LXXVI GUTUNA
USBEK-ek SMYRNE-n dagoen bere lagun IBBEN-i
Europako legeak gogorrak dira bere burua hiltzen duenarekin: bigarren aldiz, nolazpait esateko, hilarazten dituzte; kaleetan zehar itsuski arrastaka eramaten eta laidoz betetzen dituzte; eta zituzten ongiak kentzen.
Iruditzen zait, Ibben, lege hauek ez direla zuzenak. Dolorez, miseriaz, mespretxuz itota nagoenean, zergatik debekatu behar didate nire buruaz beste egitea, eta hain krudelki eragotzi nire eskuetan dagoen erremedioa?
Zergatik nahi dute abandonatu nahi dudan gizarte baten alde lan egin dezadan? eta eutsi diezaiodan ni gabe zinaturiko itunari? Gizartea elkarren probetxuan oinarritzen da. Baina astuna egiten zaidanean, zerk eragozten nau alde egitea? Bizitza fabore moduan emana izan zait; beraz jada hala ez denean bihur dezaket: kausa desagerturik, ondorioak ere halaxe beharko luke, ezta?
Nola nahi du Printzeak bere zerbitzaria izan nadin ez dudanean ikusten batere abantailarik zerbitzu honetan? Nire hiritar kideek eska al diezadakete zerbitzu hori nire etsipenaren truk? Ongi-egile ororengandik ezberdina den Jainkoak, nola gura dezake kondena nadin unatzen nauten graziak errezibitzera?
Legepean bizi naizenean, legeak jarraitzera beharturik nago. Baina hala ez denean, lotu al nazakete oraindik?
Esango da, ordea, Probidentziaren ordena hausten duzu. Jainkoak zure arima eta gorputza lotu ditu eta zuk aske utzi nahi dituzu. Beraz, haren helburuen kontra zabiltza.
Zer esan nahi du horrek? Akaso Probidentziaren ordena nahasten dut, materiaren itxuraldaketak kanbiatzen ditudanean eta higiduraren lehen legeek, hau da, kreazioarenak eta kontserbazioarenak borobila egin zuten bola karratu egiten dudanean? Ez, noski: Ez dut eman zaidan eskubidea erabili baizik egiten; eta, zentzu honetan, nire irudimenaren arabera nahas dezaket natura osoa, ezin esan daitekeelarik Probidentziaren kontra noanik.
Nire gorputza eta arima banatuko direnean, akaso Unibertsoan orden eta antolamendu gutxiago izango ote da? Uste duzue konbinazio berri hau lege orokorretarik at geldituko dela, betegintzarre eta menpekotasun gutxiagorekin? Munduak zerbait galdu duela horrekin? eta jainkoaren obrak horregatik ttipiagoak direla edo eskasagoak?
Uste duzue nire gorputza, ogi buru, har, soropil bilakaturik ere, Naturaren obra ez-duin batean kanbiatu dela? eta nire arima, lurtar zeukan denetik banatuta, miserableagoa izatera iritsi dela?
Ideia guzti hauek, ene Ibben maitea, gure urguilua dute iturburu: ez dugu gure ttikitasuna nabaritzen, eta, gainetik Unibertsoan kontutan bar gaitzaten nahi dugu, eta gauza garrantzitsuak hagina bezala kontsideratuak izatea. Uste dugu gu bezain bikaina dien izaki baten deuseztatzeak, natura osoa desegiten duela, eta ez dugu kontutan hartzen gizon bat gora behera Munduan —zer diot?— gizon guztiak, gurea bezalako ehun milioi lur, ez direla Jainkoak bakarrik bere jakituria mugagabeaz ezagutzen duen lipar sotil eta mehe bat baizik.
Parisen,
1715eko Saphar-en ilargiaren 15ean.
© Montesquieu
© itzulpenarena: Patri Urkizu