XCIV GUTUNA

USBEK-ek VENEZIAn dagoen RHEDI-ri

 

        Eskubide publikoaz ez dut inoiz hitz egiten entzun Gizarteen etorkia zehatz-mehatz aztertzen hasi gabe, irrigarri iruditzen zaidana. Gizonek elkar bilatuko ez balute, elkarri bizkar eman eta ihesi eginen baliote, orduan bai zioa galdetu beharko litzatekeela eta bilatu zergatik dauden aldendurik. Baina denak elkarri lotuak jaiotzen dira; semea aitaren ondoan jaiotzen da, eta harekin gelditzen: hona Gizartea eta Gizartearen etorkia.

        Eskubide publikoa ezagunagoa da Europan Asian baino; alabaina, esan daiteke printzeen pasioek, herrien pazientziak, idazleen lausenguek, hastapen guztiak kutsatu dituztela.

        Eskubide hau, egun den bezala, zientzi bat da, zeinak erakusten dien printzeei zenbateraino bortxa daitekeen justizia euren interesen kontra joan gabe. Hau helburua, Rhedi, beren kontzientzia gogortzearren bidegabekeria sistema bilakatu nahi izatea, bere araudia moldatzea, bere hastapenak oinarritzea eta bertatik ondorioak ateratzea!

        Bera arau bakartzat daukan gure sultanen ahalmenak, mugagabea delarik ere, ez du sortzen justizia zorrotzena menperatu nahi duen antze gaixto honek baino munstro gehiago.

        Esango litzateke, Rhedi, bi justizia mota ezberdin dagoela: batak partikularren arteko arazoak erabakitzen ditu eta eskubide zibilean da nagusi; besteak herrien arteko gorabeherak konpontzen ditu eta eskubide publikoan da basa-nagusi: eskubide publikoa, berez, eskubide zibila ez balitz bezala, ez herrialde partikular bati soilik dagokiona, Mundu guztiari baizik.

        Hurrengo gutun batean gai honi buruz ditudan gogoetak agertuko dizkizut.

Parisetik,
1716ko Zilhagé-ren ilargiaren 1ean.

 

 

 

© Montesquieu

© itzulpenarena: Patri Urkizu

 

 

"Montesquieu / Pertsiar Gutunak" orrialde nagusia