LVII GUTUNA
USBEK-ek VENEZIAn dagoen RHEDI-ri
Fedegabeek hemen emagaldu piloa mantentzen dute eta fededunek derbitxe multzo handi bat. Derbitxe hauek hiri boto egiten dute: obedientzia, pobrezia eta kastitatea. Diotenez lehena da hobekien gordetzen dutena: bigarrenari dagokionez, sinets nazazu, ez dute batere betetzen; eta hirugarrenari buruz pentsa ezazu nahi duzuna.
Baina, txit aberatsak izan arren derbitxe hauek, ez dute sekulan uzten behartsuen kalitatea; lehenago gure sultan txit gorenak utziko lituzke bere titulu gora eta handiak. Eta arrazoin dute: pobreziazko titulu honek galarazten baitie izan daitezen.
Medikuak eta konfesoreak deitzen diren derbitxe hauetariko batzuek beti dira hemen, edo estimatuak, edo mespretxatuak sobera; alabaina, diotenez, premuek maiteago dituzte medikuak konfesoreak baino.
Derbitxe hauen komentu batera joan nintzen lehengo egun batean. Ilea urdindua zuen eta errespetagarria zirudien hauetariko batek aski prestuki errezibitu ninduen; etxe osoa erakutsi zidan; baratzean sartu eta berriketetan hasi ginen. «Ene Aita, esan nion, zein da zure egitekoa komunitatean? — Jauna, erantzun zidan oso pozik galderarekin, ni kasuista naiz. — Kasuista?, errepikatu nuen: Frantzian nagoenez geroz, ez dut ofizio horretaz inoiz hitz egiten entzun. — Zer! ez dakizula zer den kasuista bat? Hara! entzun: ideia bat emango dizut argi eta garbi adieraziko dizuna. Bi eratako bekatuak dira: astunak, Paradisutik erabat jaurtikitzen zaituztenak; eta arinak, egiaz Jainkoa ofentsatzen dutenak, baina ez dutenak hainbesteraino haserretzen, non loriarik gabe utziko gaituen. Beraz, gure antze guztia horretan datza, ongi bereiztean bekatu mota biok: ezen, fedegabe batzuek kenduez gero hemen kristau guztiek nahi duten Paradisua irabazi; baina, denek nahi dute ere ahalik eta preziorik merkeena ordainduz. Ongi ezagutzen direnean bekatu astunak, saiatzen da ez erortzen, eta egitekoa antolatzen da. Badira gizonak betegintzarre handi batera iristea nahikatzen ez dutenak, eta anbizionearen faltan, ez dituzte gura lehen egonlekuak. Beraz, ahalik eta justuena sartzen dira paradisuan, askiesten dutenez han egotearekin: beren helburua delarik lipar ñimiñoena baino areago ez egitea. Lortu baino Zerua lapurtzen duten jendeak dira, eta jainkoari esaten diotenak: «Jauna, derrigorrezko baldintzak bete ditut; ezin ahantzi dituzu zure aginduak: eskatu didazuna baino gehiago egin ez dudanez, libre uzten zaitut promes egindakoa besterik ez emateko.» Beraz, Jauna, jende beharrezkoak gara. Baina ez da hau dena; beste gauza oraindik hobea ikusiko duzu. Ekintzak berez ez du krimena egiten, honen ezagutza duenak eta egiten duenak baizik: gaiztakeriaren bat burutzen duenak, hala ez dela pentsatzen duen bitartean kontzientzia lasai dauka; eta, ekintza dudazko anitz denez gero, kasuista batek eman diezaieke ez duten ontasun gradua onak direla adieraziz; eta, konbentziaraziz pozoinik ez duela ekintza batek, zezakeena kentzen dio. Zahartu naizen ofizio honen sekretua ematen dizut: eta bertako sotiltasun guztiak argitzen; gauza guztiek dute beren beste aieka, gutxien dutela diruditenak ere. — Ene Aita, esan nion, hori benetan edema da; baina nola moldatzen zara Zeruarekin? Sophik bere gortean balu bere ustez zu zure Jainkoaren kontra bezala arituko litzatekeenik, diferentziak seinalatuko lituzkeena beren aginduetan, eta beren pekoei erakutsiko liekeena noiz bete eta noiz bortxatu, berehala paldoan sarraraziko luke.» Nire derbitxea agurtu nuen eta erantzunik itxaron gabe alde egin nuen.
Parisen,
1714ko Maharram-en ilargiaren 23an.
© Montesquieu
© itzulpenarena: Patri Urkizu