LXXV GUTUNA

USBEK-ek VENEZIA-n dagoen RHEDI-ri

 

        Aitortu beharra dizut: ez dut Kristauen artean aurkitu Musulmanen artean ediren daitekeen erlijioarekiko sineste bizirik. Alde handia dago haiengan aitormenetik sinesmenera, sinesmenetik segurtasunera eta segurtasunetik praktikara. Areago da erlijioa haientzat mundu guztiari dagokion eztabaidagaia santifikatzeko gaia baino: gortesauak, gerrariak, andereak berak apezen kontra altxatzen dira eskatuz froga diezaieten ez sinestea erabaki dutena. Ez da kontua arrazoiren batez erabaki dutela ez sinestea, erlijio honen egia ala gezurra aztertuta: haren uztarria sentitu duten errebeldeak eta ezagutu aitzin astindu dutenak baizik. Halaber ez daude tinkoago beren sinesgabekerian fedean baino; batetik bestera daramatzan erresaka etengabean bizi dira. Lehengo batean haietako batek esaten zidan: «Sei hilero arimaren ezilkortasunean sinesten dut; nire iritziak soin egituraren menpe daude zeharo: kementsuago nagoen heinean, nire estomakak ongi ala gaizki digeritzen duen eran, arnasten dudan airea lohi edo sotilaren arabera, jaten dudana arina ala astuna, spinozista, sozinzale, katolikoen alde, fedegabe edo debota bilakatzen naiz. Medikua nire ohe ondoan dagoenean, aitorlearen alde nago. Osasunez ongi nabilenean, badakit nola eragotzi Erlijioak penatu nazan; baina eri naizenean uzten diot kontsolatu nazan: aieka batetik areago espero ez dudanean, Erlijioa iristen da eta bere promesekin irabazten nau; onartzen dut eta esperantzarekin hil nahi dut.»

        Duela denbora asko kristau printzeek beren estatuetarik esklabotasuna desagerrarazi zutela, zeren, ziotenez, Kristautasunak gizon guztiak berdinak bihurtzen zituen. Egia da erlijio jokaera hau oso ongarria izan zitzaiela: horrela beheititzen baitzituzten. Handikiak hauen poderiopetik herri xehea libratuz. Gero herrialdeak konkistatu zituztenez, non ikusi duten esklaboak edukitzea komeni zitzaiela; zilegiztatu egin dute haren salmenta eta erosketa. Zer nahi duzu esatea? Egia gaur, gezurra bihar. Ez dezagula egin Kristauak bezala! Aski sinpleak gara ez dugunean klima oneko lekutan eraikuntza eta konkistarik egin nahi, ez delako ura aski aratz garbi gaitzan Alcoran sainduaren aginduen arabera!

        Jainko guzti ahaldunari eskerrak ematen dizkiot, Hali, bere profeta handia bidali eta erakutsi didalako giza interes ororen gainetik dagoen eta datorren Zeru aratza bezain garbia den erlijioa.

Parisen,
1715eko Saphar-en ilargiaren 13an.

 

 

 

© Montesquieu

© itzulpenarena: Patri Urkizu

 

 

"Montesquieu / Pertsiar Gutunak" orrialde nagusia