LXX GUTUNA
ZELIS-ek PARIS-en dagoen USBEK-i
Zure adiskide Soliman etsiturik dago hartu berri duen afrontu batekin. Hiru hilabete bazuen Suphis izeneko gazte txoriburu bat bere alabaren atzetik zebilela esposatzeko; bazirudien pozik zegoela neskaren irudiarekin, eta bere haurtzaroan ezagutu zuten emazteek egin zioten pintura eta detaileekin; dotearen gain ados zeuden eta dena inolako arazorik gabe zihoan. Atzo, lehen zeremonien ondoren, neska atera zen zaldi gainean, estalita ohiturari jarraiki burutik oin puntetaraino eta bere eunukoaren laguntzarekin. Baina hartzera zihoan senarraren etxe aurrera iritsi bezain laster, honek atea itxi zion, esanez, ez zuela errezibituko ez bazioten dote handiagoa ematen. Gurasoek batengana eta bestengana jo zuten arazoa konpontzeko, eta hainbat oztopo gainditu ondoren, Solimanek erabaki zuen bere suhiari opari bat egitea. Bete ziren ezkontza zeremoniak eta eraman zuten neska bortxa askiz ohera; baina, ordu bat geroago, txoriburu hori haserre jaiki zen, aurpegia leku ezberdinetan ebaki zion eta, esanez, ez zela dontzeila, aitarengana itzuli zuen. Ez da harritzekoa irain honekin jota egotea. Batzuek diotenez, neskatilak ez du akatsik. Hau zorigaitza gurasoek horrelako irainak sufritu behar izatea! Halako traturik nire alabak errezibituko balu, uste dut dolorez hilko nintzatekeela.
Adio.
Fatmé-ko anderenean,
1714ko Gemmadi-ren ilargiaren 9an.
© Montesquieu
© itzulpenarena: Patri Urkizu