LX GUTUNA

USBEK-ek SMYRNE-n dagoen IBBEN-i

 

        Frantzian judurik baden galdetzen didazu? jakin ezazu, dirua dagoen leku orotan juduak badirela. Galdetzen didazu zer egiten duten? Persian egiten duten gauza bera preziso: Asiako judu baten gauzarik antzekoena Europako judu bat da.

        Kristauen artean, gure artean bezalaxe, beren erlijioarekiko zorameneraino doan atxikimendua adierazten dute.

        Juduen erlijioa Lur osoa estali duten bi adarrez osaturiko enbor zaharra da: esan nahi dut, Mahometanismoa eta Kristautasuna; edo hobeto esatearren, bi alaba erditu dituen eta hamaika zauriz bete duten ama: ezen, erlijio kontutan, gertuenak diren etsairik handienak. Baina, hain gaizki tratatu duten arren, beti ari da banaloriatzen Mundura bota dituelako: eta biez baliatzen da Mundu osoa inguratzeko, bere zahartzaro ohoragarriak, denbora guztiak besarkatzen dituen bitartean.

        Juduek, bada, saindutasun guztien iturri eta erlijio ororen etorki bezala ikusten dituzte beren buruak. Eta Legea aldatu edo areago judu errebelatuak liratekeen hereje gisara behatzen gaituzte.

        Aldaketa baratxe-baratxe egina izan balitz, uste dute erraz liluratuak izanen liratekeela; baina kolpetik eta modu bortitz batean egina izan denez, bien jaiotza eguna eta ordua seinalatu dezaketenez, eskandalagarritzat daukate gure adina jakiteak, Munduaren sorrerarekin bat omen datorkien bere erlijioari eusten diotelarik estu eta tinko.

        Sekulan ez dute Europan halako bakerik gozatu. Antzina kristauak sutzen zituen intolerantziak pixkanaka itzaltzen dihoakie. Espainian gaizki gelditu ziren akazatu ondoren, eta Frantzian berdin Printzearen sinesmenetik zertxobait aldentzen ziren beste kristau batzuek pertsekutatu izanaz. Ohartu dira zeharo ezberdina dela Erlijioa aitzinatzeko grina eta behar zaion atxikimendua, hura maitatu eta gordetzeagatik ez dela beharrezkoa hori egiten ez dutenak gorrotatzea eta pertsekutatzea.

        Deseagarri litzateke gure Musulmanak izan gintezen gai honi buruz kristauak bezain zentzudun; behin betirako bakeak egingo balituzte Hali-k eta Abubeker-ek, eta Jainkoari utziko baliote erabakitzen profeta saindu hauen merituez. Nahiko nuke ohora genitzan begiramenezko eta errespetuzko ekintzez, eta ez alferrikako hobestez; eta bila genezan heien laborea, dena dela Jainkoak eman Bien egonlekua, eskuinekoa ala ezkerrekoa, edota bere tronuaren oinpekoa.

Parisen,
1714ko Saphar-en ilargiaren 18an.

 

 

 

© Montesquieu

© itzulpenarena: Patri Urkizu

 

 

"Montesquieu / Pertsiar Gutunak" orrialde nagusia