LXIII GUTUNA

RICA-k ***-n dagoen USBEK-i

 

        Uste dut zure bizitza osoa landetxean igaro nahi duzula: hasieran bizpahiru egunetan galtzen zintudan bakarrik, eta hona hemen, non baden hamabost egun ez zaitudala ikusi. Egia da ere etxe xarmant batean zaudela, dagokizun konpainia aurkitu duzula, nahi bezala mintzo zarela: ez duzu besteren beharrik Unibertso osoaz ahanzteko.

        Nire partetik, ezagutzen didazun bizitza bera daramat: jende anitzekin dut tratua eta hau ulertzen saiatzen natzaizu. Badirudi nire sena oharkabean galtzen ari dela gelditzen zaion asiar kutsua, eta lanik gabe moldatzen ari dela europar ohituretara. Ez naiz harritzen jada ikusiz etxe berean bospasei andere bospasei gizonekin, eta ez zait batere desegokia iruditzen.

        Esan dezaket: hemen nagoenez geroztik bakarrik ezagutzen ditut benetan andereak; gaiaren gainean hilabete batez hemen anderene batean hogeita hamar urtetan ikasiko nukeena baino gehiago ikasi dut.

        Gurean, nortasun guztiak berdinak dira, bortxatuak daudelako: ez dira jendeak ikusten diren bezala, izatera behartuak diren bezala baizik. Bihotzaren eta arimaren esklabotasun honetan ez zaio hizkerarik ez duen beldurrari baizik hitz egiten entzuten, eta ez, hain ezberdin mintzo eta hainbeste erara ageri den naturari.

        Disimulua, gure artean hain beharrezkoa eta hain erabilia den antzea, hemen ezezaguna da: dena mintzo da, dena ikusten da, dena entzuten; begitartearen antzera agertzen da bihotza; azturetan, bertutean, bizioan bertan, beti halako naturaltasun bat nabari da.

        Andereak laketzeko, gehiena gustatzen zaienerako baino beharrezkoagoa da talentu ezberdin bat: josteta joera edukitzea da, zeinek badirudien ametsarazten diela, une oroz, oso noizbehinka lortu ez daitekeena baizik.

        Josteta joera hau, berez saloietarako egina zena, badirudi Nazioaren senaren parte izatera iritsi dela: Kontseiluan arinki mintzo dira; Armadan arinki; eta arinki ere Enbaxadorearekin. Zenbat eta seriotasun handiagoa ipini ofizio batean, orduan eta irrigarriagoa iruditzen zaie: eta mediku bat ez litzateke hola kontsideratua, jantzi alaiagoak baleramatza eta bere eriak arinki hilen balitu.

Parisen,
1714ko Rebiab 1.aren Ilargiaren 10ean.

 

 

 

© Montesquieu

© itzulpenarena: Patri Urkizu

 

 

"Montesquieu / Pertsiar Gutunak" orrialde nagusia