LXXXVIII GUTUNA
USBEK-ek VENEZIAn dagoen RHEDI-ri
Parisen askatasuna eta berdintasuna dira nagusi. Jaiotzak, bertuteak, eta gerrako merituak berak, nahi adina dizdizari direlarik ere, ez diote bati libratzen inguratzen dion jendartetik. Ez dira ezagutzen sailen jeloskeriak. Eta diotenez, bere karrosan zaldirik hoberenak daramatzana da Pariseko lehena.
Jaun handia da Errege ikusten duena, ministroekin mintzo dena, asaba zahar nobleak dituena, zorrak eta errentak. Horien medioz gorde badezake bere alferkeria, itxura presati batez edo plazerenganako atxikimendu itxurazkoaz, bere burua gizon guztien artean zoriontsuentzat jotzen du.
Persian, Monarkak gobernuko nola-halako partaide egiten dituenak dira soilik handiak. Hemen, badira beren jaiotzaz handiak direnak; baina ez dute krediturik. Erregeek beti makina sinpleenaz baliatzen diren langile antzetsu horien gisara obratzen dute.
Frantsesen Jainkosa handia Faborea da. Ministroa anitz biktima oparitzen dizkion apez-gorena. Inguratzen dutenak ez daude zuriz jantziak: bai sakrifikatzaileek, eta bai sakrifikatuek Herri osoarekin batera beren buruak idoloari eskaintzen dizkiote.
Parisen 1715eko Gemmadi 2.aren ilargiaren 9an.
© Montesquieu
© itzulpenarena: Patri Urkizu