LV GUTUNA
RICA-k SMYRNE-n dagoen IBBEN-i
Europako herrietan ezkontzako lehen ordu laurdenak oztopo guztiak menderatzen ditu: azken faboreek beti ezkontza bedeinkazionearen data bera daramate; andereek ez dute egiten batzuetan hilabete osoak gunea eztabaidatzen gure persiarrak iragaiten duten bezala; ez dago hain gauza osorik: ez badute ezer galtzen, ez dutelako galtzeko da; baina beti jakiten da, oi gauza higuingarria! beren erorketaren unea, eta izarrei galdetu gabe iragarri daiteke zehaztasun osoz beren haurren jaiotordua.
Frantsesek ez dute ia inoiz beren emazteez hitz egiten: beraiek baino hobeto ezagutzen dituztenen aurrean hitz egiteko beldur baitira.
Heien artean badira inork kontsolatzen ez dituen gizon benetan dohakabeak: senar jeloskorrak dituzu. Halaber, badira ere denek mespretxatzen dituztenak: hauek senar jeloskorrak dituzu ere.
Areago, ez da herrialderik Frantsesen artean baino gutxiago denik. Beren lasaitasuna, ordea, ez da oinarritzen beren emazteengan duten konfiantzan; alderantziz baizik, alegia, heiez daukaten iritzi ezkorrean. Asiarren zuhurtasun guztiak, estaltzen dituzten begitarte-oihalak, giltzapetzen dituzten presondegiak, eunukoen zaindaritza egokiago iruditzen zaie andereen antzea pizteko desanimatzeko baino. Hemen senarrek amore ematen dute eta fidelitate ezak fatu gaitzaren kolpeak bezala hartzen dituzte. Bere emaztea beretzat bakarrik gorde nahiko lukeen senarra, alaitasun publikoaren etsaitzat eta beste gizonengandik aparte Eguzkiaren argiaz gozatu nahiko lukeen zentzugabetzat joko litzateke.
Beste batez onetsia izan dadin aski meriturik ez duelako maite du hemen bere emaztea gizonak; Legearen indarraz baliatzen dena, eskas dituen dohainak ordezkatzeko izaten ohi da; gizarte oso baten kalterako hartaz zerbitzatzen dena; aginduz soilik emana zeukana bereganatzen duena, eta andere-gizonen arteko harremanen zoriona egiten duen itun isila iraultzen ari dena. Hainbesteineko arretaz Asian gordetzen den andere eder baten senar titulua hemen kezkarik gabe eramaten da: orotaz liberti daiteke. Plaza baten galaraz beste bat irabaziz kontsolatzen da printzea. Bagdat Turkiarrak harrapatu zigun garaian ez al genion guk kendu Mogolari Candahor-ko gaztelua?
Emazteak engainatzen duen gizona ez dago batere gaizki ikusia, gehienetan; alderantziz, duen zuhurtasuna laudorioztatzen da: kasu bereziak soilik baitira desohoragarri.
Horrek ez du esan nahi, andere bertutetsurik ez denik, eta esan daiteke, gainera oso estimatuak direla: nire gidariak beti seinalatzen zizkidan. Baina denak hain ziren itsusi, non saindua behar zen izan bertutea ez higuintzeko.
Kontatu dizudanarekin herrialde honen ohiturez, aski erraz irudika dezakezu Frantsesek ez dutela beren buruak batere iraunkor jotzen. Uste dute, hainbat irrigarri direla emazte bati aitortzen diotenean amodioa betirako, zenbat haren aldetik beti maitatuak izanen direla itxarotean, eta hark hitza jaten badu, beraiek emandakoaz aske direla baitute kontsideratzen.
Parisen,
1714ko Zilcadé-ren ilargiaren 7an.
© Montesquieu
© itzulpenarena: Patri Urkizu