XCIII GUTUNA

USBEK-ek CASBIN-go monastegian
SANTOIA den bere anaiari

 

        Santoi sakratua, zure aurrean umiltzen eta makurtzen natzaizu; zure oinen urratsak ditut begiratzen nire begi niniak legez. Hain da handia zure saindutasuna, non iruditzen zaidan gure Profeta sainduaren bihotza daukazula; zure penitentziek Zerua bera harritzen dute; Aingeruek loriako gailurretik behatzen zaituzte eta esaten dute: «Nola daiteke oraindik Lur gainean egotea, haren izpiritua gurekin dagoenean, eta hodeiek sustengatzen duten tronuaren inguruan hegan dabilenean?»

        Eta nola ez zaitut ohoratuko nik, gure doktoreengandik ikasi dudanean derbitxeek, fedegabeek ere, beti benetako Fededunentzat errespetagarriak bilakatzen dituen saindutasunaren ikurra daramatela, eta Jainkoak hautatu dituela Lurreko izkina guztietan besteak baino arima aratzago dutelako, mundu fedegabekotik separatu dituelarik, beren penitentzia eta otoitz sutsuez hainbeste herri asaldatuen gainean erortzeko prest dagoen bere haserrea geldiaraz dezaten?

        Kristauek, Thebaidako desertu izugarrietan milaka errefuxiatu, eta burutzat Paulo, Antonio eta Pakomio izan zituzten beren lehen santoien gainean, gauza miresgarriak kontatzen dituzte. Diotena egia bada, haien bizitzak gure iman sakratuenenak bezainbat mirariz daude beteak. Batzuetan hamar urte luze igarotzen zuten gizonik ikusi gabe; baina, demonioekin bizi ziren gau eta egun, aingeru gaizto hauek etengabe zirikatzen zituztelarik: ohean, mahaian topatzen zituzten; haien kontrako ihes-lekurik inoiz ezin aurkituz. Hau dena egia bada, Santoi agurgarria, aitortu beharko litzateke inor ez zela bizi izan hain konpainia gaiztoan.

        Kristau zentzudunek istorio guzti hauek giza jitearen zorigaitza sentiarazteko baliagarri zaigun alegoria aski naturalaren moduan hartzen dituzte. Alferrik bilatuko dugu Desertuan egoera lasaia: tentazioneak beti atzetik ibiliko zaizkigu eta; gure pasioneek, Demonioek irudikatuak, ez gaituzte utziko inoiz; bihotzeko munstro hauek, izpirituaren liluramenduok, okerraren eta gezurraren fantasma hauek beti gure aurrean ageri zaizkigu gu liluratzeko prest, eta hala barauetan nola zilizioetan erasoko gaituzte, hau da, gure indarraren baitan.

        Nik, Santoi agurgarria, badakit Jainkoaren Bidaliak Satan kateatu duela eta leizean hondoratu; honen agintez beterik zegoen Lurra garbitu duela, duin bilakatuz Aingeruen eta Profeten egoitza izan dadin.

Parisen,
1715eko Chahban-en ilargiaren 9an.

 

 

 

© Montesquieu

© itzulpenarena: Patri Urkizu

 

 

"Montesquieu / Pertsiar Gutunak" orrialde nagusia