LXXVIII GUTUNA

RICA-k ***-n dagoen USBEK-i

 

        Espainian dagoen frantses batek hemen idatzi duen gutun baten kopia bidaltzen dizut: uste dut laketuko zaizula.

        «Bada sei hilabete Espainia eta Portugalen barrena nabilela, hots, beste guztiak mespretxatzen dituzten herrietan bizi naiz, Frantsesak beren gorrotoarekin ohoratzen dituztelarik soilik.

        Hantustea da bi nazio hauen ezaugarririk nabarmenena; bi moduotan agertzen dena batik bat: betaurrekotan eta bibotean.

        Betaurrekoek argi eta garbi frogatzen dute daramatzatenak zientzietan arituak direla, eta irakurketa sakonak burutu ondoren bista ahuldu zaiela; eta beraiez hornitua edo zamatua dagoen edozein sudur kontsideratzen dute jakintsu batena bezala.

        Biboteari dagokionez, berez da errespetagarri, ondorioetarik at; Printzearen zerbitzuan eta Nazioaren ohorean zenbait aldiz ekintza handiak burutu zituen eta, Indian frogatu zuen bezala jeneral portuges ospetsu batek: zeren, diru faltan zegoela, bere biboteetarik bat moztu zuen eta Goa-ko biztanleengandik berme haren truk, hogei mila urrezko moneta lortu zituen; lehenik maileguan eman eta gero ohorez bere biboterdia erretiratu.

        Erraz ohar daiteke, halako herri hantuste eta patxadadunak urguilu huts izatea; eta halaxe dira. Beren harrotasuna arrunki bi arrazoi larritan oinarritzen dute. Espainiako eta Portugaleko lurraldean bizi direnak benetan oso harroak baitira, kristau zaharrak deitzen direnetarik baldin badira, alegia, azken mendeetan Inkisizioak kristau erlijiora konbertiarazi ez dituen haietarikoak. Indietan bizi direnak ere urguiluz beteak daude, goi-goiko merituaz horniturik baitaude, esaten dutenez, beraiek larru zuriko gizonak baitira. Ez da sekulan izan Jaun Handiaren anderenean bere edertasunez hainbat harro izan den sultanik, zenbat bere zuritasunaz Mexikoko hiri batean, atarian eserita, besoak besarkaturik, olioxka koloreko agurerik zaharrena eta itsusiena. Halako gizonak, hainbeste betegintzarrez denak, Munduko tesoro guztiengatik ere ez luke lanik egingo, eta ez luke sekulan lan ezdeus eta mekaniko bategatik, jokoan ezarriko bere larruaren ohorea eta duintasuna.

        Jakin behar baita, Espainian gizon batek meritu zerbait duenean, esate baterako, erantsi diezaiokeenean aipatu merituei ezpata handi baten jabe izatearena, edota bere aitarengandik ikasi duenean gitarra zurruburruka jotzeko antzea, ez duela jada lanik egiten: ohorea bere lohiadarren pausuan baitatza. Hamar ordu egunean eserita dagoenak, bost dagoenaren kontsiderazioaren erdia errezibitzen du, noblezia besaulkitan lortzen denez.

        Baina, lanaren etsai garaiezin hauek sosegu filosofiko batez harrotzen diren arren, ez dute horrelakorik beren bihotzetan: beti maiteminduak baitabiltza. Munduko gizonik gertuenak dira beren amoranteen leihopetan tristuraz hiltzen, eta marrantaturik ez dagoen Espainolak zail du bere burua amorante ontzat jo dezaten.

        Lehenik debotak dira, eta jeloskor ondoren. Erne ibiliko dira eta ez dituzte utziko beren emazteak hamaika zauriz betetako soldadu edo lege-gizon zahar batekin; baina itxi egingo dituzte bisitatzen dituen eta begiak jaisten dituen nobizio kartsu baten edo hezten dituen Frantziskotar sendoaren aurrean.

        Ditiak agerian kaleratzen uzten dituzte; baina ez dute nahi erakuts dezaten ez orporik, ez oin puntarik.

        Amodioaren laztasuna handia dela, esaten da non-nahi. Lazgarriagoa da, ordea, espainolentzat: andereak beren penak sendatzen dituzte; baina berriak emateko, eta maiz gelditzen dira betirako pasio iragan baten oroitzapen samin eta iraunkorraren konpainian.

        Badituzte Frantzian desegokiak lirudiketen kortesiatxoak: adibidez, kapitain batek ez dio masailekorik inoiz emango soldaduari baimenik eskatu gabe, eta Inkisizioak ez du sekulan Judu bat erretzen bere desenkusak aurkeztu gabe.

        Sutaratzen ez diren espainolak hain dira atxikiak Inkisizioari, hau kenduko baliete oso haserretuko liratekeela. Baina nik nahiago nuke beste bat ezarri dezaten, ez heretikoen kontra, zazpi sakramentuen adinako eraginkortasuna fraideen ariketatxo batzuei ematen dieten heresiarken aurka baizik, zeinek ohoratzen duten dena adoratzen duten, eta hain debotak izanik apenas Kristau diren.

        Sena eta zentzutasuna aurki dezakezu espainolengan; baina ez bila horiek beren liburuetan. Ikus ezazu heien liburutegi bat: eleberriak, alde batetik, eskolastikoak, bestetik. Esango zenuke berezita sortu direla eta gero giza arrazoinaren etsairen batek dituela batu.

        Duten liburu on bakarra, beste guztien irrigarria nabarmen utzi duena da.

        Izugarrizko edirenak burutu dituzte Mundu berrian, eta oraindik beren lurraldea ez dute ezagutzen: beren ibaiertzetan oraindik bada deskubritu gabeko porturik, eta beren mendietan zeharo ezezagunak zaizkienak.

        Eguzkia haien lurraldeetan atera eta sartzen dela, diote: baina esan beharra dago ere bere bidea egiten duelarik ez duela soro suntsitu eta landa desertuak baizik aurkitzen.»

        Asko poztuko nintzateke, Usbek, Frantziara bidaia egin Espainol batek Madriden idatzitako gutun bat irakurriz: uste dut bere nazioa ongi mendekatuko lukeela. Zein alor zabala gizon pentsakor eta patxadatsu batentzat! Nik uste honela hasiko lukeela Pariseko deskripzioa:

        «Bada hemen zoroentzako etxe bat. Balirudike hasieran Hiriko handiena. Ez! Erremedioa ttikiegia litzateke gaitzarentzat. Dudarik gabe, beren auzokoak hain txoriburutzat jotzen dituzte Frantsesek, non etxe batean preso sartzen dituzten zoro batzuek, kanpoan daudenak ez direla frogatzearren.»

        Utz dezadan hor nire Espainola.

        Adio, ene Usbek maitea.

Parisen,
1715eko Saphar-en ilargiaren 17an.

 

 

 

© Montesquieu

© itzulpenarena: Patri Urkizu

 

 

"Montesquieu / Pertsiar Gutunak" orrialde nagusia