XCVI GUTUNA
LEHEN EUNUKO-ak PARIS-en dagoen USBEK-i
Visapour erresumako andere horixta anitz iritsi da hona: eta hauetarik bat erosi dut, bere agindu goitiarra eta ehun toman bidali dizkidan zure anaia Mazenderan-go gobernadorearentzat.
Ongitxo ezagutzen ditut nik emakumeak, nigan ez baitute sortzen kezkarik, eta bihotzaren higidurek asaldatzen ez didatenez nire begiak.
Ez dut, ordea, inoiz ikusi hain edertasun orekaturik eta hain betegintzarrez osaturik inor: bere begi diztizariek aurpegia alaitzen diote eta Zirkasiako xarma guztiak gaindi dezakeen kolorea argitzen.
Ispahan-go merkatari baten lehen eunukoak nirekin batera erosi nahi zuen; baina bazirudien haren soak mespretxuz begiratzen zituela, eta aldiz, nireak bilatzen, esan nahiko balit bezala merkatari ezdeus bat ez zela duin, eta senar herotsdunago bat merezitzen zuela.
Aitortzen dizut, nire baitan halako bozkario ezkutua sentitzen dudala pertsona eder honen xarmak ditudanean pentsagai: iruditzen zait ikusten dudala zure anaiaren anderenean sartzen; atsegin zait aurrez ikustea andere guzti horien harridura: batzuen min bortitza; besteen pena mutu baina oinazez betea; deus ere jada espero ez dutenen kontsolamendu gaiztoa; eta oraindik zerbait itxaroten dutenen anbizio zauritua.
Erresuma punta batetik besteraino hankaz gora ezarriko dut anderenea. Zenbat pasio ez ote ditudan sorraraziko! Zenbat izidura eta pena gertutzen ari naizen!
Alabaina, barne asaldamendua handia izanagatik ez da ttikiagoa izango kanpoko bakea: Bihotzaren solan gordeko dira iraultza handiak; penak irentsiak izanen dira, eta pozak baratuak; obedientzia zehatza izanen da, eta araudia lazki mantendua; eztitasuna, beti agertzera bortxatua, etsipenaren hondotik jaulkiko da.
Ohartzen ari gara zenbat eta andere gehiago gure begipean eduki, orduan eta lan gutxiago ematen digutela. Hainbat eta handiagoa izan laketzeko beharra, zenbat eta erraztasun gutxiago elkarren arteko batasunerako, eta menpekotasun etsenplu gehiago: guzti honek kateak sortzen dizkielarik. Batzuek besteen urratsak etengabe zaintzen dituzte; eta badirudi, gurekin bat, geroago eta menpekoago bilakatzen saiatzen direla; gure lanaren zati bat egiten dute eta gure begiak irekiarazten itxita ditugunean. Zer diot? Beren etsaien aurka samintzen dute nagusia etengabe, eta ez dira konturatzen zein gertu dagoen beraiengandik zigortua.
Baina hori dena, Jauna txit ohoragarria, ez da deus nagusiaren presentziarik gabe. Zer egin dezakegu inoiz guztiz agertzen ez denaren aginte hutsal irudimenezkoarekin? Ez dugu zure erdia baizik ahul errepresentatzen: ez diezaiekegu adierazi laztasun gorrotagarria baizik. Zuk beldurra esperantzaren bitartez orekatzen duzu: atsolutuagoa oraindik balakatzaile zarenean, ezi ez mehatxatzaile.
Itzul zaitez, arren, Jaun txit ohoragarria, ziauri leku hauetara zure agintearen seinaleak denetan erakustera. Ziauri pasio etsituak eztitzera; erortzeko edozein aitzakia kentzera; ziauri marmarrean dabilen amodioa baretzera eta eginbidea atsegin bilakatzera; ziauri, bada, egunetik egunera astunago egiten ari zaigun zama honetatik zure eunuko fidelak askatzera.
Ispahan-go anderenetik,
1716ko Zilhagé-ren ilargiaren 8an.
© Montesquieu
© itzulpenarena: Patri Urkizu