XCV GUTUNA

USBEK-ek BERAri

 

        Hiritarren arteko justizia banatu behar dute epaileek. Herrien artekoa herri bakoitzak besteari. Bigarren justizia banatze mota honetan lehenbizikoan bezalako legeak erabili behar dira.

        Herrien arteko arazoetan bitxia izaten da hirugarren baten beharra epaile gisara, zeren eztabaidagaiak ia beti argiak eta errazak izaten baitira erabakitzen. Bi nazioen interesak ordinariozki hain daude urrun, ezen aski den justizia onestea beraxe aurkitzeko, eta ezinezko den jada oker jokatzea, nor bere alde denean.

        Ez da berdin gertatzen partikularren arteko gora-beheretan. Elkarrekin bizi direnez, beren interesak hain daude nahasiak eta elkartuak, eta hain ezberdinak dira, beharrezkoa izaten ohi dela hirugarren bat bi parteetako gutizia korapilatzen saiatzen dena askatzeko.

        Bi gerra mota dira soilik zuzenak: bata, erasotzen duen etsaiari aurre egiteko; erasotua izan den adiskidearen alde laguntza eskaintzeko, bestea.

        Printzearen liskar partikularrengatik gerra egitea ez litzateke zuzena, salbu eta hain garratz izanik, printzearen heriotza edota hala obratu duen herriarena mereziko balu. Hala bada, ez dezake printze batek, zor zaion ohorea ez zaiolako eman, gerrarik sortu, edo beren enbaxadoreenganako portaera ez delako izan behar bezainbat egoki, edota horrelakorik; hala nola partikular batek ere ez dezakeen inor hil, ez diolako aurrea utzi. Kontua da, ezen, justiziazko ekintza behar duenez izan gerra deklarazioak, beti egin den hutsaren araberakoa behar duen izan zigorrak, nahitaezkoa delarik jakitea gerra pairatzaileak heriotza merezi duen: gerra norbaiti deklaratzeak heriotzaz zigortzea esan nahi baitu.

        Eskubide publikoan, justizia ekintzarik garratzena da gerra, Gizartea desegin dezakeenez.

        Bigarren gradukoak dira mendekioak. Epai-mahaiei ezina izan baitzaie galaraztea hobenak nola-halako zigorrez neurtzea.

        Hirugarren justizia ekintza gugandik lortu dezakeen ongiez printzea gabetzea da, beti okerraren araberakoa litzatekeelarik zigorra.

        Laugarren justizia ekintza, maizenik gertatzen obi dena, kalte egin digun herriaren kidetasunari uko egitea da. Honi dagokion zigorra eta epaileek erabaki dutena Gizartetik separatzeko gaizkileak, desterruarena da, Beraz, printze bati gure ituna ukatzen badiogu, gure gizartetik aldentzen dugu, eta ez da jadanik osatzen dutenen arteko partaide.

        Printze bati egin dakiokeen afronturik handiena berarekiko itunari uko egitea da, eta alderantziz ohorerik handiena berarekin lotzea da. Ez dago deus gizonen artean ohoragarriagorik, ez eta ere baliagarriagorik, nola beren zaindaritzan beti saiatzea besterik.

        Baina, zuzena behar du izan itunak, lotu gaitzan: horrela bi nazioen artean zinatu lotura hirugarren bat zapaltzeko ez da legezkoa, eta hauts daiteke hobenik gabe.

        Halaber, ez dagokio Printze baten ohore eta duintasunari tirano batekin lotzea. Diotenez, Egiptoko monarka batek Samosko erregeari zerabilen krudelkeria eta tiranokeria itsustu zion, aldatu zedin eskatuz. Eta aldatu ez zenez, mezulari bat bidali zion adieraziz, beren arteko adiskidetasuna eta elkartasunari uko egiten ziola.

        Konkistak ez du berez inongo eskubiderik ematen: Herriak irauten dueino, bakearen eta hobenaren kitatze zor da, eta Herria desegina edo sakabanatua bada, tiranokeriaren ezaugarria da.

        Hain dira sakratuak bake itunak gizonen artean, non bere eskubideak eskatzen dituen Naturaren ahotsa diruditen. Denak dira legezko, baldintzek bi herriak iraunarazten dituztenean: eta hala ez balitz, bakearen medioz berezko defentsaz gabetua izan denak eta bi gizarteetarik akabatzera doanak, gerra hauta dezake.

        Zeren Naturak, gizonen artean indar eta ahuleziaren gradu ezberdinak ipini dituenez, etsipenaren bitartez anitzetan berdindu izan baitu ahulezia indarrarekin.

        Hona, Rhedi maitea, eskubide publikoa deitzen dudana. Hona jendarte eskubidea, edo arrazoinarena besterik gabe.

Parisen,
1716ko Zilhagé-ren ilargiaren 4ean.

 

 

 

© Montesquieu

© itzulpenarena: Patri Urkizu

 

 

"Montesquieu / Pertsiar Gutunak" orrialde nagusia