LXXXI GUTUNA
NARGUM-ek, MOSKUn PERSIAko bidalia denak,
PARISen dagoen USBEK-i
Ene Usbek maitea, Munduko nazio guztien artean ez da bat Tartaroek adina loria edo beren garaipenez hainbateko handitasuna lortu duenik. Unibertsoko benetako jauna herri hauxe da: balirudike beste guztiak beraien zerbitzari izateko sortuak direla; halaber, inperioen sortzaile eta desegilea da; denbora guztietan, Lur gainean utzi ditu bere boterearen seinaleak; aro guztietan nazioen zigorra izanik.
Bi aldiz konkistatu dute Txina, eta oraino beren menpean daukate.
Mogolaren inperioa osatzen duten lurralde zabaletan jaun eta jabe dira.
Persiako nagusi, Cyrus-en eta Gustaspe-ren tronuan eseri dira. Mosku menperatu dute. Turkiarren izenarekin izugarrizko konkistak burutu dituzte Europan, Asian eta Afrikan, eta Unibertsoko hiru parte hauek oinpean dituzte.
Eta antzinako garaiez hitz egitearren, beraiengandik sortuak dira Inperio erromatarra irauli zuten zenbait herri.
Zer dira bada Alexandreren konkistak, Gengis-Khan-ek burututakoekin erkaturik?
Beren mirarien oroitzapena ospatzeko, nazio garaile honi historiagileak soilik falta izan zaizkio.
Zenbat ekintza betiereko ez ote diren ahanzturan galdu! Zenbat inperio etorki ezezaguneko ez ote dituzten sortu! Nazio borrokalari honek, egungo bere loriaz soilik arduraturik, aro guztietan irabazle irteteko segurantzarekin, ez zuen pentsatzen etorkizunean seinalatua izan zitekeenik bere iragan garaipenengatik.
Moskutik,
1715eko Rebiab-en ilargiaren 4ean.
© Montesquieu
© itzulpenarena: Patri Urkizu