LXVI GUTUNA

RICA-k ***-i

 

        Hemen oso zientziazaleak dira; ez dakit, ordea, oso jakintsu diren. Filosofo bezala denaz duda egiten duenak ez du ausardiarik ukatzeko ezer teologo bezala. Bere buruaz beti dago kontent kontraesanez beterik dagoen gizon hau, baliorik ez bazaio ukatzen.

        Frantsesen grinarik handiena argi eta zorrotz izatearena da, eta hori adierazi nahi dutenena liburuak egitea.

        Alabaina ez dago deus ere hain gaizki pentsaturik: Naturak zuhur jokatu zuen baldintzatzean gizonen lelokeriak hutsalak izatera, baina liburuek betirakotzen dituzte. Tentel batek askietsi beharko luke aspertzeaz berarekin bizi izan diren denak: baina oraindik ondorengoak sufriarazi nahi ditu; hilobiaz bezainbat dasta zitekeen bere ergelkeria ahanzturaren gainetik pasa dadin nahi du; etorkizunari jakinaren gainean utzi nahi dio betirako bera bizi eta lelo bat izan dela.

        Gehien mespretxatzen ditudan idazleak biltzaileak dira, besteen obretako puskatxoak bilatzen dituztenak alde guztietan, gero berean kokatzeko soropilak lorategi batean bezala. Ez daude ezertxo moldeak ordenatuz, eskulana ez besterik eskainiz, liburua egiten duten moldiztegietako langileen gainetik. Nahiko nuke liburu orijinalak errespetatuak izan daitezen, eta iruditzen zait profanazio antzekoa dela dauden santutegitik ateratzea berau moldatzen duten piezak inolaz ere merezi ez duten mespretxura ageriz.

        Zergatik ez da isiltzen gizon bat deus berririk esateko ez duenean? Zergatik ez digu libratzen bikoiztasun horietaz? «Nik, ordea, beste era berrira moldatu nahi ditut. — Gizon abila zara: nire liburutegira etortzen zara, eta goian zeuden liburuak behean ipintzen dituzu, eta behekoak goian. Maisu lan ederra!»

        Gai honetaz mintzo natzaizu, zeren errabiaz amorratzen nagoen eskutan edukiberri dudan liburu batekin eta Zientzia Unibertsala dirudienarekin, hain baita lodia; ez dut, ordea, deus ere ikasi bertatik eta burua neka-neka egin dit.

        Adio.

Parisen,
1714ko Chahban-en ilargiaren 8an.

 

 

 

© Montesquieu

© itzulpenarena: Patri Urkizu

 

 

"Montesquieu / Pertsiar Gutunak" orrialde nagusia