona da abandonatzen gatzaizkion mentura: ezkontza, hitz batean, apika zeruan egindakoena.
Ezkon-bizitza normala bizkortzen duen berraste iraunkorra sentitzen ez duenak, funtsean, esaten duena esaten duela, ez du benetako berraste bat ere sentitzen mentura bakoitzean.
Ikaskizuna beti da bakarra: buruz jauzi eta nahigabea eramaten jakitea. Hobe da benetan jokatzera ausartu izanagatik sufritzea to shrink (ala to shirk?) izanagatik baino. Seme-alaben kontuan bezala: naturak nahi du gainera, eta atzera itzultzea doilorkeria da. Azkenean (eta ikusita dago) garestiago ordaintzen da.
—Aza. 25—
Lege moralak geure buruari minik ez egiteko balio du, ez mina besteei saihesteko. Karitateak esan diezaguke soilik zenbat min egiten dugun gure betebeharraren arabera jokatuz. Hori ikusten da ez amodio kontuetan bakarrik, bizitza osoan baizik. Baina ideal handia izango litzateke hori: pertsona bakoitzari galdetu beti, aspergabe, zer den iraintzen duena, kalte egiten diona, torturatzen duena, eta orduan, ordaina eman, besarkatu, suspertu. Baina bakoitzari guztiei esan nahi du, eta beti esan nahi du, eta hori ezin da. Ezin da, bereziki pertsona batek bederen ez lituzkeelako ordain hori eta besarkada hori izango, eta pertsona hori geu gara. Zeren gauza bat behinik behin egia baita: gozatzen ikustea, gure eraginez baldin bada ere, ez zaio aski gure bakeari. Adibidea: atseginik ez duten emakumeak.
Sakratuaren eta profanoaren arteko nahasketaren itxura du, baina ez da. Bizitza gorputzean hasten da.
Idazten dut: T., erruki zaitez. Eta gero?
Ez zenituzke sekula serioski hartu behar soilik zeure esku ez dauden gauzak. Amodioa, adiskidetasuna eta ospea kasu.
Eta zure esku soilik dauden haiek, zer axola du serioski hartzen diren ala ez? Nork jakingo du ezer? Zeren, bakarrik egonez gero, ez baitago nor: nia ere desagertu egiten da. Politagoa oraindik.
—Aza. 26—
Zergatik ahazten ditugu hildakoak? Ez digutelako jada balio.
Pertsona goibela edo gaixoa bere elbarritasun psikiko edo fisikoa dela eta ahantzi egiten dugu (baztertu egiten dugu).
Inor ez zaizu abandonatuko, beretzat etekinik ikusten ez badu.
Eta zu? Behin desinteresatuki abandonatu nintzela uste izan nuen. Beraz, ez dut negarrik egin behar abandono haren objektua galdu badut. Horrela ez zen gehiago desinteresatua izango.
Eta, hala ere, zenbat sufritzen den ikusita, sakrifizioa naturaren aurkakoa da. Edo nire indarrak gainditzen ditu. Ezin diot negar egiteari utzi. Eta negar egitea munduaren aurrean etsitzea da, etekina bilatzen zela onartzea.
Ba al dago eduki ahal izan eta uko egiten duen inor? Karitate hori ezintasunaren ideala besterik ez da.
Eta orduan, aski da amorrazio bertutetsuaz. Hortzak eta maltzurtasuna izan banitu neuk jasoko nuen harrapakina.
Horrek ez du esan nahi etsiaren, zapuztuaren, garaituaren (nire) gurutzea jasatea eskerga ez denik. Izan ere gurutziltzaturik ospetsuena jainko bat da: ez etsia, ez zapuztua, ezta garaitua ere. Eta hala ere bere indar guztiekin, «Eli» deiadar egin du. Baina gero bere senera itzuli eta garaitu egin du, eta hori lehenagotik ere bazekien. Egoera horretan, nork ez luke gurutziltzaketa nahi izango?
Asko dira etsirik hil direnak. Eta horiek Kristok baino gehiago sufritu dute.
Baina egia, egundokoa, ikaragarria, hauxe da: sufritzeak ez du ezertarako balio.
* Gizon guztiek dute barrutik marraskatzen dituen minbizi bat, eguneroko gorotz bat, epekako gaitz bat: beren onik eza; beren izate erreal, eskeletikoaren eta bizitzaren konplexutasun mugagabearen arteko talkagunea. Eta denak, lehenago edo geroago, ohartu egiten dira. Bakoitzarena miatu beharko da; ohartze geldia edo bat-bateko hautematea sumatu. Agi danez, ia denek usmatzen dituzte haurtzaroan helduaroko izuikararen aztarnak. Atzeranzko aurkikuntzen, izuen mintegi honetan, haurtzaroko ezinbesteko keinu eta hitzetan beren burua aurrirudikaturik larritasunez betetako aurkitze horretan miatzea. Deabruaren Lilitxoak. Izu hau atsedenik gabe begiratzea: izan dena, izango da.
—(Aza. 28)—
Amodioan garrantzia duen gauza bakarra emakumea ohean eta etxean edukitzea da: beste guztia gezurrak dira, gezur likitsak.
Maitasunaren formarik arruntena bere objektuari buruz ez dakienak elikatzen du. Baina zerk gailentzen du bere objektuaz ezagutzen duenaz osatzen den maitasuna?
Egia esateko, ni beti iristen naiz neure garaikideak baino hiru edo lau urte geroago: hortik neure egiekiko atxikimendu etsi eta, aldi berean, gogaikarria.
Vanitas vanitatum-aren froga: geure buruaz horren interes handia daukagu eta, aldiz, txiripa hutsa da gu geu izatea eta ez beste batzuk. Emakume jaio nintekeen eta neskame izan, eta orduan, zer arazo?
Eta ez al da funtsik gabea geure buruari ematen diogun garrantzia, interesak gu eta neskamea eta gizateria guztia begiratzen duenean? Interes zabaleko pertsona.
Eta ez al da tragikoa fededun oro barregarri samarra gertatzea? Fede bakarra balego, ez litzateke hori gertatuko. Bizitzaren ironia, egundokoa, ikaragarria da edozein unetan izan gintezkeela ergel. Denak dira horren beldur: inozo izatea baino nahiago izaten da zital izatea. Lelo zaharra. Horren arrazoia: inozo oro dela zitala eta ez alderantziz. Jakintsu zitalik imajina daiteke. Baina ba al da inozo onik? Une jakin batean baliteke, baina, urtean zehar, inozoaren bizitza zitalkeriaz beteta dago, ezjakintasunak joko sozialaren arauak bortxatzea beste irtenbiderik ez duten egoeretara eramaten baitu.
Inozo bat ezagutzen dut; gaztetan, zakur-ametsen atzetik galduta, jokoaren arauak ikasteari uko egin dio, eta orain zakur-ametsak aienatu egin dira eta jokoak birrindu egiten du.
Arazoa: zer da emakumea? indartsuaren saria da ala ahularen babesa, haien gogoaren arabera?
Bizitzaren ironia: emakumea sari gisa ematen zaio ahulari eta babes gisa indartsuari. Eta ez batak, ez besteak, ez dauka inoiz dagokiona.
—(Aza. 29)—
Goiz lanbrotsu eta eguzkitsuren batean, ez al nau ustekabean harrapatuko eduki dudan guztia opari bat, opari handi bat izan delako gogoetak? Nire gurasoen ezerezetik, ezerez etsai hartatik, neu bakarrik sortu eta hazi naizela, neure doilorkeria eta loria guztiekin eta, nekez eta zailtasunez, edozer arriskutatik onik aterata, gaur honetara iritsi naizela, kementsu eta trinko, eta hura aurkitu, bakarrik zegoela, ezerezaren eta halabeharraren beste mirari bat? Eta emakume harekin gozatu eta sufritu izandako guztia opari bat, opari handi bat besterik ez dela izan?
—Aza. 30—
Kritiko oro da adin kritikoan dagoen emakume bekaizti eta refoulé horietakoa.
Gizonak delitua egin du. Utz ditzagun alde batera bat-batean norbait irits daitekeen beldurra, munduari erakutsi beharreko aurpegiaren artegatasuna, bere kontra armatutako munduari ikara. Utz ditzagun alde batera salbatzeko kezka, ezer gertatu ez balitz bezala joateko kezka; eman dezagun onik ateratzeko ziurtasunik badagoela. Baina, ez al dirau izu-leizeren batek? Biktima (goretsia ala gorrotatua) gehiago existitzen ez delako ziurtasuna? Ez gure gorrotoarentzat, ez gure amodioarentzat ezer ere izango ez den ziurtasuna? Berregin behar den bizitza berriaren estuasuna, biktimarekin batera gu ere hil garelako? Delitua benetan grinatsua izan bada, biktimaren izatearekin orokortasun bat osatzen zuen gure substantzia guztiaren bat-bateko suntsidura?
Eta, hala ere, ezin dut inoiz heriotzan pentsatu ideia honen aurrean dardarka jarri gabe: heriotza helduko da ezinbestean, ohiko arrazoiengatik, bizitza osoan zehar prestatuta, huts egin gabe, hain da egia helduko dena. Euria erortzea bezain gertakizun naturala izango da. Eta honetan ez dut etsitzen: zergatik ez da borondatezko heriotza, aukera libreko baieztapena den heriotza, zerbait adierazten duen heriotza bilatzen? Norberaren burua hiltzen utzi gabe? Zergatik?
Honegatik. Erabakia atzeratu egiten da, badakigulako (espero dugulako) bizitzako beste egun bat, beste ordu bat, heriotza aukeratuz gero zapuztuko genukeen hurrengo asmoaren baieztapen, adierazpen izan litezkeela. Zeren, neuri buruz ari naiz, beti denbora izango dela uste baita. Eta heriotza naturalaren eguna helduko da. Eta bizitza osoko ekintzarik garrantzitsuena arrazoi batengatik egiteko aukera handia galduko dugu.
Amodio gogoeta: horren maite zaitut, non zure neba jaio nahi bainukeen edo mundura nik neuk ekarri nahi baitzintuzkedan.
—(Abe. 1)—
Nire zoriona biribila izango litzateke, bihar eta beti hura aurkitzeko sekretua igertzearen atsekabe iheskorrarengatik ez balitz. Baina agian oker nabil: nire zoriona atsekabe horretan datza. Eta, berriro ere, agian bihar oroimena aski izango den itxaropena berreskuratu egiten dut.
—(Abe. 2)—
Gaur gehiegi hitz egin duzu.
—Abe. 4—
Umorerako sena sen praktikoa duten haiek daukate. Bizitza kontenplazio injenuoan zorabiatuta igarotzen duenak (eta kontenplazio guztiak dira injenuoak), ez ditu gauzak bananduta ikusten, ez du ikusten mugimendu libre eta konplexu eta kontrastantea dutenik, bere barregarritasunaren izaera ematen dioten horiek. Kontenplazioaren berezitasuna berriz, gauzen aurrean gaudela gugan sortzen den sentimendu ilun eta biziari atxikitzean datza. Hauxe da kontenplatiboen aitzakia: gauzen aurrean daude, eta ez dituzte, nahitaez, horien bakantasun eta ezaugarriak sentitzen; sentitu egiten dituzte, besterik ez. Praktikoak, paradoxa, gauzetatik bereizita bizi dira, ez dituzte sentitzen, baina berauen egitura ulertzen dute. Eta gauza bati, soilik hartatik bereizita dagoenak egiten dio barre. Horren barruan tragedia bat dago: gauza batean trebatu egiten gara, hartatik bereiziz eta, ondorioz, hartan interesa galduz. Hortik, lasterketa gartsua.
Noski, eskuarki inor ez da erabat kontenplatiboa edo praktikoa, baina den-dena bizi ezin daitekeenez, ibilienei zerbaiten sentimendua ere gelditzen zaie.
Zeure bizitza ile batetik zintzilik utzi duzu: ez zaitez mugi, bestela eten egingo da.
Egin dituzun horrenbeste sottise-ren ondoren, hura itzuli eta zu besarkatu izana, ez al da sinesten ez duzun Jainko horri belauniko eskertzeko beste?
Injenuitateak aparteko zolitasuna dauka, hain zuzen bere insouciance-z osatuta dagoena. «Horren ergela zarenez, inork ez dizu aurre egiten». Zolitasun bitxien ugaritasun baten azpian, politikarik onena ergelkeria all-pervading-a da.
—Abe. 5—
Sentimentalen akatsa ez da «maitasun samurrak» badirela sinestea, baizik bere natura samur horren izenean maitasun horien gaineko eskubidea aldarrikatzea. Aldiz, izaera gogor eta ausartek soilik dakite sortzen eta haiek sor dezakete maitasun samurren zirkulu bat. Eta jakina, hori tragedia, gutxiago gozatzen direla hauek. Hortzak dituenak, etab.
Argi gera dadila, behin-betiko, maiteminduta egotea maite den objektuarekin zerikusirik ez duen aukera pertsonala dela, ez eta horrek erantzuten duenean ere. Norberak bere barruan irakurtzen dituen eta, analogiaz, bestearengan uste dituen keinu eta hitz sinbolikoak elkar trukatzen dira orduan ere. Baina ez dago bi mamiak bat etortzeko arrazoirik, ez beharrik. Aparteko artea behar da sinbolo horiek behar bezala onartzen eta ulertzen jakiteko eta norberaren bizitza modu egokian antolatzeko. Batak besteari sinbolo horiek eskaini besterik ezin dute egin, elkarrekiko erantzuna erreala izango dela amestuz. Baina at the back of one's head zolitasun praktikoa gordetzea beharrezkoa da: norberaren beharrizanak asetzeko eskaintza horretaz (maite den objektuaren beharrizan indibidualak eragin duen eskaintza horretaz) baliatzeko erabakia hartu behar izan da. Elkarrekiko erantzuna egokitzen trikimailutan ibili denak ez ditu gora-beherarik pairatuko, gauzak bere onurarako gerta daitezen egingo du, beirazko mundu bat sortuko du eta bertan objektuaz gozatuko. Baina ez du sekula ahantziko beirazko esfera airerik sartzen ez den hutsunea dela eta, aireztatzeko saio injenuoan, hura ez hausteko kontuz ibiliko da. Abandonoak, gartsutasunak, umeak, zaletasunak, konfiantzak: sinbolo indibidualak dira eta horietan airea, bestearen ulertze mistikoa, baztertuta dago beti. Sinbolo hauen eta errealitatearen artean, beraz, hitz eta gauzen artean dagoen harreman bera dago. Benetako substantziarekin, bakoitzaren bakardade hotz eta aldagaitzarekin, nahasi gabe esanahia emateko bezainbesteko maltzurtasunez jokatu beharra dago.
—Abe. 7—
Egia balitz gizakiak hautamen-askatasunik baduela, horrenbeste hitz egingo ote litzateke hartaz? Nork daki postulatu bat ez ote den: nahi izanez gero, libro izan gintezke edo ondorio izan gintezke. Baina, hasierako aukera?
Bizitza osoa ukitzen duten gauzetan ezintasun fisikoaren harresia ezagutu ez duenak (inpotentzia, dispepsia, disnea, espetxea, etab.) ez daki zer den sufritzea. Izan ere, horrelakoetarako asmatu izan da uko egitea: ezinbestekoa denarekin merituak egitearen saio etsia. Imajina al daiteke ezer doilorragorik?
Aipagarria da egiten ez duenaren tentazioa sentitzen ez duen pertsonaren egoera: ez, ostera, tentatua izan eta uko egiten dionaren egoera. Hitz errealistetan, lehena bakea da, bigarrena samintasuna. Heroikoek diotena diotela. Sufritzea ergelkeria da.
Besteekin maltzurra izan baino lehen, norberaren buruarekin izan beharra dago maltzur. Egiten dugun bekatua, kontzienteki onbidetsua izan dadin gertarazteko arte bat badago. Edozein emakumerengandik ikasi.
Norbera maitarazteko artea zerean datza, nahasketan, unaduran, erdeinuan, epidermikoki ezti-eztiak diren baina hartan dabilen dohakabea korapilo bikoitzez lotzen duten amore emate zekenetan; baina haien bihotzen eta haien senaren erdi-erdian aiherkunde bizia sortarazi eta inkubatzen dute, maitasunik eza eta mendeku-gogo setatsu moduan agertzen dena. Esklabuak egitea politika txarra da, eta ikusi da, eta ikusiko da aurrerantzean.
Ohiko tragedia: gorrotoa eragiten dakienak baino ez daki eragiten maitasunik, pertsona berberaren gorroto eta maitasuna, alegia.
Honela amaitzen da gaztaroa: abandono injenuoa inork ez duela maite ikusten denean. Eta amaiera hori bi eratakoa da: abandono hori besteek ez dutela maite ohartzea eta ezin dugula geuk onartu ohartzea. Ahulak lehenengo moduan zahartzen dira, gogorrak bigarrenean. Gu lehenengoetakoak izan gara. Allegro.
Gure garaian, gizon egiatiak ezin du gerraren ananke-a zuhurtasunez onartu. Erabat bakezalea ala gerrazale errukigabea da. Ankerra da kanta: santuak ala borreroak. Benetan egoera ederrean egokitu gara.
* Zergatik da zentzugabea burua galtzea? Orduan izaten baikara egiati.
—(Abe. 11)—
Ez da egia kastitatea (balizkoa bada ere) apeu sexuala denik zeren orduan emakumeak aski gose izan beharko bailirateke fraidetxo eta apaiztxo nerabeez, zeinek araua serioski hartzen dutela uste baita. Agure lizun (gizon ibiliak) burusoil eta amarrutien gose dira, aldiz.
Eta zuk, mojekin amestu al duzu inoiz?
—Abe. 13—
Saia zaitez norbaiti ongia egiten. Hortik gutxira ikusiko duzu nola gorrotatzen duzun aurpegi atsekabetu eta distiratsu hori.
—Abe. 15—
Bizitzaren aldeko borroka dela bizitza gizon-emakumeen arteko harreman sexualetan ikusten da; horietan, zaldun-idealaren ahalegin hezitzaile guztiak gora-behera, konformismo eta etsipen iraunkorren eskakizun sozialak gora-behera, hala eta guztiz ere, sakrosantua baita hurkoa arbuiatzea, baldin eskatzen den plazer askatzailea ematen ez badu.
Eta ulertzen da norberaren berezko bakardade harraparia, ohartuz beste batek emakume batekin (edozein dela ere) sexu-jarduna izatearen pentsamendua nola bihurtzen den amesgaizto, lizunkeria doilor baten kontzientzia deseroso, gelditu beharreko eta ahal balitz suntsitu beharreko hutsalkeria. Jasan al daiteke, benetan, beste (edozein) gizon batek beste (edozein) emakume batekin act of shame egin dezan? Eeeez! Alabaina, hori da bizitzako jarduera nagusia, zalantzarik gabe. Horra hor gure altruismo ororen faltsukeria. Santu izanagatik, beste batek larrua jotzen duela jakiteak haserretu eta iraindu egiten gaitu.
—Abe. 16—
* Madarikatua «aux choses de l'amour mêlat l'honnêtetê» dituenak? Gauza bera da arte kontuetan ere. Horren arrazoia: artea eta bizitza sexuala sustrai beretik ernetzen direla.
Baina, artista handia bada mundu moral sendo bat amoralki eraikitzen duena, maitale handia da, orobat, bere unibertso erotiko bakoitzari aparteko bizitasun morala eskaintzen diona. Artista beti da egiatia bere buruarekin, bere lanak porrota izango ez badu. Maitale handiak, idem (cfr. 34ko otsailaren 25 — martxoaren hasiera), bere maitasuna sentituko ez badu.
—Abe. 17—
Lehen amodioa: «handiak garenean, gogoeta hauek emakumeekin egin ahal izango ditugu».
—Abe. 18—
Bada norberaren idealen porrota baino gauza tristeagorik: haiek lortzea.
—Abe. 22—
Zure nobela bakoitza izenburu bakoitzean era askotara erakutsitako grina berak bultzatzen dituen irudien bilduma da. Notte di festa, Santuaren ospakizuna; Terra d'esilio, denak konfinatuak; Primo amore, denak aurkikuntza sexualak bultzatuta. Luzeez ari naiz. Laburrak ez zaizkizu horren errealistak ateratzen.
Zure benetako musa prosistikoa elkarrizketa da, zeren horretan errealitatea ezkutuki interpretatzen duten ateraldi absurdu-injenuo-mitikoak esanarazi baititzakezu. Poesian ezin egingo zenukeena.
—Abe. 23—
Eguna eta gaua gizon-emakumeen artean igarotzen zuen haurrak, ilunki bazekienak, hura errealitatea zenik sinesten ez zuenak, sexua bazelako sufritzen zuenak: ez al zuen iragartzen gizon-emakumeen artean igarotzen den gizona, badakiena, hau errealitate bakarra dela sinesten duena, bere mutilazioaz izugarri sufritzen duena? Bihotza jauzi eta abailduko zaidan sentsazio hau, bularra urratu eta uzkurtzen didan bertigo hau, apirileko nahigabearekin ere ez nuen sentitu.
Orbain hura osatzen utzi nuen (saguak bezala, txo!) eta gero (hats bat eta fereka bat, hasperen bat), berriro ireki eta urratu dute, eta gaitz berria erantsi.
Ez nahigabeak, ez jelosiak ez zidaten sekula odolaren bertigo hau sortu. Inpotentzia behar zen, nirekin larrutan egiten ezein emakumek gozatzen ez duelako ziurtasuna, ez duela sekula gozatuko (garenak gara) eta horra hor larritasuna. Besterik ez bada, lotsatu gabe sufri dezaket: nire penak ez dira jada amodiozkoak. Baina hau da benetan indar guztiak amatatzen dituen oinazea: gizon ez bagara, atal horren kemena ez badaukagu, emakume artean igaro behar badugu asmorik eduki ahal izan gabe, nola mendera dezakegu geure burua eta jasan? Ba al da hobeto justifikatutako suizidiorik?
Halako pentsamendu itzelari, zuzena da bularrean, giharretan eta bihotzean sentitzen den zapaldura, suntsidura-sentsazio eskerga hori egokitzea (orain arte une bat besterik iraun ez duena); baina, gehiago iraungo duen egunean? ordu edo egun osoa beteko dituenean?
Eta hura irainduta sentitu da, dibertitzeko, gauzatxo alai bat egin duelako. Eta hori abuztuaren 13aren ondoren esan dit. Eta ez dio negargurarik eman. Eta «oso maite nau»! Jainko madarikatua!
—Abe. 25—
Maitasunez ala gorrotoz, baina beti bortiztasunez.
Konfinamendura joatea ez da ezer; jasanezina, handik itzultzea da.
Masa-gizona ez litzateke plazatxori izan beharko, diziplinatua baizik. Gu ez gara ez bata, ez bestea.
Bada zahartzea baino gauza tristeagorik: haur izaten jarraitzea.
Larrua jotzea bizitzako gauzarik garrantzitsuena ez balitz, Genesia ez litzateke hortik hasiko.
Jakina, denek esaten dizute «zer axola du? Ez dago hori bakarrik. Bizitza oparoa da. Gizakiak beste zerbaitegatik balio du» baina inork ez dizu begiratu ere egiten (ezta gizonek ere) igortzen duen indar hori ez badaukazu. Eta emakumeek esaten dute «zer axola du? etab.» baina beste batekin ezkontzen dira. Eta ezkontzeak bizitza bat eraikitzea esan nahi du. Eta zuk ez duzu sekula eraikiko. Horixe esan nahi du denbora larregiz haur iraun izanak: horixe.
Harekin, zure amets guztia zenarekin, ustel irten bazaizu, norekin irtengo zaizu inoiz ongi?
Gogoratzen duzu nola apirilaren 9arekin betirako deuseztatuak izan diren langile-etxe txukunen zure ametsak, belazeetako zure zuhaiztiak, mendipeko zure hiri hotza, mendietako plazaren aurreko neoi gorrizko iragarkiak, plaza horretarantz, lauzaduran zehar alferrean ibilitako igandeak, eta gero piemontear-nazioarteko lagunartearen zure amets mingarria, sotiltasun eta baretasun xumeko bakarrik bizi eta lan egiten duten neskena, eta gero lehenengo urteko zure poesia guztiak? Ez al dago zure gaztaro guztia zineman eta Konstituzio plazan? hilda, zeharo hilda?
Gogoratzen duzu Brancaleonen Konstituzio plaza zenuela buruan?
Hain zuzen ere, zerorri gertatu behar zitzaizun zure bizitza guztia puntu batean kontzentratu eta ondoren ohartzea edozer egin dezakezula puntu hori bizitzea izan ezik.
Azken batean, gaur 25 da. Eta hura mendian dago. Izan zen joan ez zen 25ik. Benetan?
Zer axola du besteekin bizitzeak, norberarentzat benetan garrantzizkoak diren gauzei beste norbaitek barre egiten dienean?
Gizonen gogoko izateko, gizon hauetako bakoitzak bere bizitza sekretuan arbuiatu eta gorrotatzen duenari atxiki behar zaio.
Emakume horrekin maitasun/zuzentasunean kale egin duzu. Nork eman ahal izango dizu maitasun/sendagaia? Inork ez, baldin zuzentasuna ezinezkoa zelako arbuiatu zaituen horrek ere maitasun-sendagaia beste batekin aurkitu badu.
Zinez. Nahiago nuke nerau hiltzea, harengandik berri hori hartzea baino. Benetan, Jainkoarengan sinetsi nahi nuke orain, hari erregutu ahal izateko. Ez dadin hil. Ez dakion ezer gerta. Hau guztia amets izan dadin. Egon dadin bihar bat. Neu desager nadin, ordea.
Izaki bakar batek ehunek baino gehiago erakusten dute.
—Abe. 30—
Zergatik kikildu? 1937ko urte honetan 36ko hondamendia berregin dugu, kolapso izugarri bat (35-36) heldutasunerako aldaketa-krisi bihurtu dugu. Etorkizunik baduen amodio bat aurkitu dugu berriro absurduki; gure bihotz biziaren barrua berregin dugu; poesia asaskatzailea berriz axaletik ukitu dugu eta garaitu, eta Vecchia U. sortu dugu; egunkari honen bidez konplexu meditatibo eta juzgatzaile sendo bat lortu dugu; nobela desberdin, sendo eta emankor batzuen (bat edo bat behin-betikoa) uzta bildu dugu; sorkuntzaren erritmoa berreskuratu.
Lau liburu itzuli ditugu 6.200 lira irabaziz. Eskola ugari eman eta ikasle-erritmoa aurkitu dugu. Beste horrenbesterako itxaropena 1938rako.
Ez al da hau gerrak guztia pikutara bidaltzeko une egokia? Nolabaiteko ironia kosmikoaren zantzu galanta izango litzateke. Mereziko luke.
Ez dadin gerta txantxa hori eta neure buruaz erantzungo dut. Eta harengatik erantzungo dut. Eta guztiaz erantzungo dut.
Hala eta guztiz ere, mundua gora-behera, beste zer eskertu behar dut urte amaiera honetan Hura ez bada? Hura eta ni Bere itzulerak indartuta?
Eta aurten argitan gelditu da nire lotsa luze eta sekretua. Beste 1934 honetan ere badago abuztuaren 13rik. Eta hala ere bizi naiz. Ez al da miraria?
—Abe. 31—
Bizio bakarra dago, desira, Ivan direlakoetan askonahia deitzen dena; eta Mitja direlakoetan, lizunkeria. Genesiak, bere iluntasunean, jatorrian jarri du lizunkeria gisa uler daitekeen askonahia. Bizitzaren tragikotasuna da ongia eta gaizkia ekintzaren gai bera (desira) besterik ez izatea, aurkako eran koloreztatuak. Baina aurreiritziz edo senez eta inoiz ez ezagutza garbiz antzematen diren gauez ikusitako koloreak bezalakoa. Bizioaren lilura eta dardara, gauez halakoa uste genuen eta aldiz desberdina den koloreak eragiten duen ikara da.
Kolore nabarreko masak darabiltzagu, sarri gorri uste izan eta aldiz urdin gertatzen direlarik, eta antzeman nahi izan bezain laster ikaratuz. Asmo onak dituenaren tragedia da; egunsentian horrenbeste urdin bilduta izan behar duen gizontxoaren tragedia; iluntasunean eskukatu eta beti gorriak aukeratzeko beldur da, eta gero agian beilegiak dira. Kontzientzia susmo bat besterik ez da, ukimenez ezagutzen den kolorea.
Hau da «artea beragatiko artean» egiazki dagoena: mahaira eseri eta hautamen hutsa dastatzen dugu, barne-lege beharra trikimailua duen hautamena, gugandik bakarrik kanpoalde zakar orok ezin kutsa dezakeen antolaketa eta aukera sortarazten dituelako, gure kontzientzia beretik jariakor eta dardaratiak. Antolaketa hau osatzen doan heinean beharrezkoa gertatzen da, baina gure atsegina gero eta gehiago osatzen eta objetibatzen doa. Lana bukatu eta horra hoztasuna eta, sakonean, atseginik eza: antolaketa eta aukera horiek azaleratu dira, geuk ezin dugu jada geurea esan, errealitate natural gisa onartu behar ditugu. Aita gara, ez maitale: gure lana jakin-min eta kezka arduratsu etsai samarraz aztertzen dugu: alde egiten duen semea da.
Lana ametsaren mendeko izanda ere, nork ez du txundituta eta pasiboki begiratzen? eta ez du bertan gauza ezezagunik aurkitzen?
Baretasuna eta altruismoa eta bertutea eta sakrifizio guztia erori egiten dira larrua jo dutela edo joko dutela badakizun (gizon eta emakume) biren aurrean. Haien misterio lotsagabea jasanezina da. Eta bietako bat zure amets guztia bada? Zer bihurtzen zara orduan?
Beste pertsona bat maitatzea hau esatea bezala da: aurrerantzean beste pertsona honek nire zoriontasunean berean baino gehiago pentsatuko du. Ba al da gauza zentzugabeagorik?
Bere ederraren kuleroez ere jeloskor ez dena, ez dago maitemindurik.
Ba al da ezer sakonagorik maitearen titiburuak zurgatzen dituen maitalearen haur-keinua baino?
Bi gauza interesatzen zaizkizu: maitasunaren teknika eta artearen teknika. Zaporerik falta ez duten injenuitate eta zakartasunez inguratu zatzaizkie biei. Bietan heresiekin hasi zara: bakardadearen atsegina eta grinatsu errimatutako oihua. Bietan sortu duzu maisulanen bat. Baina iritsiko da artean ere zure abuztuaren 13a aurkituko duzun eguna.
(Cfr. aza. 20, II) — Zure poesietan kontatutako pentsamenduaren jatorri autobiografikoa, nobela objektiboaren jatorri autobiografikoarekin paralelo dator, Cellini eta Defoe-n ikusi duzun modu berean. Hirugarren pertsonan dagoen ipuinean errealitatea nabarmentzea teknikaren zorroztea da, baina beti (?!) hasten da ni (autobiografia) baten bidez errealitatea aurkeztearekin. Zure nobeletan ere hau ari da gertatzen.
Eta ez al du horrek poesia eta nobela dramaren sustraietara murrizten? Bere buruari hitz egiten dion pertsonaia bakarra nahiz anitza izatea, ez al da gauza bera?
Egiaztapen horren ondorio arinki nahasia, guztiak autobiografiatzen diren hainbat nobela-pertsonaiaren teknika modernoa da (As I lay dying — Faulkner).
Orain arte lehen pertsonan mintzarazi duzu protagonista, bere esateko eran ere nortasunik ematen arduratu gabe (l'Idolo, l'Intruso, Primo Amore); orain bere bakantasunean ere pentsatu beharko duzu: pertsonaia gisa sortu, zu zeu neutro batean ez utzi (eta Volgarità ovvero Suicidî izango da).
Herabetasuna Suicidî
Kutxazaina
Damu grinatsu-noblea edo
Kale herabeak
Kontaketa eta eragina Volgarità
(Guztiaren epigrafea:)
Pour obtenir la moindre rose,
pour extorquer quelques épis,
des pleurs salés de son front gris
sans cesse il faut qu'il les arrosse.
L'un est l'Art eta l'autre l'Amour...
...
La Rançon
© Cesare Pavese
© itzulpenarena: Maite Lopetegi