LXVIII GUTUNA
RICA-k ***-n dagoen USBEK-i
Lehengo egunean lege-gizon baten etxera joan nintzen bazkaltzera, jada zenbait aldiz gonbidatua baininduen. Hamaika gai ezberdinez mintzatu ondoren esan nion: «Jauna, nire ustez zure ofizioa gogorra da. — Ez zuk pentsatzen duzun adina, erantzun zuen: aldiz, burutzen dugun eran entretenimendua da. — Baina zer! ez al duzu beti burua besteen arazoetan jarrita? Ez al zaude beti arduraturik batere interesik ez duten gauzetan? — Arrazoi duzu; kontu hauek ez dute inolako interesik: ez zaizkigunez tutik ere interesatzen, axolagabekeria honek berak egiten du ofizioa uste duzun bezain neketsua ez dadin izan. «Ohartu nintzenean bost axola zitzaiola istorioak, nirearekin segitu nuen eta esan nion: «Jauna, ez dut zure langela ikusi. — Noski, ez dut eta. Kargu hau hartu nuenean diru beharrean aurkitu nintzen eta nire liburutegia saldu nuen, eta hartu zuen liburu erosleak hainbat eta hainbat liburuetarik bat bakarrik utzi zidan: kontuak eramatekoa. Eta ez naiz damu horregatik: gu epaileok ez gara harrotzen zientzia banoaz. Zertarako balio digute lege liburu guzti horiek? Ia kasu guztiak alegiazkoak dira eta arau orokorretik irteten direnak. — Baina ez ote da hori, Jauna, esan nion, zeuek irtenarazten dituzuelako? Zeren, azken finean, zergatik Munduko herri guztiek beharko lituzkete legeak ez balituzte betearazten? eta nola betearazi ezagutzen ez badira? — Jauregia ezagutzen baduzu, erantzun zuen lege-gizonak, ez zenuke horrela hitz egingo: guk liburu biziak diren abokatuak ditugu, guretzat lan egiten dute eta guri erakusten dihardute. — Eta ez ote dizuete noizbehinka engainatzen? ihardetsi nion. Ez litzaizueke gaizki etorriko haien arteen kontra begiratzea: zuen zuzentasuna okertzeko armak darabiltzate; eta on litzaizueke zuei ere heiez baliatzea hala hura zaintzearren, nola ez nahastearren arin-arin jantzirik hortzetaraino armatuak daudenekin.
Parisen,
1714ko Chahban-en ilargiaren 13an.
© Montesquieu
© itzulpenarena: Patri Urkizu