LXXX GUTUNA

USBEK-ek VENEZIAn dagoen RIIEDI-ri

 

        Europan nagoenez geroztik, ene Rhedi maitea, gobernu ezberdinak ikusi ditut: ez dira hemen politika arauak denetan berdin, Asian bezala.

        Askotan pentsatzen egon naiz, ea zein izan daitekeen arrazoinarekin adosago dagoen gobernamendua. Iruditu zait bere helburuak errazago lortzen dituena dela; beraz, gizonen jaidura eta joerarekin egokiagotzen den huraxe dela hoberena.

        Ezen, gobernu ezti batekin Herria latzarekin bezain menderatua badago lehenak hobetsia behar duen izan, arrazoinarekin egokiago baitoa, laztasuna zio arrotza denez.

        Pentsa ezazu, ene Rhedi maitea, estatu batean zigor latzagoek ez dutela egiten legeak obedituagoak daitezen. Hala tiraniazkoak eta izugarriak direnetan, nola zigor neurrizkoetan berdin beldur dira.

        Bai gobernu bigunetan, bai latzetan beti zigortzen da graduka: zenbat eta krimena handiago, orduan eta zigorra gogorragoa izaten ohi da. Bizi den herrialdearen ohituren menpeko da irudimena: zortzi eguneko presondegiak, edota isun ttiki batek, eztitasunean ohitu Europar baten sentimenduak hainbat jotzen ditu, zenbat beso baten galtzeak Asiar batenak. Nolakoa zigorra halakoa beldurra, eta nork bere erara sentitzen du: laidoaren etsipenak desesperatuko luke Frantses bat, eta zigor horrek berak ez lioke Turkiar bati loaren ordu laurden bat ere galaraziko.

        Bestalde ez dut ikusten jendetasuna, justizia eta berdintasuna hobeto zainduak direnik Turkian, Persian edota Mogol baitan, Holandan, Venezian eta Ingalaterran bertan baino; ez dut ikusten krimen gutxiago burutzen denik haietan, eta gizonak, zigorraren handitasunez beldurtuak legeak hobeto errespetatzen dituztenik.

        Alderantziz, estatu berauetan injustizia eta afrontu iturri anitz ikusten dut.

        Printzea ere, Legea bera dena, ikusten dut ez dela besteetan bezain nagusi.

        Ikusten dut une latz hauetan, badela beti Buru gabeko asaldamendurik, eta aginte bortitza behin mespretxatua izan denean, berriro hura ezartzeko aski indarrik inork ez duela;

        Zigorrik gabeko etsipen berak desordena finkatzen eta areagotzen duela;

        Estatu hauetan ez dela iraultza ttikirik, eta murmurio-oldartzearen artean tarterik ez dela;

        Ez dela nahitaezko gertaera handien atzetik zio handirik izatea; alderantziz, gertakizunik ttikienak pairatzaileek bezain gutxi sortzaileek espero zezaketen iraultzarik handiena biztu dezakeela.

        Osman, Turkiarren enperadorea kendu zutenean, ekintza hau egin zutenetik inork ez zuen pentsatzen hartan, arrangura batzuek zituztela eta justizia eskatzen baitzuten soilik; baina inoiz entzun gabeko ahots bat irten zen jendartetik suertez, Mustapharen izena aipatuz, eta derrepentean Mustapha enperadore bilakatu zen.

 

Parisen,
1715eko Rebiab 1.aren ilargiaren 2an.

 

 

 

© Montesquieu

© itzulpenarena: Patri Urkizu

 

 

"Montesquieu / Pertsiar Gutunak" orrialde nagusia