XCI GUTUNA
USBEK-ek ISPAHAN-en dagoen RUSTAN-i
Badabil hemendik pertsonai bat, Persiako enbaxadorea balitz bezala eta Munduko bi errege handienez irri dagiena. Frantsesen erregeari gureak Irimette-koari edo Georgiakoari eskainiko ez lizkiokeen opariak aurkezten dizkio, eta bere zikoizkeria higuingarriaz bi inperioak laidoztatu ditu.
Irrigarri bilakatu da Europako herririk heziena bezala bere burua duenaren aurrean, eta Mendebaldean esanarazi du Erregeen Erregeak barbaroak dituela soilik menpeko.
Badirudi errezibitu dituen ohoreak ez zituela hartu nahi, eta Frantziako gorteak, berak baino gehiago preziatuko balu bezala handitasun persiarra, duintasunez aurkeztu du bera mespretxatzen duen herriaren aurrean.
Ez ezazu hau zabaldu Ispahan-en: dohakabearen burua gupidets ezazu. Ez baitut nahi gure ministroek beren hautaketa desegoki eta zuhurtasunik gabekoaren ondorioz zigor dezaten.
Parisetik,
1715eko Gemmadi 2.aren ilargiaren azkenean.
© Montesquieu
© itzulpenarena: Patri Urkizu