LIX GUTUNA
RICA-k ***-n dagoen USBEK-i
Mota guztietako jendez inguraturik egon nintzen etxe batean lehengo egunean: goiz guztia beren buruak gaztetzen baina alferrik saiatzen ari ziren bi atsok honako solasa zeramaten. «Aitortu beharra dago, zioen haietariko batek, zeharo diferenteak zirela gure gaztaroko gizonak eta oraingoak: atseginak, ongi heziak, goxoak, ziren haiek. Baina oraingoak, ezin sufrituzko basatiak dira. — Dena aldatu da, esan zuen orduan hezueriak jota iruditu zitzaidan gizon batek. Garaiak ere ez dira duela berrogei urtekoak bezalakoak: mundu guztia ongi zebilen, alaia zen; irri eta dantza egitea besterik ez zen pentsatzen. Orain, ezin pairatuzko tristeziak jota dago mundu guztia.» Memento bat geroago elkarrizketak politika arloa jorratu zuen. «Arraioa! esan zuen adineko jaun batek, Estatua gobernurik gabe dago: aurki iezadazu egun Colbert Jauna bezalako ministro bat. Nik oso ezaguna nuen Colbert Jauna: nire adiskideetakoa zen; pentsio guztiak ordaintzen zizkidan lehena. Haren ordena finantza kontuetan! Mundu guztia lasai bizi zen. Baina orain peko erreka jota nago. — Jauna, esan zuen orduan apez batek, gure monarka garaiezinaren garairik miresgarrienez mintzo zara. Heresia desegiteko berak burutu zuen baino gauza handiagorik ba ote? — Eta ezereza deritzozu agian dueluen kentzeari?» esan zuen oraindik hitzik egin gabe zegoen gizon batek kontent xamar. «Oharra oso zentzuzkoa da, esan zidan belarrira beste batek: gizon hori zoratzen dago aginduarekin, eta hain ongi betetzen du, duela sei hilabete ehun makilakadaz jipoitu zutela ez hausteagatik.»
Iruditzen zait, Usbek, gauzak beti juzkatzen ditugula gure baitara emanen diegun jira sekretu baten ondoren. Ez nau batere harritzen Beltzek Deabrua elurra bezain xuri eta beren Jainkoak ikatza bezain beltz pintatzeak: herri batzuetako Venusak ixterretaraino erortzen zaizkion ditiak edukitzeak: eta idolatra guztiek beren Jainkoei giza antza emateak eta beren jaidura guztien partale egiteak. Arrazoiz esanda, triangeluek Jainko bat asmatuko balute hiru alde emanen lieketela.
Ene Usbek maitea, ikusten ditudanean gizonak lipar baten gainean, alegia, Lur gainean arrastaka dabiltzala, zein Unibertsoko puntu bat besterik ez den, eta Probidentziaren eredu gisa beren buruak proposatzen dituztela, ezin uler dezaket halako zoramenik holako tamaina ñimiñoan.
Parisen,
1714ko Saphar-en ilargiaren 14ean.
© Montesquieu
© itzulpenarena: Patri Urkizu