XC GUTUNA
USBEK-ek SMYRNE-n dagoen BERAri
Nazio frantsesak ohorea lortzeko duen pasio orokor honetatik sortu da partikularren izpirituan zer den ez dakidan zerbait, ohore-punttua deitzen dutena. Ofizio bakoitzaren berezitasuna da, hain zuzen; baina zorrotzagoa da gerra gizonen artean, ohore-punttua lehen-lehena delarik. Ezin dizut esan argi eta garbi zer den: ez baitugu ideiarik ere denaz.
Antzina, Frantsesek, batik bat nobleek, ez zituzten segitzen ohore-punttuaren legeak baizik: hauek beren bizitzen jokaera osoa baldintzatzen zuten, eta hain ziren zorrotz, non ezin zitezkeen heriotza baino garratzago zen zigorraz, ez dut esaten bortxatu, araurik ñimiñoena ere saihestu.
Sesioak erabaki behar zirenean, era batera bakarrik erabakitzen ziren, alegia, arazoak epaitzen zituen buruz-buruko borrokarekin. Baina gauza oker bat zuen honek, eta zen, askotan interesatuak ez ziren parteen artean amaitzen zela epaiketa.
Gutti ezagutu arren gizon batek bestea, aski zen ezagutzatxo hori sesioan sar eta haserre amorratua ezartzeko, beraxe bailitzan. Hautaketa eta hobeste lausengari honekin beti ohoratua sentitzen zen; eta urkaberatik salbatzearren gizon bat eta haren familia osoa lau pistola emango ez lukeenarengatik, gai zen mila aldiz bere bizitza arriskuan ipintzeko.
Horrela gauzak erabakitzea oso gaizki pentsaturik zegoen, ez baitzuen arrazoin gehiago nahita nahiez antzetsuena edota indartsuena zenak.
Beraz, zigor latzen mehatxuz debekatu zituzten erregeek; baina alferrik, beti nagusi izan nahi duen Ohoreak, erasoturik, ez baitu inongo legerik onartzen.
Horrela bada, Frantsesak oso egoera zailean daude; zeren Ohorearen legeek agintzen dioten gizon zuzen bati, mendekantza har dezan ofentsatua izan denean; baina, bestalde, justiziak penarik garratzenez zigortzen baitu mendekio hartzen duenean. Ohorearen legeei jarraikiz gero, urkaberan bukatzen da; eta justiziarenak segitzean, betirako gizartetik akazatua. Ez dago bada irtenbide krudel hau baizik, ohoregabe bizi ala hil.
Parisetik,
1715eko Gemmadi 2.aren ilargiaren 18an.
© Montesquieu
© itzulpenarena: Patri Urkizu