LXXIX GUTUNA
EUNUKO HANDI-ak PARISen dagoen USBEK-i
Atzo Armeniar batzuek Zirkasia-ko mirabe gazte bat ekarri zuten anderenera saltzeko asmoz. Ganbara sekretuetan sarrarazi nuen, larrutsik utzi, epaile baten begiekin begiratu, eta zenbat eta gehiago aztertu, orduan eta dohain gehiago aurkitzen nizkion. Dontzeilatasunaren ahalkeak bazirudien ebasten zizkidala bistatik: ikusten nuen zein zail zitzaion aginduak betetzea: bere biluztasunak gorritzen zuen eta ahalketzen ikustean hala bere burua, lotsa handi dezaketen pasioz gabetua den honen aurrean egon arren, emazte kontutan bizirik gabea denaren aitzinean, alegia, modestiaren ordezkari bezala, ekintza askeenetan inozentziak soilik susta ditzakeen begirada aratzez sogile.
Epaitu nuenean zuretzat duin zela, begiak jaitsi nituen, eta kapa gorri-biziaz estali nuen; behatzean urrezko eraztuna ezarri nion; haren oinetan belaunikatu; zure bihotzeko erregina bezala adoratu; Armeniarrak ordaindu; eta begi guztietarik gorde nuen. Usbek zoriontsua! Ekialdeko jauregi guztiek dauzkatenak baino eder gehiago dituzu zuk bakarrik. Zein nolako plazera zure itzuleran Persiak daukan liluragarrienarekin topatzean, eta zure anderenean liliak loratzen ikustean, denbora eta ukantza desegiten saiatzen diren bitartean.
Fatmé-ko anderenetik,
1715eko Rebiab 1.aren ilargiaren 1ean.
© Montesquieu
© itzulpenarena: Patri Urkizu