XCII GUTUNA
USBEK-ek VENEZIAn dagoen RHEDI-ri
Hil da hainbeste denboraz gobernatu duen monarka. Bere bizitzan makina bat hizpide eman du; bere heriotzaren ondoan, ordea, denak isildu dira. Tente eta kuraios azken mementoan ere, badirudi Ezinbestearen aurrean makurtu dela soilik. Halaxe hil zen Cha-Abas Handia, bere izenez Lur guztia bete ondoren.
Ez uste gertakizun handi honek gogoeta moralak bakarrik eginarazi dituenik. Bakoitzak bere negozioa kontutan hartu du eta aldaketa honekin abantailak hartzeko prestatu da. Erregeak, hildako monarkaren arrabilobak, bost urte besterik ez duenez, honen osaba printzea, Erresumaren errege ordeko izendatua izan da.
Errege ohiak testamentuan Errege ordekoaren agintea mugatzen zuen. Printze abil hau Parlamentuan egon da eta, bere boterearen eskubide guztiak aldarrikatuz, Monarkaren erabakia deuseztatu du, zeinek, badirudien, nahi izan duela bizi, hil eta gero gobernatuz.
Parlamentuak oinpean zanpatzen ditugun hondakinak dirudite, baina, beti herrien antzinako erlijioaren tenplu ospetsuren bat gogorazten digutenak. Ez dute beste egitekorik, justizia banatzea baizik, eta beren agintea beti dago hiltzear, ez ohiko gertakizunen bat bizitza eta indarra ematera iristen ez zaien bitartean. Giza gauzen gorabeherak segitu dituzte gorputz handiok: dena desegiten duen denboraren aurrean, dena ahultzen duen azturen kutsatze aitzinean, dena menperatzen duen aginte gorenaren pean makurtuz.
Baina, Herriarekin atsegina izan gogo duen Errege ordeak askatasun publikoen errespetatzailearen irudia hartu nahi izan du; eta, bere animoan tenplua eta idoloa lurretik berreraikitzea balego bezala, Monarkiaren zutabea eta legezko aginte ororen hastapena beraxe bailitzan ikus zezaten nahi izan du.
Parisen,
1715eko Rhegeb-en ilargiaren 4.ean.
© Montesquieu
© itzulpenarena: Patri Urkizu