LXVII GUTUNA

IBBEN-ek PARISen dagoen USBEK-i

 

        Hiru itsasontzi arribatu dira hona zure berririk gabe. Eri ote zaude? edo laket zaizu ni kezkatzea?

        Inorekin loturarik ez duzun herrialde batean ez banauzu maite, zer gertatuko zait Persiaren erdian eta zure familia baitan? Baina agian engainatzen naiz: hain zara atsegina, ezen edonon aurkitzen dituzun adiskideak. Bihotza herrialde guztietako hiritarra da. Bihotz sentibera dena, nola bizi daiteke loturarik gabe? Aitortzen dizut: nik adiskide zaharrak errespetatzen ditut; ez naiz desgogara, ordea, berriak non-nahi egiten ditudanean.

        Egon naizen herrialde guztietan bizi izan naiz bertan bizitza osoa eman beharko banu bezala: beti jende bertutetsuenganako jaidura izan dut, dohakabeenganako bihotzberatasuna, oparotasunak itsutu ez dituenenganako estimu bera. Nire izaera da, Usbek: gizonak aurkitzen ditudan leku guztietan eginen ditut adiskideak.

        Bada hemen Guebre bat, nire ustez zure ondoren nire bihotzean lehen lekua daukana: giza legearen irudia bera baita. Zio bereziek bultzatu dute hiri honetan erretiratzera, lan onest eta maite duen emazte batekin bizi delarik bertan. Ekintza onez beterik dago bere bizitza osoa, eta bizitza iluna bilatzen duen arren, monarka handienen bihotzean baino balentria gehiago dauka berean.

        Zutaz hamaika aldiz mintzatu natzaio; zure gutun guztiak erakutsi dizkiot; ohartu naiz gustatzen zaizkiola; eta ikusten dut jada ezagutzen ez duzun lagun bat duzula.

        Hona hemen gomendatzen dizkizudan bere abentura printzipalenak: idaztearen kontrakoa zen, baina nire adiskidantza dela eta ezin ukatu izan dit:

 

 

AFERIDON ETA ASTARTEREN ISTORIOA

 

        «Gebrarren artean jaioa naiz, agian Munduko erlijiorik zaharrena duen herrikoa. Hain izan nintzen malerusa, non zentzua izan aurretik iritsi zitzaidan amodioa: sei urte ez nituen bete eta jada nire arrebarekin bakarrik bizi nintekeen; nire begiak beti bereak bilatzen zituzten, eta une batez uzten ninduenean, malkoz beterik aurkitzen zituen; egunetik egunera adina baino areagoa zen nire amodioa. Nire aita, harriturik halako sinpatiaz, gogoz ezkonduko gintuen elkarrekin, Cambyse-k eraiki Gebrarren ohitura zaharrean, baina gure erlijioak utzi ez ezik, agintzen dituen eta Naturak jada moldaturiko batasunaren irudi hain naturalak diren lokera saindu hauetan pentsatzea eragozten zigun gure naziokoei Mahometanoekiko beldurraren uztarpean bizi ginen.

        »Nire aitak, ikusiz arriskutsua izanen zela nire eta bere jaidurari jarraikitzea, jaioberria bezala ikusten zuen baina dagoeneko azken epean zegoen su hura itzaltzea erabaki zuen. Bidai baten aitzakia emanez berarekin eraman ninduen, ahaideen esku utziz nire arreba: nire ama hila baitzen zuela bi urte. Ez dizut adieraziko zenbaiterainokoa izan zen banaketa honen etsia: malkoz beteta zegoen nire arreba besarkatu nuen; baina nik ez nuen bat ere isuri: oinazeak sorgortu egin baininduen. Tefflis-era iritsi ginen eta nire aitak gure ahaide baten baitan fidatu zuen nire heziketa, eta ni han utziz etxera itzuli zen.

        »Handik denbora batera jakin izan nuen, bere adiskide baten bitartez lortu zuela nire arreba Erregearen beiram-ean sartzea, non sultana baten zerbitzura ipini zuten. Haren heriotza aipatu izan balidate ez nintzatekeen bortizkiago joa izanen: zeren jada berriz ikustea ezinezko izanen zitzaidanez aparte, beiram-ean sartzearekin mahometano bilakatzen zen, eta ezin ninduen ondoren, erlijio honen aurre-iritziaren arabera, izu handiz baizik behatu. Halere, Tefflis-en jada ezin biziz, nitaz eta bizitzaz gogaiturik Ispahan-era itzuli nintzen. Aitarekin egin nituen lehen hitzak latzak izan ziren: bere alaba erlijioz aldatuz soilik sar zitekeen lekuan sartu izana itsusten nion: «Argitzen zaituen Jainkoaren eta Eguzkiaren zigorra, esan nion, zure familiarengana erakarri duzu, eta Elementuak lohitu izan bazenitu baino bekatu handiagoa egin duzu, aratzagoa zen zure alabaren arima zikindu baituzu: beraz, amodioz eta dolorez hilen naiz; baina ailetsa Jainkoak nire heriotza senti dezazun pena bakarra izan dadin!» Hitz hauek esanda alde egin nuen, eta ondorengo bi urteak igaro nituen nire arreba egon zitekeen beiram-go murruak begiratuz, leku beldurgarri hauen zaindaritza duten eunukoen eskuz egunero hamaika aldiz bizia galtzeko arriskuan.

        »Azkenean nire aita hil zen, eta nire arrebak zerbitzatzen zuen sultanak, ikusiz egunetik egunera ederragotzen ari zela, jelostu egin zen eta pasioz desiratzen zuen eunuko batekin ezkondu zuen. Horrela bada nire arreba anderenetik irten eta Ispahan-go etxe batean bizi zen bere eunukoarekin.

        »Hiru hilabete baino gehiago pasa nituen mintzatu ezinez: eunukoak, gizon guztietan jeloskorrenak, edozein aitzakia aski zuen atzeratzeko elkarrizketa. Azken finean, haren beiram-can sartu nintzen, eta leiho-sare batetik zehar hitz eginarazi zidan. Hain zegoen habituz eta beloz estalia, non ez zuketen ediren lakoinaren begiek ere, eta ahotsaz soilik ezagutu nuen. Zein nolakoa ez zen izan nire sentimendua ikusi nuenean nigandik hain gertu eta hain urrun! Ikertua bainintzen bortxatu egin nuen nire burua. Iruditu zitzaidan malkoak zerizkiola. Haren senarra aitzakia hutsalak murmuriatuko balitu bezala entzun nuen; baina nik azken esklaboaren gisa tratatu nuen. Zeharo nahasi zen ohartu zenean nire arrebari ezezaguna zitzaion hizkuntzan mintzatzen nintzaiola: persiera zaharra, gure hizkuntza sakratua. Zer! ene arreba, esan nion, egia al da zure gurasoen erlijioa abandonatu duzula? Badakit beiram-ean sartzean Mahometismoa aitortu behar izan duzula, baina esadazu zure bihotzak ahoak bezala baia eman al duen, elkar maitatzea onartzen duen erlijioa utzi ote duzun. Eta norengatik uzten duzu hainbeste onetsi behar dugun erlijioa? Oraindik burdinen seinaleak daramatzan miserable horrengatik; gizona izatekotan azkena litzatekeenagatik! — Ene anaia, esan zidan, aipatzen duzun gizon hori nire senarra da; hain laidogarri iruditu arren maitatu beharrean nago; eta neroni nintzateke azken anderea baldin... A! ene arreba, esan nion, zu gebrarra zara; bera ez da, ez, zure senarra, eta ezin daiteke izan ere. Zure gurasoak bezala fidela bazara, munstroa bailitzan begiratu beharko zenuke. — Ai ene! esan zuen, zein urrun dagoen erlijio hori nigandik! Ez nituen ikasiak aginduak eta jada ahantzi behar izan nituen. Ohartzen zara jada hizkuntza hau ere arrozten ari zaidala, eta izugarrizko zailtasunak ditudala mintzatzeko. Baina ziur egon zaitez gure haurtzaroko oroitzapena beti izango zaidala maitagarria; ezen, orduz gero, bozkario faltsuak baizik ez ditudan eduki; ez baita egunik igaro zugan pentsatu ez dudanik; zuk uste baino parte handiago izan duzula nire ezkontzan; eta ez nuela erabakia hartu zu berriz ikusteko esperantzarekin baizik. Baina hainbeste kostatu zaidan egun hau oraindik gehiago kostatu behar ote zait? Zure onetik aterea ikusten zaitut; nire senarra errabiaz eta jeloskeriaz sutan da. Ez zaitut gehiago ikusiko; dudarik gabe nire bizitzaren azken aldia da ikusten zaitudala. Eta horrelakoa bada, ene anaia, ez du luzaro iraunen.»

        Hitz hauek esaterakoan hunkiturik sentitu zen, eta solasari ezin jarraituz munduko gizonik deskontsolatuena utzi ninduen.

        Hiruzpalau egun geroago berriro eskatu nuen nire arreba ikustea. Eunuko basati hark eragotzi nahi izan arren, beste senarrek bezala beren emazteengan daukaten aginterik ez baitzuen eta halako zoramenez maite zuen nire arreba, non ez zion deus ere ukatzen. Leku berean eta estalki berekin, bi esklaboz inguratua ikusi nuen; beraz gure hizkuntza berezian mintzatu nintzaion: «Ene arreba, esan nion, nola liteke honelako egoera izugarrian egon gabe ezin zaitzakedala ikusi? Preso mantentzen zaituzten murru, sarraila eta burdin hauek, zaintzen zaituzten zaindari miserable hauek irakiten jartzen naute. Nolaz galdu duzu zure asaba zaharrek hainbeste maite zuten askatasuna? Hain aratza zen zure amak ez zion bere senarrari, bertutea bera baizik ematen bere bertutearen lekukotzat. Elkarrekin zoriontsu bizi ziren, bata bestearenganako konfiantzan, eta beren ohituren sinpletasuna etxe dotore honetan dastatzen bide dituzun distira faltsuak baino hamaika aldiz baliagarriagoa zen. Zure erlijioa galtzean zure askatasuna, zure zoriona eta zu bezalakoen artean berdintasun paregabea dena galdu dituzu. Baina okerrago oraindik, zarena, ez anderea (ezin baitzaitezke izan), gizatasunez gabetua izan den esklabo baten mirabe. — A!, ene anaia, esan zuen, errespeta ezazu nire senarra, eta besarkatu dudan nire erlijioa. Erlijio honen arabera, ezin izan dizut ez entzun, ez hitzik egin bekatuan erori gabe. — Zer! ene arreba, nire onetik zeharo aterea esan nion, beraz egiazkoa dela uste duzu erlijio hori? — A! esan zuen, zein abantailos litzaidakeen hala ez izatea! Beraxegatik sakrifizio handiegia egiten dut eta ez sinesteko; eta nire dudak...» Hitz hauek bukatu bezain laster isildu egin zen. Bai, — zure dudak, ene arreba, direnak direla ongi oinarrituak daude. Zer itxaron dezakezu bizitza honetan malerusa bilakatzen zaituen eta besterako esperantzarik uzten ez dizun erlijio batetik? Munduko zaharrena dela gurea pentsa ezazu; betidanik loratu dela Persian, eta ezagutzen ez den inperio honen etorkia bera duela; menturaz bakarrik sartu zela Mahometanismoa; eta talde hau ez dela bertan eraikia izan konbentzimenduz konkistaz baizik. Gure printze naturalak ez balira izan hain ahulak, gure Mago zaharren kultuak oraindik zutik ziraukeen. Irudika itzazu mende urrun eta iraganak: denak mintzatuko zaitu Magoez, eta deusek ez zenbait mila urte beranduago oraindik haurtzaroan zetzan talde mahometanoaz. — Baina, esan zidan, nire erlijioa zurea baino berriagoa den arren aratzagoa da, Jainkoa besterik ez baitu maite; zuek Eguzkia, Izarrak, Sua eta Elementuak berak gurtzen baitituzue. — Ikusten ari naiz, ene arreba, ikasi duzula Musulmanen artean gure erlijio saindua gaitzesten. Guk ez ditugu adoratzen ez Izarrak, ez Elementuak, eta gure gurasoek ere ez dituzte sekulan gurtu: Inoiz ez diete tenplurik jaso; inoiz ez diete sakrifiziorik eskaini; erlijioari dagokion kultua opari diote soilik, baina behe mailakoa, Jainkotasunaren obra eta agertzeak bezala. Baina, ene arreba, argitzen gaituen Jainkoaren izenean, har ezazu ekarri dizudan liburu sakratu hau; Zoroastro gure legegilearena da; irakur ezazu inongo aurre-iritzirik gabe; errezibi itzazu zure bihotzean irakurtzean argituko zaituzten argi izpiak: oroit zaitez hainbeste denboran Eguzkia Balk-eko hiri sainduan ohoratu duten zure gurasoez, eta, azkenez, zure aldaketan baizik bakea, fortuna, eta bizitza itxaroten ez duen honetaz oroit zaitez. «Haserreak amorratua utzi nuen nire bizitzarako inportanteena zen hura, berak bakarrik erabaki zezan.

        »Handik bi egunera itzuli nintzen; eta ez nion hitzik esan, isilik itxaron bainuen nire bizitzaren edo heriotzaren epaia. «Ene anaia maitea, esan zidan, onetsia zara eta gebrar batez. Luzaro borrokatu dut. Baina, Jainkoak! zenbat oztopo ez dituen garaitzen amodioak! eta zein nolako lasaitasuna orain! Ez naiz areago beldur zu sobera maitatzeaz; jada amodioari mugarriak ken diezazkioket; soberatasuna bera baita zilegi. A! Zein ongi dagokion egoera hau nire bihotzekoari. Baina zuk, nire arimak sorrarazi zituen kateak hausten jakin duzunak, noiz jakingo duzu eskuak lotzen dizkidatenak desegiten? Memento honetatik zurea nauzu. Azkartasunarekin adieraz iezadazu zenbatetan estimatzen duzun eskaintza hau. Ene anaia, uste dut besarkatuko zaitudan lehen aldian bertan hilen naizela zure besoetan.» Sekulan ez dut behar bezala agertuko une hartan sentitu nuen poza: uste izan nuen eta hala ikusi nuen neure burua gizon guztien artean zoriontsuena bezala; nire bizitzaren hogeita bost urte haietan hausnarturiko desio guztiak ia burutuak eta hain zaila bilakatu zuten pena guztiak desegiten ikusi nituen. Baina, ideia ezti hauetara ohitzen joan nintzenean, ohartu nintzen oztopo guztietarik handiena gainditua nuen arren ez neukala nire zoriona uste bezain gertu. Zaindarien atzartasuna gainditu beharra zegoen. Ez nintzen ausartzen inori esaten nire bizitzako sekretua. Nire arreba besterik ez nuen; eta berak ni bakarrik. Huts egiten banuen, paldoan sartua izateko arriskua neukan; baina niretzat zitekeen penarik handiena hutsegitea zen. Ados gelditu ginen norbait bidaliko zidala aitak utzi zion eta nik neukan erloju baten bila, eta haren barrean lima bat ipiniko nuela kalera ematen zuen leiho bateko sarea zerra zezan, eta korapiloz bete soka bertatik jaitsi zedin, ez nuela gehiago ikusiko; baina gauero joango nintzela leihopera helburua bete arte. Hamabost gau oso igaro nituen inor ikusi gabe, une egokirik aurkitu ez zuelako. Azkenean, hamaseigarrenean lanean ari zen zerra entzun nuen. Noizbehinka ekintza gelditzen zen, eta bitarte hauetan, adierazi ezina zen nire izualdia. Ordu bat lanean aritu ondoren ikusi nuen soka lotzen; jaitsi zen bertatik eta nire besoetaraino iritsi. Ez nuen jada beldurrik, eta luzaro gelditu ginen bertan. Hiritik kanpo eraman nuen, hemen zaldi bat neukan prestaturik, nire atzean ezarri nuen apitxuan eta alde egin nuen, ahalik eta lasterren, hain izugarria gerta zekigukeen lekutik. Egunsentia baino lehen iritsi ginen basamortuan erretiratua eta bere eskuen lanetik zuhurki bizi zen Gebrar baten etxera; ez genion egokia iritzi haren etxean gelditzeari, eta haren aholkuz oihan tinko batean barneratu ginen, eta haritz zahar baten huts-gunean bizitzera sartu ginen gure ihesaren herotsa galdu zedino. Egoitza apartatu honetan bizi ginen biok, lekukorik gabe, behin eta berriro errepikatuz beti elkar maiteko genuela, gure liburu sakratuek zioten bezala, gebrar apez batek ezkontzaren zeremonia egin zezan zain. Ene arreba, esaten nion, zein saindua den batasun hau! Naturak batu gintuen eta gure Lege sainduak batuko gaitu berriro. «Azkenean apez bat etorri zen gure pazientzi eza amurusa baretzera. Laborariaren etxean egin zituen ezkontzako zeremonia guztiak; bedeinkazioak eman zizkigun eta mila bider bai Gustape-ren indar guztia, bai Hohoraspe-ren saindutasuna opa. Laster utzi genuen Persia, segurtasunik ez genuenez, eta Georgiara erretiratu ginen. Hemen urte batez bizi izan ginen, gero eta elkar liluratuago; baina, dirua bukatzen zihoanez eta miseriarik nahi ez nuenez nire arrebarentzat, ez niregatik, gure gurasoen etxera laguntza bila abiatu nintzen, bera han utziz. Sekulan ez da izan agur eztiagorik. Nire bidaia, ordea, alferrikakoa ez ezik, gaitza izan zen: zeren, alde batetik gure ongi guztiak bahituak aurkitu nituen, eta bestetik nire gurasoak ni laguntzeko ezintasunean, ez nuen lortu juxtu ene itzulerako behar nuena baizik. Baina zein ez zen nire etsipena izango ez nuenean nire arreba aurkitu. Ni iritsi baino egun batzuk lehenago Tartaroak sartuak ziren hura zegoen hirian eta, ederretsi baitzuten, harrapatu eta Turkiara zihoazen Judu batzuei saldu zieten, eta zuela hilabete batzuk erditu alabatxo bat besterik ez zuten laga. Judu haiek segitu nituen eta handik hiru legoatara aurkitu. Nire erreguak, nire malkoak alferrik izan ziren: beti hogeita hamar toman eskatzen zidaten trukean eta inoiz ez zuten bat ere beheititzen. Jende guztiengana zuzendu eta apez turkiar eta kristauen babesa otoitu ondoren merkatari armeniar batengana jo nuen; neroni eta nire alaba saldu gintzaizkion hogeita hamabost tomanen truk. Joan nintzen Juduengana, eman nizkien hogeita hamar tomanak eta beste bostak oraindik ikusigabe neukan nire arrebarentzat gorde nituen: «Ene arreba, esan nion, aske zara, eta besarka zaitzaket. Hona dakarzkizudan bost toman. Tamalez ez naute gehiago ordaindu. — Nola! esan zuen, zeure burua saldu duzula? — Bai, esan nion. — A! malerusa, zer egin duzu! Ez al nintzen aski dohakabea zuk ene zoritxarra handitu gabe? Zure askatasunak kontsolatzen ninduen eta zure esklabotasunak hilobira eramango nau. A! ene anaia, zein gogorra den zure bihotza! Eta nire alaba? Ez dut ikusten. — Saldu egin dut ere», esan nion. Malkoz urtu ginen biak, eta ez genuen indarrik izan hitzik ere ateratzeko. Azkenean nire nagusia aurkitzera joan nintzen eta nire arreba ni bezain laster iritsi zen harengana. Belaunetaratu zitzaion. «Eskatzen dizut, esan zuen, mirabe izatea, besteek askatasuna otoitzen dizuten bezalaxe. Har nazazu. Nire senarra baino garestiago salduko nauzu. Halako elkarrekiko gatazka sortu genuen nire jabearen begietatik malkoak irtenarazi genituela. — Malerusa! esan zuen, nola uste duzu onar dezakedanik nire askatasuna zurearen truk? Jauna, ikusten duzu separatzen baldin badituzu hilko diren dohakabe bi. Zurea nauzu. Ordain akidazu. Agian diru honek eta nire zerbitzuek, noizbait zuregandik lortuko dukete eskatzera ausartzen ez naizena. Zure interesean doa elkarrengandik ez banatzea, badakizu bere bizitzaren jabe naizela. «Armeniarra gizon eztia zen eta gure zorigaitzak bihotzean ukitu zuen: Zerbitzatu nazazue biok, esan zuen, fidelitatez eta arretaz, eta agintzen dizuet urte baten buruan zuen askatasuna itzuliko dizuedala. Ikusten ari bainaiz ez duzuela merezi, ez batak, ez besteak daukazuen egoeraren zorigaitzik. Aske zaretenean, merezi bezain zoriontsu izatea lortzen baduzue, fortuna badatorkizue, ziur nago sufritzen dudan galera eskertuko didazuela.» Haren belaunak besarkatu genituen eta bidaiari jarraiki. Elkarri arintzen genizkion morrontzaren lanak, eta bozkarioz beterik nintzen nire arrebari suertatzen zitzaion lanik egin nezakeenean.

        »Urte amaiera iritsi zen; gure nagusiak hitza mantendu zuen eta askatu gintuen. Tefflis-era itzuli ginen. Hiri honetan nire aitaren lagun zahar bat topatu nuen, mediku ospetsua. Diru pixar bat utzi zidan negoziotxo batean hasteko. Egiteko batzuek berehala eraman ninduten Smyrne-ra, eta hemen ipini dut nire egoitza. Bertan bizi naiz azkeneko sei urteotan, eta Munduko konpainiarik eztien eta atseginenaz dut gozatzen: batasuna da jaun eta jabe gure familian, eta ez nuke Munduko errege guztienarenagatik nire egoera aldatuko. Dena zor diodan, eta zerbitzu bereziak itzuli dizkiodan merkatari armeniarra aurkitzeko aski zoriontsua izan bainaiz.»

Smyrne-n,
1714ko Gemmadi 2.aren ilargiaren 27an.

 

 

 

© Montesquieu

© itzulpenarena: Patri Urkizu

 

 

"Montesquieu / Pertsiar Gutunak" orrialde nagusia