LXXXIV GUTUNA
RICA-k ***-i
Invalides-era joan nintzen atzo. Printze banintz maiteago nuke hau eraikia hiru bataila irabazi izana baino: edonon edireiten da monarka handi baten eskua. Uste dut Lurreko lekurik errespetagarriena dela.
Zein nolako ikuskizun miresgarria den bilduak ikustea Sorterriarengatik hildako guzti hauek, hura defenditzeko bakarrik arnas hartzen zutenak, eta bihotz bat eginik, baina ez indar bat, oraindik berriz harengatik bizia emateko gai ez direlako soilik kexu direnak!
Ba ote da gudari ahul hauek beren erretiroan arerioaren aurrean baileuden diziplina zehatza mantentzen, beren azken atsegina gerraren irudi honetan bilatzen, eta beren bihotza eta arima Erlijioarekiko eta arte militarrarekiko egitekoetan banaturik ikustea bezain gauza miresgarriagorik!
Nahiko nuke Sorterriarengatik hiltzen direnen izen deiturak tenpluetan gorde, ohorearen eta nobleziaren iturri gisa erregistroetan idatz litzaten.
Parisen,
1715eko Gemmadi 1.aren Ilargiaren 15ean.
© Montesquieu
© itzulpenarena: Patri Urkizu