LXV GUTUNA
USBEK-ek ISPAHAN-go anderenean
dauden BERE ANDERE-ei
Badakit nahasmenduz, haserrez, eta barne eztabaidaz betea dagoela anderenea. Ez al nizuen bada gomendatu partitzerakoan bakea eta harmonia? Baiezkoa eman zenidaten. Ni engainatzeko asmotan izan al zen?
Zeuek zinatekete engainatuak Eunuko handiaren aholkuak segituko banitu, nire agintea erabiliko banu biziaraz zintezten nire kontseiluek eskatzen zizueten bezala.
Nik ez dakit baliatzen medio bortitz hauetaz beste guztiak saiatu ondoren ez bada. Obra ezazue, bada, zeuen buruen onean, nirean egin nahi izan ez duzuenez.
Arrazoin guztiz kexu da Eunuko handia esaten didanean ez diozuela inongo errespeturik. Nola onar daiteke jokaera hori zuen kondizionearen modestiari erreparatzen badiogu? Ez ote dut zuen bertutea harengan fidatu, ni hor ez nagoen bitartean? Bera da altxor sakratuaren zaindaria, baina adierazitako mespretxu horiek, errespetarazten dizkizuen ohorearen legeak astuntzat dituzuen lekuko dira.
Alda ezazue jokaera, otoi, eta egizue hurrengoan zuen askatasunaren eta zuen soseguaren kontra ematen zaizkidan aholkuak eta erabakiak hartzeko arrazoinik eduki ez dezadan.
Ahantzarazi nahi bainizueke zuen jabe naizela, gogora nazazuen zuen senar bezala bakarrik.
Parisen,
1714ko Chahban-en ilargiaren 5ean.
© Montesquieu
© itzulpenarena: Patri Urkizu