LXI GUTUNA
USBEK-ek VENEZIAN-n dagoen RHEDI-ri
Nôtre-Dame deitzen den eliza famatuan sartu nintzen lehengo egunean. Benetan eder-ederra den eraikuntza miresten nuen bitartean niri bezala kuriositateak hara bultzatu zuen apez batekin hitz egiteko aukera izan nuen. Bere ofizioaren lasaitasunaz mintzatu ginen.
«Gehienek, esan zidan, daukagun ofizioaren zorionaren inbidia dute, eta arrazoinarekin. Alabaina, ez zaio falta atsekaberik. Ez gaude hain mundutik aparte, eta hamaika okasiotan deitzen gaituzte zenbaitetan betebeharrezko irudia oso zaila zaigu.
»Harrigarriak dira munduan nahasirik dabiltzanak: ezin sufri dezakete, ez gure onespena, ez gure kritikarik: zuzendu nahi baditugu irrigarriak omen; goresten baditugu gure nortasunari dagokion mailatik beheititu garela. Ez dago gauza umiliagarriagorik fedegabeak berak eskandalizatu dituela batek pentsatzea baino. Beraz, behartuak gaude portaera bikoitza eramatera fedegabeak isilaraziz, ez, noski, nortasun tinko batez, beraien solasa hartzen dugun moduaz sortzen diegun segurtasun ezaz baizik. Adimen zorrotza behar horretarako: ez alde, ez kontra izate hori zaila da. Dena menturatzen duten jende horiek, burura datorkien edozer gauza esaten dutenek, arrakastaren arabera goratu edota abandonatzen duten horiek errazagoa dute.
»Ez da hori dena: hain baketsu eta zoriontsu den eta hainbeste goraipatzen duten ofizio hau ez da halaxe jendartean. Bertan ageri garen unetik eztabaidarazten digute: bultzatzen gaituzte, adibidez, frogatzera zein ongarria zaion Jainkoa baitan sinesten ez duenari otoitz egitea, eta bere bizitza guztian arimaren betikotasuna ukatu duenari barauaren beharra: egitekoa ez da txantxetakoa, eta ez dugu denen onarpena lortzen. Areago oraindik: besteak gure iritzietara erakartzeko behar antzeko batek, nolabait esateko, gure profesioaren ziztadak etengabe zirikatzen digu. Europarrak gizadiaren naturaren alde, Afrikakoen aurpegiak zuritzen saiatzen ikustea bezain irrigarria da. Estatua nahasten dugu, eta geure buruak kezkatzen hastapenezkoak ez diren erlijio puntuak onartuak izan daitezen saiatuz, eta euren ile eta atzazalak apaintzearren beren menpekoak iraultza orokor batera bultzatu zituen Txinako konkistatzaile haren antza daukagu.
«Gure erlijio sainduaren aginduak menpeko ditugunei betearazteko dabilkigun karra bera arriskutsua da maiz, eta ez da izango inoiz zuhurtasun soberez lagundua. Teodosio izeneko enperadoreak ezpataz pasa zituen hiri bateko biztanle guztiak, andereak eta haurrak barne; eta ondoren elizan sartu zenean bertako apezpikua zen Ambrosio deituak ateak itxi zizkion, hiltzaile eta sakrilego legez; eta honela ekintza paregabea burutu zuen. Enperadore hau, halako krimenak eskatzen zuen penitentzia egin ondoren, Elizan onartua izan zen, apezen artera kokatzera joan zenean apezpiku berak bertatik aterarazi zuen, baina honetan fanatiko gisara obratu zuen: hain da hau egia, non inork ez duen bere karrez fidatu behar. Zer axola zitzaion Erlijioari edo Estatuari printze honek eduki zezan ala ez egonleku bat apezen artean?»
Parisen,
1714ko Rebiab 1.aren ilargiaren 1ean.
© Montesquieu
© itzulpenarena: Patri Urkizu