LVI GUTUNA
USBEK-ek SMYRNE-n dagoen IBBEN-i
Jokoa arrunt modan dago Europan: eta jokalari izatea ofizio bat da. Titulu honek bakarrik jaiotza, ontasunak, eta zuzentasuna ordezkatzen ditu; azterketarik gabe ofizio hori daukan gizon oro jende ohoredunen mailara igotzen da, denek dakiten arren horrela jokatuz maiz oker ari direla, baina ez aldatzeko ituna egina dute.
Andereak batik bat oso atxikiak zaizkio. Egia da ere beren gaztetasunean ez direla hartaratuak, ez bada beste pasio maitagarriago bat laguntzeko; baina zenbat eta zaharrago, orduan eta jokorako pasioa gazteago, eta azken finean pasio honek betetzen ditu beste guztien hutsunea.
Beren senarrak bankarrotan uztea dute helburutzat, eta horretara iristeko, badute adin bakoitzean mediorik, gaztetasunaren lilitik hasi eta zahartzarorik ihartueneraino: xahutzen hasten dira jantzi eta hornimenduetan, apaingurarekin xahuketa handitzen doa; eta jokoarekin bukatzen.
Maiz ikusi izan ditut bederatzi edo hamar emakume, edo hobe esan, bederatzi edo hamar mende mahai baten inguruan; beren itxaropenekin, beren beldurrekin, beren bozkarioekin, eta batez ere beren haserrealdiekin. Inoiz baretzeko astirik ez daukatela, eta etsimendua baino lehenago utzi behar zituela biziak, esango zenuke zuk; dudatan egongo zinateke jakin gabe ordaintzen dituztenak beren hartzedunak ala uztedunak diren.
Badirudi gure Profeta sainduak kontutan hartu izan duela gure arrazoina nahas dezakeen orotaz galaraztea: ehorzten duen ardoa debekatu digu; agindu berezi batez galarazten dizkigu menturazko jokoak; eta ezina izan zaionean pasioen zioa kentzea, apaldu egin ditu. Amodioak, gure artean, ez du sortzen nahasmendurik, ez zoramenik; pasio ezti bat da arima kalman uzten duena: andere ugaritasunak beren agintetik libratzen gaitu; eta gure grinen indarra du tenplatzen.
Parisen,
1714ko Zilhagé-ren ilargiaren 18an.
© Montesquieu
© itzulpenarena: Patri Urkizu