LXXXIX GUTUNA
USBEK-ek SMYRNE-n dagoen IBBEN-i
Ohore desioa mundu guztiak bere burua zaintzeko daukan senetik ez da bereizten ia. Badirudi handitzen dugula gure izakia besteen oroitzapenean txerta dezakegunean: bizi berria da lortzen duguna, eta Zerutik hartu duguna bezain prezios bilakatzen zaiguna.
Baina, gizon guztiek ez dutenez bizitzarekiko atxikimendu berdina, ez dira ere tamaina berdinean ohore zale. Pasio noble hau bihotzean sarturik daukate; baina irudimenak eta heziketak mila modu ezberdinez aldatzen dute.
Gizonetik gizonera aurkitzen den berezitasun hau nabarmenagoa da oraindik herritik herrira.
Onar daiteke erran zuhur bezala, estatu bakoitzeko ohore zaletasuna handiagotzen dela izakien askatasunaren heinean, eta berarekin ttipiagotzen: sekulan ez da ohorea esklabotasunaren kide izan.
Lehengo egunean zentzu oneko gizon batek hauxe esaten zidan:
«Zentzu askotan, Frantzian Persian baino libreagoak gara; eta horregatik gara ohore zaleago. Fantesia zorioneko honek, zuen sultanek beren menpekoengandik bista aurrean zigorrak eta sariak soilik ipiniz lortzen duena, plazerez eta gogoz eginarazten dio frantses bati.
Hala ere, gure artean, Printzea bere menpekoen azkenaren loriaz jeloskor da. Berau mantendu dadin eraturik daude epaitegi errespetagarriak: Nazioaren altxor sakratuak, Soberanoarenak ez diren bakarrak, ezin baitaiteke izan haien jabe bere interes propioen kontra joan gabe. Horrela, printzeak norbait ohorean zauritzen badu, dela besteren bat hobesteagatik, dela mespretxu seinale ttipienarengatik, berehala uzten du hark haren gortea, bere lanbidea, haren zerbitzua eta bere etxera da itzultzen.
Frantsesen eta zuen gudarosteen artean dagoen ezberdintasuna da, batzuek esklaboz osaturik daudela, eta heraz alferrez, zigorraren beldurrez soilik garaitzen dutenak heriotzaren beldurra: ariman izu mota berri baten antzekoa sorrarazten duena eta lelotzen duena; besteak, ordea, goi kontentamendu batek bultzaturik kolpeak gustu handiz hartzen eta beldurra garaitzen dutenak.
Baina, antza, ohorearen, omenaren eta bertutearen santutegia Sorterria hitza ahoska daitekeen herrialde eta errepubliketan eraiki da. Erroman, Atenasen, Lazedemonian, ohore hutsez ordaindu izan dira zerbitzurik seinalatuenak. Haritz edo erramu koroa bat, estatua bat, goraipamen bat, bataila bat irabazteagatik edo hiri bat hartzeagatik ordain neurrigabeak ziren.
Han, ekintza eder bat burutzen zuenak nahiko askiesten zuen beraxe. Ez zezakeen ikus erkiderik, haren ongiegile izatearen plazera sentitu gabe; eta bere hiritarkideen kopuruaren arabera neurtzen zituen zerbitzuak. Edonor da gai beste bati onegiteko; baina gizarte osoaren zorion emaile izan daitekeena Jainkoen antzekoa da.
Ez ote da, bada, elkarren lehia noble hori zeharo suntsiturik Persiarren bihotzetik, enplegu eta karguak Soberanoaren fantesia eta nahiaren menpe daudenez? Omena eta bertutea alegiazkotzat jotzen dira han, ez badute kidetzat Printzearen faborea, honekin batera jaio eta hiltzen direlarik. Gaur estimu publikoa duen gizonak, desohorerik jasan dezake bihar: hona egun armada jenerala bezala; agian Printzeak bere kuzinari bilakatuko du, eta ez dio utziko otordu on bat egin duelako goraipamena izateko esperantza baizik.»
Parisetik,
1715eko Gemmadi 2.aren ilargiaren 15ean.
© Montesquieu
© itzulpenarena: Patri Urkizu