LXXIII GUTUNA
RICA-k ***-i
L'Académie Française deitu tribunal moduko batez hitz egiten entzun dut. Ez zaio Munduan beste bati errespetu gutxiagorik: zeren, diotenez, erabakitzen duen bezain laster Herriak aginduak hausten dituen eta bereei jarraikitzera behartzen dion.
Duela gutxi bere agintea finkatzeko eman duela erabakien lege-bilduma. Hainbeste aita dauzkan haur hau zaharkitua dago jada jaiotzetik, eta legezkoa izan arren lehenago jaiotako sasikume batek ia ito du sehaskan.
Osatzen dutenek ez dute egiteko bezala, etengabe mintzatzen egotea besterik; beren betiereko mintzaeran laudorioa berezkoa bilakatu delarik, eta honen misterioen berri dakiten bezain agudo goresmenaren sukarrak hartzen ditu eta inoiz ez uzten.
Irudiz, metaforez eta antitesiz beteriko berrogei buru duen gorputza da; bestainbat aho ez da mintzo esklamazioez ez bada; beren belarriek ez dute neurria eta harmonia baizik entzun nahi. Begi konturik ez dago: bai baitirudi hitz egiteko egina dagoela eta ez ikusteko. Ez du oin sendorik: zeren, bere izurritea den denborak istant oroz erasotzen eta egin duen dena desegiten dion. Noizbait esan izan da gosez beteriko eskuak zituela. Ez naiz horretan sartzen eta ni baino gehiago dakitenen esku uzten dut horren gaineko erabakia.
Hona, ***, gure Persian ikusten ez diren gauzak. Guk ez dugu burua horrelako bitxikeria berezietarako; eta gure ohitura sinple eta modu sanoetan ez dugu bilatzen naturaltasuna baizik.
Parisen,
1715eko Zilhagé-ren ilargiaren 27an.
© Montesquieu
© itzulpenarena: Patri Urkizu