LXXIV GUTUNA
USBEK-ek ***-n dagoen RICA-ri
Orain dela egun gutxi nire ezagun batek esan zidan: «Agintzen dizut Pariseko etxerik hoberenetan aurkeztuko zaitudala: bada, gaur, Erresumako ordezkaririk hoberenetarikoa den jaun handi baten etxera eraman nahi zaitut»
Zer esan nahi duzu, Jauna? Besteak baino hobeto ikasia eta hezia da? — Ez, esan zidan. — A! ulertzen dut: istant oro bere gailentasuna sentiarazten die bereganatzen direnei. Hala bada ez dut hara joan beharrik: guztiz hoberenesten dut eta nire burua parean guttiesten.»
Alabaina, joan beharra izan nuen, eta gizon txiki-txiki, harroputz hutsa ikusi nuen, halako harrokeriaz hartu zuen tabako hautsa, halako urguiluz zintzatu zen, halako patxadaz txistua bota zuen, halako gizonekiko mespretxuz balakatu zituen zakurrak, gero eta harrituago nengoela. «A! Jainko ona, esan nuen nirekiko, Persiako gortean banengo eta horrela jokatuko banu zororik handiena nintzateke!» Rica, aski natura gaiztoko ginateke egunero beren maitasuna adieraztera zetozkigunei hamaika irain egin izan bagenie: ongi zekiten gorago geundela, eta ahantzia izan balute, egunero gure mesedeek oroitaraziko zieketen. Errespetua lortzeko ez baikenuen deus ere egin beharrik, atseginak izaten saiatzen ginen: ttipienekin mintzatzen ohi ginen eta beti bihotza gogortzen duten ohoreen artean aurkitu arren, sentibera gintzaizkien; gure bihotza besterik ez zuten ikusten beren gainean: zituzten beharretara jaisten ginelarik. Baina, Printzearen maiestatea mantendu behar zenean zeremonia publikoetan; Nazioa atzerritarrei errespetarazi behar zitzaienean; azken finean, egoera arriskutsuetan, soldaduak animatu behar zirenean, jaitsi baino ehun aldiz gorago igotzen ginen: duintasunez janzten zen gure begitartea eta, antza, ez genuen batere gaizki betetzen gure egitekoa.
Parisen,
1715eko Saphar-en ilargiaren 10ean.
© Montesquieu
© itzulpenarena: Patri Urkizu