LXIX GUTUNA
USBEK-ek VENEZIAn dagoen RHEDI-ri
Ez zenukeen inoiz pentsatuko nintzen baino metafisikoago bilakatuko nintzatekeenik: bada, horrelaxe izan da, eta ohartuko zara ondoren dihoakizun filosofia gogoeta pila irenstean.
Jainkoaren naturari buruz pentsatu duten filosoforik zentzudun handienek esan ohi dute, izakia guztiz perfeta dela; baina soberaxko erabili dute ideia hau: gizonak dezakeen eta asma ditzakeen betegintzarre guztiak zerrendatu dituzte, eta hori atxiki diote Jainkotasunari, pentsatu gabe maiz dohain hauek kontrakoak, eta elkarrekin izanez gero elkar desegin zezaketenik.
Mendebaldeko poetek diotenez, pintore bat saiatu zen Edertasunaren Jainkosa margotzen, bildu zituen Greziar andererik ederrenak eta bakoitzaren gauzarik atseginena hartu zuen, hala uste izan zuelarik multzoa Jainkosarik ederrena zela. Horaila eta beltxarana, begi beltz eta era berean urdinduna, ezti eta fier zela emaitza norbaitek erabaki izan balu, zoro irrigarritzat hartua izanen zitzaketen.
Jainkoa itzal handia emanen liokeen dohain batez gabetua izaten da maiz; baina dituen muga bakarrak bera eta bere beharra dira. Beraz, guztiz ahalduna izan arren, ezin ditzake bere aginduak hautsi, ez gizonak engainatu. Askotan ezina ez dago bere baitan, gauzen erlatibotasunean baizik, eta honexegatik ez dezake gauzen izatea aldatu.
Hau dela eta gure doktoreetako batzuek ausartu dira Jainkoak etorkizunaz duen ezagutza mugagabea ukatzera, kontsideratuz hau bere justiziaren kontra lihoakeela.
Hauen arabera ezinezko da Jainkoak zergati askeen ondorio diren gauzak aurretik ezagutzea, gertatu ez dena ez delako, eta beraz, ezin ezagut daitekeelako: zeren ezereza, kalitaterik ez duenez ez daitekeen ezagutu. Uste dute, Jainkoak ez dezakeela irakurri oraindik ez den borondate batean, ez eta ezagutu oraindik arima batean ez dena: zeren, eragina izan aitzin ezina den bere baitan oraino ekintza eragilerik.
Arima da bere deliberamenduaren eragilea; baina oraindik mugagabea den okasionetan ez daki zein aldetara jo eta erabaki.
Batzuetan bere askatasunaz baliatzeko bakarrik egiten du hori; eta, beraz, Jainkoak ez dezake aitzinetik ezagutu, ez arimaren ekintzan, ez eta gauzek beregan eragiten dutenetan.
Nolaz kausa askeen ondorioaren menpe diren gauzak aurretik ezagutu ditzake Jainkoak? Bi moduz bakarrik ikusiko lituzke: ustearen bitartez, kontrajartzen dena aurretik gauza guztiak ezagutzeko ahalmenarekin; edo berez sortu eta kausa bati jarraikitzen dion nahitaezko ondorio gisara; zein oraindik kontraesan handiagoa litzatekeen: zeren arima iduriz libre litzatekeen, baina egiaz ez litzatekeen beste batek jo duen billarreko bola bat baino askeago.
Ez pentsa, beraz, doktore hauek Jainkoaren zientzia mugatu nahi dutenik. Honek bere fantesiaren arabera kreaturak eginarazten dituenez, ezagutu nahi duen guztia ezagutzen du. Baina, dena ikusterik baduen arren, ez da beti ahalmen honetaz baliatzen: kreaturari uzten dio obratzeko ala ez obratzeko aukera, merituak irabazi ala galdu ditzan; horregatik gauzen gainean daukan botere eragilearen bere eskubideari uko egiten dio. Baina, zerbait jakin nahi duenean, badaki beti, aski baitu ikusten duen bezala, gerta dadin nahi izatea, eta bere borondatearen arabera eragitea kreaturak. Horrela gerta daitezkeen jazoeretarik, bat eragiten du, etor bide diren gogo eragileen aginduak baldintzatuz, alegia, burutzeko ala ez burutzeko eman dien ahalmena kenduz.
Konparazio batez balia gaitezke konparaezinezkoa den kontu honetan. Hona: monarka batek ez daki zer egin behar duen bere enbaxadoreak garrantzizko arazo batean; jakin nahi badu, aski zaio agintzea modu berezi batean obra dezan, eta segur egon daiteke arazoa berak pentsa bezala konponduko dela.
Badirudi Alcoran-a eta Juduen liburuak etengabe aurrez ezagutu ahal izatearen dogmaren kontra dihardutela: denetan Jainkoa etor bide diren gogoen erabakien ez ezagule bezala ageri baita; eta badirudi Moisek gizonei erakutsitako lehen egia dela.
Jainkoak Adam lur honetako Paradisuan ezarri zuenean, fruitu berezi bat jatea galarazi zion. Baina, gogoen etorkizuneko erabakiak ezagutzen dituen izakiak nola ezar diezaieke baldintzarik? Bagdad-eko erorketa aldez aurretik, jakin zezakeen gizonak beste bati esango balio: «Ehun toman emango dizkizut Bagdad hartzen badute.» Ez ote litzateke irri gaizto bat?
Ene Rhedi maitea, zergatik hainbeste filosofia? Hain da gora Jainkoa ez dugula sumatzen ere haren hedoiak. Eta bere aginduetan bakarrik ezagutzen dugu ongi. Neurrigabea, izpiritu huts, mugagabea da. Bere handitasunak ohartarazi gaitzala gure ezdeustasunaz. Beti umil izatea da hura beti adoratzea.
Parisen,
1714ko Chahban-en ilargiaren azkena.
© Montesquieu
© itzulpenarena: Patri Urkizu