LXIV GUTUNA

EUNUKO beltzen BURU-ak
PARISen dagoen USBEK-i

 

        Jaun txit gorena, ezin adierazizko kinka larrian aurkitzen natzaizu: anderenean izugarrizko nahaste-borrastea bizi da; zure andereen artean gerra da nagusi; zure eunukoak banatuak daude; kexu, murmurio, salaketa besterik ez da entzuten; nire aholkuek ez dute ezertarako balio: dena zilegi dirudi desobedientzia aro honetan, eta nire agintea hutsala da anderenean.

        Zure emazte guztiek beren jaiotzaz, beren edertasunez, beren aberastasunez, beren adimenez, zure amodioz beren buruak besteen gainekotzat jotzen dituzte, eta denek baliarazi nahi dute hauetariko tituluren bat hobeste guztiak edukitzeko. Daukadan ezin agortuzko pazientzia istant oro galarazten didate, alabaina, denak deskontent uzteko baizik ez dit balio izan: nire zuhurtasuna, nire laketgura bera (bertute benetan arraro eta arrotza daukadan egitekoan) alferrikakoak izan dira.

        Nahi duzu, Jaun txit gorena, ageri diezazudan asaldamendu guzti hauen kausa? Zure bihotza besterik ez da, halako begiruneaz eta eztitasunaz tratatzen baitituzu. Eskua ez bazenit lotuko; aholkuen bidea ordez, zigorrena hartzen utziko bazenit; horien kexu eta malkoez ez bazina bigunduko, sekulan leuntzen ez naizen honen aitzina bidaliko zenituzke negar egitera: berehala eraman behar duten uztarria ezarriko nieke, eta daukaten jenio bortitz eta askezale amorratua eztituko.

        Nire sorterritik, hau da, Afrikatik hamabost urterekin aterea, lehenik hogei emazte edo ohaide zituen nagusi bati saldu ninduten. Nire jaidura serio eta isilak pentsarazi zion egokia nintzela anderenerako, eta lanbide hori egiteko gai ezar nintzaten agindu zuen. Hasieran lastimagarria sentitu nuen operazio bat egin zidaten, baina hau probetxugarria bilakatu zen gero, nire nagusien konfiantza eta harrera ona segurtatu baitzidan. Niretzat mundu berri bat izan zen anderene honetan sartu nintzen. Lehen eunukoak, nire bizitzan ezagutu dudan gizonik garratzenak, aginte osoz gobernatzen zuen berean. Ez zen, ez zatiketarik, ez borrokarik entzuten han: isilune osoa nabari zen leku guztietan; andere guztiak ordu berean etzaten ziren, une hasieratik amaieraraino, eta ordu berean ere jaikitzen: mainuan txandaka sartzen ziren eta egiten genien keinurik ttipienera ateratzen; beste astirik gehienak gelan itxita ematen zituzten. Arau bat bazeukan, eta zen, dena garbitasun handienean behar zuela izan, adierazi ezinezko arretak ipintzen zituelarik horretan: urrikalmendurik gabe zigortzen zuen obedientzia ezik ttipiena. «Ni esklabo bat naiz, zioen; baina zuen eta nire jabea den gizon batena, zuengan eman didan botereaz baliatzen naiz: bera da zigor emailea eta ez ni, esku ezarle besterik ez bainauzue.» Andere hauek ez ziren inoiz nire nagusiaren gelan sartzen, deituak ez baziren izan, bozkarioz hartzen zutelarik grazia hura eta hartaz gabetuak zirenean, ez ziren kexatzen. Horrela bada, anderene lasai honetan azken beltza nintzelarik, lehena naizen honetan baino mila bider errespetatuagoa nintzen.

        Nire eitea eunuko handi horrek ezagutu zuen bezain laster nigan ezarri zituen begiak: nire nagusiari nitaz hitz egin zion, bere ikuspegiaren arabera lan egiteko gai eta bere lekua betetzeko aproposa hezala. Ez zen batere harritu nire gaztetasun handiaz: nire arretak esperientzia eza ordezkatuko zuelakoan. Zer esango dizut? Hainbeste aitzinamendu egin nuen haren konfiantzan, non ez zuen inongo erreparorik nire eskuetan uzteko aspaldidanik gordetzen zituen leku izugarrietako giltzak. Maisu handi honengandik ikasi nuen hain zaila den agintearen artea, eta gobernu gogor baten heziketan moldatu nintzen. Andereen bihotza harekin ikertu nuen; berak erakutsi zidan haien ahuleziez baliatzen eta harroxkeriez ez harritzen. Laket zitzaion maiz obedientziaren azken mugaraino nola eramaten nituen ikustea: jarraian oharkabean erakartzen zituen eta pentsarazten une batez neronek amore eman nuela. Baina ikusi behar zen hura, etsipenaren puntuan, erregu eta haserreen artean ezartzen zituenean: zipitz bat ere samurberatu gabe jasaiten zituen haien negar-malkoak, eta era honetako garaipenaz harro sentitzen zen. «Hona nola, esaten zuen bozkarioz, gobernatu behar diren andereak. Kopuruak ez dit batere kezkatzen: berdin zuzenduko nituzke gure monarka handiak dituen guztiak. Nola gizon batek pentsa lezake horien bihotza lortzerik, bere eunuko leialek ez badizkiete lehenago gogoak menderatzen?»

        Gogorra ez ezik, zorrotza ere bazen: beraien pentsamendu eta disimuluak ezagutzen zituen: keinu ikasiek, itxurek ez zioten deus ere gordetzen; bazekizkien haien ekintza estalienak eta hitzik sekretuenak; batzuez zerbitzatzen zen besteez jakiteko, eta salaketarik ñimiñoena gustura saritzen zuen. Senarraren gelan abisua zeukatenean bakarrik sartzen zirenez, eunukoak nahi zuena deitzen zuen, eta bere faboritarengan nagusiak begiak ipintzea lortzen zuen, bereizkuntza salaketaren baten ordaina zelarik. Nagusiari konbentzitu zion, hautaketa bere esku utziz ordena handiago zela, haiekiko agintea handiagotzen zenez. Hona nola gobernatzen zen, Jaun txit gorena, nire ustez Persian hobeto arautua izan den anderenean.

        Utzizkidazu eskuak aske; emadazu baimena dagidan obedi nazaten. Nahasmendu honen barnean ordena ezartzeko zortzi egun aski dut. Zure ohoreak eskatzen eta zure segurtasunak galdetzen duena besterik ez da.

Ispahan-go zure anderenetik,
1714ko Rebiab 1.aren ilargiaren 9an.

 

 

 

© Montesquieu

© itzulpenarena: Patri Urkizu

 

 

"Montesquieu / Pertsiar Gutunak" orrialde nagusia