LXXXVI GUTUNA
RICA-k ***-i
Badirudi hemen familiak berez gobernatzen direla. Senarrak ez du bere emaztearengan aginte itzal bat baizik; aitak bere semeengan; nagusiak bere esklaboengan. Justiziak beraien arteko istilu guztietan parte hartzen du, eta ziur naiz beti senar jeloskor, aita bihotz-mindu, nagusi poxelatuaren kontra dela.
Justizia erabakitzen den lekura joan nintzen lehengo egunean. Hara iritsi aurretik, ahots engainagarri batez deitzen dizuten merkatari gazte pila baten armapetik iragan behar da. Ikuskizun hau, lehenik, aski irrigarria da; baina lazgarria bilakatzen da, ikustean han diren jendeek aurpegia ilun eta jantzia ilunago dutela. Azkenik, familietako gauza sekretu guztiak argitara ematen diren eta ekintzarik gordeenak egunera plazaratzen diren leku sakratuan sartzen da.
Hemen dontzeila apal batek luzaroegi gordetako birjintasunaren oinazeak, borrokak eta bere gogor euste minak aitortzen ditu. Ez dago batere harro bere garaipenarekin, eta, une oroz, laster eroriko dela mehatxatzen du, eta dituen beharrez bere aita ohart dadin, herri guztiaren aitzinean adierazten ditu.
Andere lotsagabe bat dator ondoren, bere senarrari egin irainak kontatuz, banatzeko arrazoin bezala emanez.
Modestia berdintsuz dio hurrengoak, aspertua dagoela andere titulua eramateaz dagozkion plazerez gozatu gabe: ezkontza gaueko misterio ezkutuak argitzen ditu; eta antzetsuenen begiek azter dezaten nahi du, sententzia batez birjintasunaren eskubide guztiak itzul diezazkioten. Badira ere beren senarrak desafiatzen dituztenak eta jendaurrean lekukoek hain zail bilakatzen duten froga eskatzen dutenak: froga desohoragarria, noski, bai sufritzen duen anderearentzat, eta bai amore ematen duen senarrarentzat.
Bortxaz hartua edo liluratua izan den neskatxa talde batek, gizonak diren baino gaiztoagoak egiten dituzte. Amodioa beti dabil durundari epaitegi honetan. Aita haserretuez, alaba bortxatuez, amorante fideltasun gabeez, eta senar bihotz-minduez besterik ez da entzuten bertan.
Hemen errespetatzen den legearen arabera, ezkontzak irauten duen bitartean, jaiotako haur guztiak senarrarenak omen. Eta honek kontrako arrazoinik aski eman arren ez sinesteko, Legeak bere ordez sinesten du, eta hala azterketaz, nola arranguraz aske uzten du.
Epaitegi honetan erabakiak boz gehiengoaren arabera hartzen dira; baina esaten denez, esperientziak frogaturik du, hobe zatekeela gutxiengoaren arabera erabakitzea. Eta hau aski naturala da: oso adimen zuzen gutxi baitago, eta mundu guztiak baitaki zenbatu ezinak direla okerrak.
Parisen,
1715eko Gemmadi 2.aren ilargiaren 1ean.
© Montesquieu
© itzulpenarena: Patri Urkizu