LXXII GUTUNA

RICA-k ***-n dagoen USBEK-i

 

        Bere buruaz txit kontent zirudien gizon baten konpainian aurkitu nintzen lehengo egunean. Ordu laurden batean hire moral gai, lau historia arazo eta bost fisika puntu erabaki zituen. Ez dut sekula ikusi erabakitzaile hain unibertsalik: bere adimenak ez zuen inolako dudarik inoiz izan. Zientziak utzi eta garaiaz hitz egitera pasatu ginen: garaiko berriez ere beste inork baino gehiago zekien. Harrapatu nahi izan nuen eta nire baitan esan nuen: «Ongi ezagutzen ditudan gauzez mintzatuko natzaio, adibidez, nire herrialdeaz». Eta Persiaz hitz egin nion. Baina lau hitz esan aurretik, jada gezurtatu zizkidan bi, Tavernier jaunaren eta Chardin-en autoritatean oinarrituz. «A! Jainko ona! esan nuen nirekiko, hau da hau gizona! Orain nik baino hobeto ezagutuko ditu Ispahan-go kaleak!» Erabakia hartua nuen, bai, isildu egingo nintzen eta hitz egiten utziko, eta oraindik deliberatzen ari da hura.

Parisen,
1715ko Zilcadé-ren ilargiaren 8an.

 

 

 

© Montesquieu

© itzulpenarena: Patri Urkizu

 

 

"Montesquieu / Pertsiar Gutunak" orrialde nagusia