LVIII GUTUNA
RICA-k VENEZIAn dagoen RHEDI-ri
Parisen, ene Rhedi maitea, ofizio ugari bada.
Hemen gizon eginbidetsu batek diru pixka baten truk urrea egiteko sekretua eskaintzera datorkizu.
Beste batek Aire-Izpirituekin etzatea, kondizione horretan bakarrik, alegia, hirurogei urte andererik ikusi gabe egon izana.
Aurkituko dituzu ere bizitza osoa kontatuko dizuten iragarle abilak, zure zerbitzariekin ordu laurden bateko elkarrizketa egitearen baldintza bakarrarekin.
Benetan antzetsuak diren andereek beren dontzeilatasunaz egunero ihartzen eta loratzen den lilia egiten dute, eta ehungarrenean lehenbizikoan baino dolore handiagoz ariko dira.
Badira beste batzuek, beren artearen poderioz denboraren irain guztiak deseginik, kolokan dagoen aurpegi baten edertasuna berreskuratzen, areago oraindik zahartzaroaren azkenean dagoen atso bat hartu eta gaztaro loretsuenera aldatzen dakitenak.
Jende guzti hauek inbentzioaren ama den hiri honetan bizitzen saiatzen dira.
Hiritarren errentak ez dira alokatzen: abilidade eta antze huts baitira; nork berea dauka, eta honetaz ahalik eta gehiena baliatzen saiatzen da.
Meskitaren baten errenten atzetik dabiltzan lege gizonak konta ditzakeenak, itsasoko hondarrak eta gure monarkaren esklaboak konta ditzake.
Hizkuntza, arte eta zientzietako hamaika irakaslek ezagutzen ez dutena irakasten dute, eta talentu hau ez da txikia; adimen askorik ez baita behar jakiten dena erakusteko, izugarria, ordea, ezagutzen ez dena irakasteko.
Bat-batean bakarrik hil daiteke hemen; heriotzak ez dezake hemen bere agintea erakuts: ezen izkina guztietan badiren imajina daitezkeen eritasun guztien kontrako erremedio seguruak dituzten jendeak.
Erosle guztiak harrapatzen dituzten sare ezin ikusiez daude beteak dendak oro. Alabaina, batzuetan haietarik atera daiteke merke: neskatxa saltzaile batek pasa dezake ordu oso bat gizon bat lausengatzen zipotz mordo bat eros diezaion.
Hiri honetatik irteten diren guztiak sartu ziren baino erneago aterako dira: besteei dutenetik ematearen poderioz ikasten baitute daukatena gordetzen; eta hauxe da hiri liluragarri honetan arrotzek ikasten duten gauza bakarra.
Parisen,
1714ko Saphar-en ilargiaren 10ean.
© Montesquieu
© itzulpenarena: Patri Urkizu