LXXI GUTUNA
USBEK-ek ZEUS-i
Urriki natzaio Solimani, hainbat areago kontuan harturik gaiztakeriak ez duela erremediorik, eta bere suhiak Legearen askatasunaz baliatzea besterik ez duela egin. Oso latza dela uste dut lege hori, zoro baten kapritxoen pean uztea horrela familia baten ohorea. Alferrik da batzuek esatea seinale ezagunak aurki daitezkeela egia ezagutzeko: gure medikuek garaitezinak diren arrazoiak ematen dituzte frogen segurtasun ezaz. Kristauek ere irudimenezkotzat jotzen dituzte, beren legegile zaharraren liburuetan argi eta garbi adieraziak izan arren.
Oso pozik jakin dut zein nolako ardura hartzen duzun zure alabaren heziketan. Ailetsa Jainkoak senarrak aurki dezan Fatima bezain aratz eta eder! Ukan ditzan hamar eunuko zaintzeko; joan behar duen andereneko ohorea eta hornimendua izan dadin; bere buru gainean sabai apaindura urreztatuak soilik eta oinazpian tapiz superbak ukan ditzan; eta nire desioen betetzeko, begiok ikus ahal dezaten bere loria osoan!
Parisen,
1714ko Chalval-en ilargiaren 5ean.
© Montesquieu
© itzulpenarena: Patri Urkizu